LIBURU AURRERAPENA

Bertsoaren harria

Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) literatur genero asko landu ditu bere idazle ibilbide oparoan. Historia, bertsoak, gogoeta eta fikzioa josi ditu 'Bertsoaren harria' lan berrian ere. Datorren astean aurkeztuko du; liburu horren pasarte sorta bat da hau.

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
DAGOENARI BURUZ

Gure aita zena zertxobait aritzen zen, puntu bati eta horrela botatzen zion. Gogoratzen naiz hiltzekotan zegoela, badakizu, tronbosia edo hori eman zion eta uste zuen basoan zebilela...

Udaberria pasatu zan len, heldu gera azkenera,
bizimodua nolakoa dan pentsatutzeko hobe da.
Hosto maitea, orain bitarte hor goiean egon zera,
baina azkena iritsi zaizu eta bazatoz lurrera.

Nik esaten nion «Aita, ohean zaude eta nola egongo zera ba basoan, ez al dezu ikusten komoda hor dagoela?». Eta berak «Bai, baina komoda ere eramandako tokian egoten dek». Horretatik tiraka galdetu nezake nondik ekarri duten mundu hau gure gizartera, entenitzen duzu?

BERTSOAREN HARRIA 1

Xalbadorrek izugarri sufritzen zuen bertsoa botatzen. Hark bezain bertso onak botatzea, egia esan, ez da oso erraza. Txarragoak ere ez, seguru asko. Sekulako arriskuak hartzen zituen.

IRUDI FALTSUA

Mozkor guztiak ez dira bertsolariak, baina mozkortutako guztiak bertsotan aritu bai. Uste okerra, bertsoa edanaren fruitua delako hori. Tabernikolak ginela ere esaten zuten jauntxo batzuek. Egia izan balitz, zurrutak galduko zituen Txirrita, Udarregi eta Pello Errota. Baina ondo zahartuta ere bertso bikainak botatzen zituzten, ez duzu uste?

Atxurrak duen esankizuna ez da biziro laburra,
danak esango ez ditudala badaukat nahiko beldurra.
Zu zeralako lehenao lantzen zan gure soroetan lurra,
belar txar hoiek kentzeko benik indartu zaitez, atxurra.

Ikusten duzun bezala, Orixeren liburu guztiak dauzkat etxean. Baita umeentzako atera zuen Mamutxak izenekoa ere, bere apaingarri politekin. Hementxe daukat zuri gauzak esplikatzeko. Txirritaz ari da. Bertsolariaz ez, gizona! Ez dizut esan ba Mamutxak duela titulua?

«Neguan isilik egoten da. Txingurriak ere ez du orduan lanik egiten. Beraz, ez da hura baino alferragoa. Egiten du lanik aski, gaixoak. Jaten ez badu, edaria, bederen, ez al du merezi musika horren saritzat? Gure bertsolariek ere argialdi handiagoa dute, noizean behin zurrut eginez».

Zu ez zara elizan askotan sartuko noski, eta esplikatuko dizut, ni umetan asko joandakoa naiz eta. Meza ematen duenean, apaizak ebanjelioa irakurtzen du aurrena, gero sermoia ematen du, eta sermoi txar bat egin ondoren ardoa edaten du urrezko kopa batetik, ardo hura Jesukristoren odolaren sinboloa delako. Entenitzen duzu, ezta? Ba ardoa sermoia eman aurretik edango balute, ez lituzkete hain sermoi txarrak egingo, eta orduan maizago azalduko nintzateke elizan.

MATXINOAK

Beti bezala elkarri barre egiteko gai bat ipini ziguten.

— Hauek uste ditek beti txilibituen moduan gabiltzala…

Aldamenean baineukan Mattin, biok elkarri zirtoka aritu beharrekoak.

— Orain beste aldera egin behar diagu!

Mattin ta ni juntatzean elkarren ondora
beti txiki kontua dakarte gogora,
baina laguntza eske ez joan inora,
hoiek hainbeste gera bekokitik gora.

