LIBURU AURRERAPENA

Egurra eta soka

Pedro Iturriak obsesio bat dauka: ipuin itxurako testuak idazten ditu. Soro eta Erroman idazlearen bila dabiltza, Europa osoan zehar. Bilaketa horren bitartez, Unai Elorriaga literaturari, adiskidetasunari eta zahartzaroari buruz mintzo da nobela berrian.

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Neba-arrebak inoiz ez dira urkatuak ikustera joan. Badakite jende asko biltzen dela urkatuak daudenean, ikuskizun handia dela, leku guztietako merkatariak hurbiltzen direla, diru eta pertsona asko mugitzen dituela. Inoiz urkamendia bera ikustera heldu dira, exekuzioa eta egun batzuetara, ez baitute egurra egun batzuk geroagora arte kentzen. Urkatuak ordu batzuk baino ez dituzte zintzilik uzten, biharamunera arte asko jota, baina urkamendia bera, egurra, zenbait egunez uzten dute dagoen moduan.

Ezagutzen duten gizon bat urkatuko dute iluntzean, horregatik erabaki dute neba-arrebek joatea. Nebak eskatu zion arrebari, biek ezagutzen zutelako gizona... Ondoko etxean bizi izan zen umetan, makina bat ordu egin zuten elkarrekin, jolasean, animaliekin, baina mutilak hamalau urte zituela alde egin zuen familiak. Horregatik harritu zen arreba, umetatik ez zuen gizon hura ikusi, auskalo zer izango zen orain, nolakoa, urkatu egingo zuten, jainkoarren. Konbentzitu egin zuen nebak azkenean... Oinez egingo dute bidea baserritik, hamalau kilometro baino ez dago. Inoiz ez dute elkarrekin horren bide luzerik egin.

Lehen zatia, hiruzpalau kilometro, kosta partetik egingo dute, ekialderantz, baina momentu jakin batean mendi aldera sartu beharko dute. Arrebak zorro txiki bat darama, arropa gehiagorekin, jatekoarekin; nebak oinetako batzuk baino ez, euritarako, lepo inguruan lotuta. Izan ere, goizetik dago zerua pisu, kargarekin, argia ilun. Oraindik ez du tantarik bota, baina neba-arrebak gora begira doaz. Haizeari ere erreparatzen dio arrebak, hezeari; etxeko abereen azaletan ere igartzen da hori. Bidea luzea da euritan egiteko.

Bidearen lehenengo zatia ezaguna da, askotan egin dute, abereekin, aitarekin herrira... Harri bakoitza ezagutzen dute, zuhaitz bakoitza. Bakarrik ere egiten dute hamasei urte egin zituztenetik: herriraino joaten ziren, medikuaren etxeraino, badira urte batzuk...

Herrira heldu baino apur bat lehenago aitortu dio nebak gaur urkatuko duten gizona gehiagotan ikusi duela berak, familiak ondoko etxetik alde egin ostean ere harekin egon dela, hiru aldiz, lau, eta kontatu izan diola zertan dabilen... Egunen batean urkatu egingo zutela ere kontatu izan dio, harrapatzen bazuten. Gauza da mundu guztia harrapatzen dutela, horretan dabiltzan guztiak harrapatzen dituztela, ez duela inork urte asko egiten... Horregatik nahi du gaur urkatuko duten gizona ikusi, bizirik azken aldiz, nola urkatuko duten, nolakoa den soka, hori guztia ikusi nahi du.

Urrunetik hiru gizon ikusi dituzte euren bide berean, kontrako noranzkoan. Distantzia horretan arropak egin zaizkie arraro neba-arrebei, ez dirudite ingurukoak, ilea ere oso beltza dute. Hurreratu ahala, ohartu dira azala beltzaranagoa dutela, begitarte iluna. Arrebak zimikoa sentitu du sabelean, beldurra izatera heldu ez dena, neba ondoan daukalako.

Neba-arreben parera heldu direnean, gelditu egin dira hiru gizonak. Ahotsa loratuz agurtu dituzte, adeitsu ere esango luke arrebak, eta Galiziara doazela esan die batek, oso erromantze berezian, Santuaren hilobia ikustera.

— Esango diguzue, gizona, emakumea: bide egokia al da hau?

— Bai.

Erantzun dio nebak behar baino arinago. Galizia oso urrun egiten zaio, oinez, baina handik behar du, mendebaldera. Zuzen begiratzen dio gizonari, beste zerbait galdetuko ote dion. Azentuari ez dio oraindik antzeman... Arreba ere hari begira dago, lasaiago orain: adina ez daukate gizonek min ematekoa, gorpuzkera ere ez, nebaren aldean ezer gutxi. Berriro hitz egin du gizonak:

— Hemen ingurukoak zarete?

— Bai. Zuek?

— Armeniarrak.

Elkarri begiratu diote neba-arrebek. Armenia non dagoen, zer den, ez zuten esaten asmatuko, begiratuan igarri zaie. Arrebak ez du armeniarrik ezagutzen, behin edo behin entzun du izena, gutxitan... Jakin-mina piztu zaio beldurra erabat joan zaionean. Galdetu egin die:

— Eta handik zatozte orain?

— Ez: Zipretik.

Beste izen arrotz bat, lekutakoa. Arrebak gauza gehiago galdetu nahiko lizkieke, eurekin hizketan egon, tarte batez behintzat, baina ez daki zer esan, zer galdetu, nondik jo. Kanpotarrak mugitzen hasi dira gainera, hitzik esan ez duten biak batez ere, bide bazterretik, aurrera egin nahi balute bezala. Horregatik hartu dute ezustekoa gizonak berriro hitz egin dienean:

— Eta zuek, gizona, emakumea, nora zoazte?

— Urkatuak ikustera.

Erantzun du nebak lehen bezain arin. Kanpotarrak harritu dira orain, elkarri begiratu, hitz egiten ez duenetako batek sabelera eraman du eskua, min itxurak egin ditu, tripak nahasita dituela ematen du.

— Pertsonak urkatzen dituzue hemen orduan?

— Guk ez dugu inor urkatzen.

Arrebak esango luke erantzunaren zakarrarekin apur bat atzera egin duela kanpotarrak. Burua makurtu du orduan, agur moduko bat entseatu, gizona, emakumea, bere hizkera berezian, eta gurutzearen seinalea egin du airean eskuaz. Eskerrak eman die gero bidea erakusteagatik eta barkamena eskatu, traba egin badiete. Nebak esan du ez dela trabarik eta arrebak zorte ona opa izan die, ez zitezen eurengandik haserre aldendu.

Kanpotarrak bistatik desagertu arte atzera begira joan da neba, badaezpada ere. Zerbait ikusi dio begiradan armeniar bati, hitz egin ez duenetako bati. Hala azaldu dio arrebari, ez zaiola fidatzekoa iruditu; arreba ez dago ados.

Tanta batzuk bota ditu orduan, baina segundo eskasetan atertu du, ilea bustitzera ere ez dira heldu. Neba-arrebek lasaiago hartu dute arnasa.

Kosta uzteko puntua heldu da halako batean, mendi aldera sartzekoa. Lehen metroak izan dira gogorrenak, ohitu egin zaie arnasa gero, hankak ere bai. Euri giroa den arren, sargori puntua ere bada sasiak haizea eteten duenean, izerdian nabaritu dute.

Ehun bat metro aurrerago, soilune batean, zuhaitz maskal batzuen ondoan, lagun talde bat ikusi dute, eserita; ematen du bazkaltzen ari direla. Bost direla iruditu zaio arrebari eta hurreratu ahala egiaztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.