LIBURU AURRERAPENA

Argiantza

1982ko iraila da, eta ikuskatze lanetan murgildu da Ramon Beitia, hainbat zinema areto ardurapean dituen kudeatzailea. Irabaziak beheraka ari dira. Horixe Pello Lizarralderen 'Argiantza' nobelaren sinopsiaren laburpen bat, eta hemen nobelaren aurrerapen bat:

ITURRI.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Atarira irten orduko akomodadoreari zipriztin gaziz bete zitzaion aurpegia. Istantean eskua senez jaso zuen kopeta eta betazalak lehortzeko. Gero itsas pasealekuko petrilaren gainetik ageri zen zerumugako zerrenda gorrixkan iltzatu zituen begiak. Ez zuen zirkinik egin harik eta olatuak petrila bustitzen hasi arte.Orduan begiak kliskatu eta besoak hazta eginda ezker aldera jiratu zen.

Handik ehunen bat metrora proiekzionistaren itzala bereizi zuen txaleten pareko espaloian aurrera zihoala. Ate gaineko neoi argiak gorputzaren alde bat urdintzen zion akomodadoreari. Atlantic Zinema zioen errotuluak, eta c letrak ñir-ñir egiten zuen. Argi margul hark ozta-ozta tindatzen zituen atariko lauzak, eta txarteldegiaren alde batean zegoen bitrinan islatzen zen. Bitrina barrenean bi afixa. Ezkerrekoan, lurreratu nahian zebilen abioi korapilatu baten karikatura ageri zen, eta pistaren gainean filmaren izenburua: Airplane. Eskuinekoa, emakume baten aurpegiak eta bere aingeruzko ile horiak betetzen zuten ia osorik. Xanadu zegoen idatzita bere buru gainean.

Zinema aretoko atartean sartu bezala akomodadoreak eskuin jo zuen, aldi berean aldagela eta biltegi zen gelaraino, eta argi-taula ireki ostean hiru etengailu beltz jaitsi zituen. Handik irten eta ondoko eskaileratik proiekzio kabinaraino igo zen. Goiko korridore meharreko argia aski izan zitzaion ohartzeko proiekzionistak dena txukun utzia zuela. Itzalita zeuden argi guztiak, eta bobinak bi zakutan sartuta. Txarteldegiraino jaitsita erdiko kaxoi zabala ireki zuen. Sarrerekin bildutako billeteak gutun-azal batean zeuden eta txanponak plastikozko zorro batean.

Atzera biltegira itzulita, akomodadoreak bere jaka griseko sakelak husteari ekin zion. Mahai txiki batean jarri zituen aretoko eserlekuen artean aurkitutakoak: pezetako eta duroko dozena erdi bat txanpon, bi karamelu poltsa erdi beteak, sakelako orrazi bat eta giltza sorta bat. Orrazia eta giltzak metalezko armairu batean utzi eta gero laneko jaka eskegi eta korridorea zeharkatu zuen komuneraino inguratzeko. Komuneko atea ireki arren ez zen sartu, eta adia barrenekoan jarrita egon zen pixka batean. Tanta hotsa eta tanga baten jarioarena beste soinurik iritsi ez zitzaionez atartera egin zuen berriz.

Ate nagusia zabal-zabal eginik zegoen eta itsasoko haize hezearen pasak aretoko sarrerako errezelak harrotzen zituen. Akomodadorea areto ilunari begira jarri zen. Zurezko eserlekuen artetik krakateko apalak heldu zitzaizkion. Errezelak tiratu eta atea itxitakoan pasealekuan piztu berriak ziren farolen argi horia islatu zen zurezko bi orrien leihatila biribiletan.

Giltzak eskuan akomodadorea txarteldegi ondoko hormaraino hurbildu zen sarrerako argiak itzaltzera. Aterainoko tartea ilun betean eginda bi giltza bereizi eta ate nagusia itxi zuen. Kanpoan, zerura begira eman zituen lehenengo pausoak. Bakan zeuden izarrak eta denbora gutxi irauten zuten begien aurrean. Txalet arteko orube hareatsu batetik kilker baten kantua goratzen zen.

