LIBURU AURRERAPENA

Hezurren erretura —Miramar—

Oroitzapenetan —eskola egunetan, familia giroan, jolasetan...— bilatu ditu Miren Agur Meaberen (Lekeitio, Bizkaia, 1962) 'Hezurren erretura' narrazio bildumako protagonistak bere nortasunaren lorratzak. Horko 21 kontakizunetako baten pasartea da honako hau.

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Arratoiak zabal ibili dira neguan hemen. Azkura hasi zait triskantza ikustearekin batera: zeramikazko ontziak birrinduta daude lurrean eta ahozapiak konfeti eginda. Gorozkiak nonahi, garau odoltsuak.

— Gatza jan dutelako edo —esan dit semeak—. Gatzontzia hutsik dago.

Irratiaren kablea, poxpoloak, udako ilundietan kanpoko mahaian pizten ditugun kandela usaingozoak, aluminio-papera, harrapatu duten guztia lauskitu dute. Lastozko otzara ere behegainean dago, iraulkatuta. Ostikadatxoa jo diot piztiaren batek barrutik irtenda oinak igurtziko ote dizkidan ikaraz.

— Orain ez daude, ama, gauez ateratzen dira. Lehengo batean zirri-zarra handia izan zen... Nondik sartu ote dira. Arratoien gorputzak kea legez malgutzen dira jatekoaren usainera.

— Hondakinen bat utziko zenuten azken meriendan eta. Erratza pasatu ere ez duzue egiten —egin diot semeari eztenkada.

— Katu bat ekarri behar genuke —erantzun dit berak, ezentzunarena eginez.

Hauts umela dago, zarratu usaina. Armiarma-sareak, zapata-kordelak bezain lodi, ugari dira hagetan. Tximiniatik askatutako adreilu-brintzek kobre aireko geruza batez estali dute dena.

— Toki hau ezin da itxita eduki. Denon artean zaintzen ez badugu, saldu egin beharko dut.

Denon artean zaindu. Nor gara denok. Kexak txirikordatzen jarraitu dut.

— Gastuak baino ez dizkit ematen: zergak, argia eta ura, eta urteroko konponketak erdi ganoraz edukitzeko. Ikusi hormak, berriro puztuta.

Kresalak sortzen dizkio zartadurak, igeltseroek, antzina, hondarrarekin nahasten zutelako porlana.

— Kontuz eskaileran. Maila bat hondoratu da eta iltzeak geratu dira agerian.

Lehenago, bestetara izaten zen hona etortzea; orain, natorren guztian, arrasteluari eragin behar izaten diot. Orain ez dut lerrorik idazten hemen. Baratzean idaztea, lehenagoko kontua da hori.

— Ama, ez sartu komunean.

— Zer ba?

Alboratu egin da komunontzia erakusteko. Arratoitzar bat dago zuloan itota.

— Egarri izango zen —dio semeak barrezka—. Ekarri zer edo zer ateratzeko, egur bat, edo hobeto, txabolako pala.

— Ez, kendu, neuk egingo dut.

Gomazko eskularruak jantzi, eta buztanetik oratu diot arratoiari, baina labain egin eta jausi egin zait. Puxika koipetsu baten hotsa egin du baldosen kontra. Berriz heldu diot, oraingoan lepotik, katakumea balitz bezala. Hilabeteetan erreturaren zain dagoen metara jaurti dut. Muki jarioka nago, okadaka.

Semeak alde egin du kalera jotzen duen bidezidorretik.

Soroa zenari begira geratu naiz, belarretan islatzen diren argiuneei. Torratxorien jan-potoa sagarrondotik jausi da orbel artera, haizeteren batek botata. Badirudi esaten ari zaidala nahia eta ekina eskutik joan ezean eguneroko bizimoduaren sasitzak edozein eder-gura itotzen duela.

Tupustean bafada bat sentitu dut, konpainia baten bolada: ama marrubiak batzen iloba bakarrarentzat; osaba aitabitxi, bere keinu mantso eta berba urriekin, loreak landatzen; aita aizkoraz jotzen madariondo iharra, mahats-parra antzutua, kareorezko horman loditutako huntz tematia, palmondoaren adar kankailuak.

Hiru irudiok lanbro antzekoak dira martxoko zeru zikinaren azpian. Nire buruan —tenpluetako kupuletan formak eta hotsak zurrunbiltzen diren moduan— nahaspildu egin dira etxeko zaharren ahotsak, haientzat oinarrizkoak ziren berbak: uralita, perrexila, familia, egin, botxia, ilarrak, sugandilak, lagundu, geranioak, aitzurkulu, haziak, batu, ura, denona, loretan, eman. Iraganetik erauzi nahi nituzke, baina iragana oraezina da eta oroimenak baldarki arpilatzen du, atzazal iruzurtiekin harramazka eginez.

Haizea erara dagoenean etorri beharko dugu erretura egitera. Belarrak, sasiak eta bestelako lohiak erreko ditugu, itsatsita daukaten lur eta guzti, ondoren errautsak lore artera eta fruta-arbolen orpoetan sakabanatzeko.

Atea itxi dut. Lursailaren izena etxetxoaren atondoan ageri da, azulejuz osatua: Miramar.

Miramar asko dago egon: jauregia Donostian, nire lagun baten bizilekua Valentzian, jatetxe bat Artxandan eta dantzatoki bat Habanan, gaztelua Triesten, Naguib Mahfuzen nobelako ostatua Alexandrian, eta hondartzak eta hiriak. Izenkideak denak; nire bazterra, hauxe. Hemen dirau. Hala ere, sentipena daukat gero eta gutxiago naizela toki honetakoa.

Amesgaiztoa izan dut.

Ohepean arratoi mordoa neukan txilioka, izaretatik igo nahian: buztanak sare eginda zeuzkaten substantzia itsaskor batez, eta koltxoiaren azpian kurubilkaturik, oholari hazka eta hazka ari ziren, lehian.

Victor Hugoren Arratoien dorrea ipuinean, herri xeheak, arratoi aldra bihurtuta, Hatto artzapezpikua akabatzen du. Kasu horretan, arestian egindako krimenen ordainezko mendekua dira arratoiak; nirean, desosegua. Gorroto ditut: zabortegian ibiltzen ginen garaian, gaztetxotan, gotorlekuan hazten genituen usoak tragatzen zizkiguten.

Arrantzaleek esaten dutenez, baporeetan nahizu-nahizu egoten ziren. Bati entzun nion txo izandako sasoian kamainan etzanda zegoela paparrean pisua sumatuta itzartu zela, eta begiak ireki orduko arratoi batek haginka egin ziola aurpegian. Total gaixotu eta txizarekin odola iraizten hasi zelako lehorreratzeko agindua eman behar izan zuen patroiak.

Elisha Kent Kane Advance belaontziko zirujauaren memorien arabera, Artikoko izotzetan harrapatuta geratu zirelarik, mehatxu larria bihurtu zitzaizkien arratoiak. Eskifaiak sua piztu zuen sentinan, ke artean itotzekotan, baina gutxi batzuk baino ez ziren hil. Kumaldia kumaldiaren atzean, marinelak bezain goseturik zeuden. Kapitainak agindu zuen barkuko txakurrik braboena sotoan askatzeko, ezertarako ez: arratoiek di-da batean jan zizkioten hankazpiak. Belarriak tapatu behar izan omen zituzten intziriak ez entzuteko. Azkenean, tostartekoek azeri bat ehizatu, eta hark bai, garbitu zituen karraskari grinatsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.