Publikoarentzat frakasoa bezala izan zen, baina on askoa atera zen saioa bertsoen kalitatean. Zer uste zuten kankailu horiek?

DIKTADURA

Gure saioetara erdi gordean azaltzen ziren txibatoekin nahikoa ez eta bertso grabatzen hasi ziren gure zaletu batzuk, tramankulua piztuta. Nire onetik ateratzen ninduen txistima horrek. Uxatu egin behar genituela erabaki genuen bertsolariok. Handik aurrera kosta egin zitzaien jakitea gu nondik nora genbiltzan, aldrebesko tokia esaten genien bertsolapur amorragarri haiei. Manuel Lasartek ere ez zuen maite traste hura, hesteak bihurritzen zitzaizkion.

Aparatu hau gorrotatu nun oso gaztea nitzala,
hau sortu zunak merezi luke pixka bateko itzala.
Ta ikusten det katxarro hauekin oso gaizki dabiltzala,
gure bertsoak lapurtzen hemen fraile gaiztoak bezela.

Haiek ez azaltzea denontzat mesede, orduantxe entzungo zituen jendeak bertsorik onenak. Zuk uste duzu egin litekeela bertsotan konfesionarioan belauniko jarrita? Gu kantari eta zinta hura bueltaka dena jasotzen…

Magnetofona edo zinta hau zegok bizkor eta iaio,
esandakoa beti-betiko gogoan gelditzen zaio
eta Donostin izan berri dek, adiskide, hire tokaio…
Galizi edo Madrila eraman gustatzen baldin bazaio.

Hau ere esplikatu beharra! Zuk ez al dakizu Franki izeneko baserrian jaio zela Lasarte? Horregatik esan nion Franco zuela tokaio. Eta haren buelta…

Urtean behingo bisita egin ohi digu geure herrira
eta orduan aldatu ohi da negutik udaberrira.
Denbora asko ez du pasatzen bertsolariei begira,
nere iritziz, nahiago luke hark, denak hilko balira.

Eta gertatu zen gertatu beharrekoa gure bertsoak jasotzen zituzten zinta amorragarri haiekin. Bizkaiko herri batean Mattin, Xalbador, Uztapide eta laurok jardun genuen bertsotan bertara joan behar izan gabe, udaletxeko leihotik. Entenitzen duzu, ezta? Horixe, guri paga kentzen magnetofonoa martxan!

TRISTURA

Nik ez dakit penak gordetzen, tristatu egiten naute. Mattin alaia zen mikrofonoetatik urrun ere, eta ez zen nekatzen barre eragiten.

Bulto txikia daduka baina hain da gizon atsegina,
bere lagunez bihotz barrendik egiten du ahalegina;
gizon bezela aingerua da, txoria balitz pinpina,
pozak kantatzen dakina eta penak gordetzen dakina.

Ni tristurak negarretara jartzen ninduen gehienbat, baina batzuetan haserrea ekartzen zidan, eta haserreak erresumina. Botika gogorrak behar izaten nituen tristuraren kontra.

IKUSPUNTUA

Orain dela bi mende inguru Villabonan lau mila bertsozale juntatu zirenekoa ere ez da makala.

Hirurehun eta hirurogeita bost egun dirala uste,
ta zazpinaka hoiek jarrita berrogeita hamabi aste:
atzo goizean ginan eskolan, heranegun mutil gazte,
asko ohartu baino lehenago urteak badihoazte.

Nork esan behar zidan niri hiru hilabete egingo nituela erregimenik zorrotzenean ardorik eta zartaginekorik probatu gabe!

MUNDUA ETA BIOK

Askotan edozein gauzagatik negarrez egongo naiz, eta gustura. Hitzez ezin esana adierazten du negarrak.

Eskolarikan ez genduen ta bi anai ere hil zian,
baserrian ta lan egiteko inor ez zegon etxian.
Neke azpian ibilia naiz gazte denbora guzian,
zenbait bezela ez naiz egona Jaungoikoaren grazian.

Bertsolaria izan ez banintz, zertarako beharko ote ninduen munduak ni?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.