LIBURU AURRERAPENA

Eraikuntzarako materiala

Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere lehen nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

LANDER GARRO.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2018ko abenduaren 5a

Aitaren aldamenean nago, iktus unitateko gela berezi batean. Banaka baino ezin gara sartu. Inoiz ez zaizkio jendetzak gustatu, ez zaio inporta izango. Eta guri ere ez. Seguru asko aitari gauzak esateko modu bakarra biok bakarka egotea da, bera korderik gabe, ni beldurtuta. Iritsi naizenean izeba Lourdes eta ama zeuden. Salbuespen gisa hiruroi batera sartzen utzi digute gelara. Gure artean ez da maitasun keinu txikienik egon, ez muxu, ez besarkada, ez igurtzi. Esaldi funtzionalak baino ez: zer izango ote da, gaur sofan egin du lo bizkarreko minez zegoelako, goizean normal gosaldu du, hamaiketan irten da bulegotik, tailerrekoak deitu du, ez zuen anbulantziara igo nahi.

Medikuak isuria izan dela eta datozen orduak erabakigarriak izango direla esan digunean isilik gelditu gara. Ez negar, ez esku dardartirik, ez mele, isilik. Galdera tekniko bat:

— «Datozen orduak» diozunean, zer esan nahi duzu? Bi ordu? 24 ordu? 48?

Ez dugu enbarazu egin nahi, isiltasuna zartatzeko egindako galdera zozoa.

— Datozenak. Odol-jarioa etetea da kontua. Baina daukan arazo hepatikoarekin —hizkuntzaren ekonomia zer den, hogeita hamar urte baino gehiago bi hitzetara plegatuta—, konplikatu egiten da bestela ere larria litzatekeena, plaketa gutxi ditu eta. Jarri egingo dizkiogu, baina barea... Ea gorputzak nola erantzuten duen.

Harriek hotsa ateratzen dute basamortuan.

Heriotza zalapartaka ari da.

— Azken gauza bat: unitate honetako arauak bereziak dira: lasai utzi behar zaio, banaka baino ezin da sartu.

Horrela hobe, kalte egiten diogu eta elkarri, kalte taldeari eta norberari familiako bi kide baino gehiago juntatuz gero, hain da gure idatzi gabeko familia-konstituzioa drakoniarra afektuei dagokien atalean.

18.2. artikulua: Ez da jendaurrean negar egingo heriotza bat ez bada tarteko. Kasu horretan:

a. Drenaje emozionalerako bide gisa erabiliko da.

b. Negar egitea inpaktua eragin duen egoeraren hastapenera mugatuko da eta inolaz ere ez da denboran luzatuko.

18.3. artikulua: Ez da saminarekin salerosian jardungo.

a. Ez da saminaren ondorioz gerta daitezkeen prozesu fisiologikoen exhibiziorik onartuko.

b. Samina ez da xantaiarako gai izango. Xantaia egitea bezain arbuiagarria izango da samina iturri duen xantaiara makurtzea.

18.4. artikulua: Salbuespen egoerak:

a. Fikzio baten ondorioz negar egitea eskubide bat da, betiere fikzioa amaitu bezain pronto konpostura berreskuratuko bada.

b. Maitasun, hunkidura, xamurtasun, enpatia adierazpen oro debekatuta dago. Animaliekiko eta sei urtez azpiko haurrekiko harremanak debeku honetatik salbuetsita daude.

Intimitatea da legea ondoriorik gabe urratzeko esparru bakarra.

Bakarrik gelditu gara aita eta biok. Goizeko hamarrak dira, eta lipar batez inkonstituzionala den zerbait egin dut: ilea laztandu diot, beso bat ukitu diot. Leunak ditu ilea eta biloa.

Ez nuen inoiz hain gertutik ikusi.

Kuriosoa da: amak eta izebak ez dute odol bera eta hala ere konstituzio beraren gainean egin zuten zin denboran oso atzera; nire ama eta nire izebaren arteko lotura nire aita den arren, bataren senarra eta bestearen anaia, bera da konstituzio horren gainean esku osoa jarri ez duen bakarra. Ez dakit esaten nor den bertako eta nor den bertakotzeko balore, eskubide eta erantzukizun horien arabera bizitzeko men egin duen atzerritarra.

Abenduak 6, Espainiako Konstituzioaren eguna

«Ezin dut neure burua ulertarazi», ulertu diogun eguneko esaldi bakarra, gero «barbarbar txokolate barbarbar txokolate».

2018ko abenduaren 7a

Hizketan hasi da. Besoa ere mugitzen du.

Gorputz atal guztiak mugitzen ditu. Buruko min handia du. Ospitaleko gela honetan beharrean beste leku batean egon dela dirudi. Beste leku batetik esnatu dela. Pozik nago.

Autoan sartuta aurkitu zutela esan dit, arbola baten kontra, Oiartzundik Errenteriara bidean, tailerrean konponketa bat ordaintzetik zetorrela eta ziztuan eraman zutela ospitalera.

2018ko abenduaren 8a

Jaten eman diot. Purea lehendabizi, jogurta gero. Jaten eman diot seme-alabei sekula jaten eman ez diedan debozioarekin.

Garbi-garbi utzi dugu platera.

Amak mesanotxean utzi dizkion oihalezko mukizapietako bat hartu dut, Loewe flaskoaren ondoan daude. Mutur batekin ezpain ertzak garbitu dizkiot, leun, gozo, bukatu nahi ez den koadro bati azken ukituak emanez bezala.

Eskuak ipini dizkiot aurpegiaren alde banatan.

— Dena jan duzu.

Esan diot.

— Goseak zinen.

Esan diot.

— Ongi jarriko zara.

Esan diot.

Begietara begira hitz egin diot, bizitza honetan lehen aldiz. Ez dakit esaten dudana guztiz ulertzen duen baina begiradari eutsi dio.

Lotsa ematen dit aitari buruz idazteak.

Baxenabartar-lapurtar tradizioan beldurrari lotsa esaten zaio. Mexikon eta Kolonbian lotsari pena. Ingelesez, espainolez eta frantsesez enbarazu hitzarekin senidetuta dago lotsa, baina euskaraz enbarazu-k estorbu, eragozpen edo arazo esan nahi du. Enbarazu hitzak asturierazko edo portugalerazko embaraçar-en omen du ahaiderik zaharrena eta soka adierazteko erabiltzen zen. Gerora, haurdundu esan nahi izan du portugaleraz, asturieraz eta gazteleraz. Bete edo kargatu ere esaten zaio euskaraz horri.

Ez dut sinonimoetan sinesten. Ez dut itzulpenetan sinesten.

Isiltasuna antzeztu behar dut hitzek zentzuren bat izan dezaten eta, hala ere, isiltasun sinesgarrienak ez du zentzua segurtatzen.

Agian dena da hizkuntza arazo bat. Hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.