1982ko irailaren 19a

Ederki asko dakit zertara etorri naizen. Alferrik hasiko naiz ez direnak asmatzen. Aitzakiak bilatzea ez litzaidake asko kostako. Esan nezake ez zitzaidala niri bururatu, zuzenean eskatu gabe ere Alfontsoren semeak estutu eta bultzatu ninduela... Horiek eta antzeko beste batzuk.

Ez da egia, ordea. Iñakik ez du ni behartzeko ez adinik ez larderiarik, ez ezer. Iritsi berria da aitak utzi ziona gobernatzera, eta ez daki ezer. Ekonomia ikasketak eginak izango ditu, baina ez du horrelako enpresa bat eramateko behar dena. Lotsa zer den ez daki, eta berehala konturatu nintzen eskrupulurik ere ez duela batere. Kontuak egiten ditu ondo, horretarako ikasi baitu.

Ni ere ez naiz makala lan horretan, eta udako balantzea eginda etorri zitzaidanean aurre egin nion pixka batean. Laster isildu behar izan nuen, haatik. Dena ederki prestatuta zekarren eta zaila zen kontra egitea. Gainera, dena errematatzeko karpeta handi bat atera zuen azken hiru urteetako kontuak erakusteko. Xehe-xehe azaldu zizkidan, eta ezin argiagoak ziren. Ez nion bukatzen utzi. Gauzak bere tokian uzteaz gain, sumatu bainuen bide batez, eta hitzerdika bazen ere, adierazi nahi zidana zela ez nuela nire lana behar bezala bete.

Ez zen egia, jakina, baina azkar ohartu nintzen ez nuela ezer egiterik kontrakoaz konbentzitzeko. Hark emaitzak alderatzen zituen, eta ez zuen besterik ikusiko. Alferrik hasiko zinen esaten gutxiago irabazteak ez zekarrela galtzea. Kurbak beheranzkoak ziren, eta kito.

Begietara begiratu nion, eta mututurik gelditzea erabaki nuen. Besoak mugitu zituen, urduri. Zerbait esatera behartu nahi nuen, eta azkenean bota zuen: zerbait egin behar da, Ramon, gauzak ezin dira horrela utzi.

Ez nion jarraitzen lagundu, ez nion bidea erraztu nahi. Zer daukagun aztertu behar genuela esan zidan, nola zeuden herrietako aretoak eta zertan zebiltzan haietako langileak.

Beste baten ahotan hura ezer ez esatea bezala zen, baina hark erakutsi zidana ikusi eta gero, erraz atera zitezkeen esan gabeak. Orduan, birritan pentsatu gabe erantzun nion neu arduratuko nintzela, uzteko niri eta handik hamarren bat egunera zer edo zer esango niola.

Konforme geratu zen, neurri batean behinik behin arinduta ematen zuen. Astelehenean hasiko nintzela esan nion, eta aste bat nahikoa nuela ikuskatze lana burutzeko. Eta hemen nago, agindu niona betetzeko prest.

Lanak ditut oraindik sinesten, ez dakit zerk eraman ninduen pauso hau ematera. Erabaki berritan sinetsita nengoen enpresakojendearen mesedetan ari nintekeela, gaztearen aldean zuzenago jokanezakeela. Orain jabetzen naiz nire harrokeria ere ez dela txikia. Ondo begiratuz gero, zertan naiz ni Iñaki hori baino hobea?

Neuregatik ari naizela hasi naiz pentsatzen. Mugitzeko beharra dut, nora ez badakit ere. Maritxu hil zenetik nik bakarrik dakit nolakoak ikusi ditudan. Bitartean lanean jarraitzeak eman dit kemena. Eta ez da erraza izan orain dela hiru urte hartu nuen erabakiari eustea. Lagunek ere lotsa galdu eta adarra jotzen didate. Eta talaka emateko orduan alaba da okerrena. Aita, oraintxe disfrutatu beharko zenuke, esaten dit ia etortzen den aldiro. Erorita ikusten nau, nonbait, eta hobe beharrez esaten didan arren, beste gauza batzuk begiratu beharko lituzke eta pentsatu zer ateratzen dudan betiko jardun honetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.