Miguel Angel Ramiro Aviles. Zuzenbidearen Filosofia irakaslea

«Birusa ez da hondamendi natural bat»

Tximino baztangaren gaineko neurriak ebatzi behar dira, Ramirezen aburuz, modu ahalik eta bidezkoenean, eta GIBaren izurrian egin ziren akatsak berriz ez egiten ahalegindu behar da.

BERRIA.
arantxa iraola
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Alcala de Henaresko Unibertsitatean (Espainia) bada klinika juridiko bat propio lege aholkua ematen diena osasun arazoak dituzten pertsonei; GIBdunen eta eri kronikoen inguruan jarduten dute, bereziki, haien eskubideen defentsan. Miguel Angel Ramiro Aviles da koordinatzailea (Madril, 1972), eta propio aztertu du tximino baztanga GIBaren inguruko ikasbideak aintzakotzat hartuta, portaera okerrak atzean uzteko.

Osasun agintariak esaten ari dira tximino baztangaren kontra egiteko bideetako bat txertoa izango dela. Zer-nolako urratsak egin behar dira txertoa era bidezkoan jartzeko?

Izurri honi aurre egiteko orduan, osasun publikoko krisi ia guztietan agertzen zaizkigun arazoak agertuko zaizkigu. Nola lortu txertoak modu bidezkoan zabaltzea? Mugatuak dira oraindik txertoak, eta nori jarri behar zaizkio? Hori da oraintxe auzirik garrantzitsuena. Afrikako hainbat tokitan endemikoa da gaitza... Askotan, gaixotasun bat endemikoa dela esaten da zerbait naturala balitz bezala, horren kontra deus egiteko erarik ez dagoela adieraziz, baina ez da horrela: birusa ez da hondamendi natural bat. Arazoa da, ordea, gu arduratzen hasi garela birusa hona heldu denean. Beti berdin gertatzen da.

Behin egoera hau delarik, zer txertaketa irizpide jarri beharko lirateke, zure iritzian?

Dudarik ez da, neurrietako batek izan behar du gaitza endemikoa den Afrikako toki horietan txertoa jartzea. Horrek ez du esan nahi ez dugunik arduratu behar hemen gertatzen denaz, baina ezin ditugu ahantzi gaitza endemikoa den gune horiek, lehengoan bainago: ez da arazo natural bat zeinaren gainean ezin baiten batere neurririk hartu. Hemen, berriz, zehaztu beharko da zeini jarriko zaion txertoa. Gaur egun ekoizpena mugatua da, gaitza desagertutzat jo zelako, eta Europan, ondorioz, egun laborategi bat edo bi bakarrik direlako kapaz txertoa sortzeko prozesua egiteko. Beraz, orain begiratu beharko da zer herritar talde lehenetsi beharko diren txertoa jartzeko.

Hainbat iturriren bidez nabarmendu da tximino baztanga sexu harremanen bidez transmititzen dela, eta zenbait harreman klase dituzten pertsonen artean azkarrago hedatzen ari dela. GIBaren kasuan ere halako mezu asko eman ziren, eta talde batzuen inguruko estigmatizazioa eragin zuten. Nola eragotzi orain halakoak?

Estigmatizatu gabe, eta mezu okerrak bidali gabe. GIBaren hasieran, adibidez, zabaldu zen gaixotasuna gayen kontu bat zela. Jakina, infekzioa zuten lehen andreak agertu ziren arte, edo lehenbiziko gizonezko heterosexualak... Baina aurrez emandako mezu hori hor geratu zen: homosexualen, heroinazaleen eta hemofilikoen arazoa zen GIB birusa... Horiek ziren hiru h ezagunak. Ikasi egin behar dugu akats horretatik. Oreka puntu bat aurkitu behar da horretarako; izan ere, datu epidemiologikoei ere begiratu behar zaie. Kasu gehienak dituztenak gizonekin harremanak dituzten gizonak badira, edo pertsona bisexualak, bada, osasun publikoko arduradunek orekarien antzera jardun beharko dute mezu horiek ematean.

Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak ebatzi du, adibidez, sexu harremanak taldean izaten dituzten pertsonak eta erlazioak bikotekide askorekin izaten dituztenak lehenestea txertorako. Talde jakin batzuei buruz bainoago, ordea, jokaera batzuen inguruan mintzatzea da onena, ezta?

Jakina, praktikari begiratu behar zaio. Kontua da ororen gainetik alboan uztea GIBarekin zabaldu zen arrisku taldeen kontzeptu hori. Izan ere, talde jakin batzuk nabarmentzen badira, eta zu talde horietako kidea ez bazara, pentsa dezakezu zuk ez duzula arriskurik. Baina esan dut lehen: datu epidemiologikoak ere ez dira ahantzi behar. Eta saihestu egin behar dira estigma eragiten duten mezuak, baina bilatu behar da, baita ere, mezua jaso behar dutenek mezua jasotzea. Beraz, garrantzitsua da zenbait mezu espezifiko bidaltzea, baina populazio orokorrari zuzenduriko kanpainak ere egiten jarraitzea, argi uzteko guztioi dagokigun eta guztioi eragin diezagukeen osasun publikoko arazo bati buruz ari garela. Jakina, oreka puntuak aurkitzea zaila izaten da sarritan.

Adierazi izan duzu izurrietan zero pazientea aurkitzeko ahaleginek-eta ere ez dutela zentzurik izaten. Estigma areagotzeko besterik ez dira izaten askotan tankera horretako ariketak?

Ez da hain garrantzitsua. Gainera, badirudi lehen kutsatu hori hari kulpa botatzeko asmoz bilatzen duzula. Geu ere koronabirusarekin-eta kutsatzen garenean, lasaiago sentituko gara nork kutsatu gaituen jakinda? Ez du halako garrantzirik horrek. Hainbat autorek esaten dute interesgarriena zero birusa zein den jakitea dela: birus baten mutazioa gizakietara noiz pasatzen den jakitea. Hori garrantzitsua da, erraztasuna eman diezazukeelako botikak eta txertoak garatzeko. Egia da orain tximino baztangarekin kutsatu diren pertsonei galdetu zaiela norekin ibili diren erlaziotan...

COVID-19arekin ere kontaktuen jarraipenak garrantzi handia izan du, eta neurri asko hartu dira zentzu horretan...

Kontaktuen jarraipena osasun publikoko erreminta bat da, eta agerraldi txikietan izan dezake zentzua, baina, transmisioa komunitarioa denean, ezin da jarraipena egin; oso zaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.