Alazne Aizpitarte. Psikologoa

«Kontrola ez dute larritzat hartzen»

Nerabeen harremanetan izaten den indarkeria matxistan aditua da Aizpitarte. Gazteenen artean normalizatuak dauden hainbat jarreraz ohartarazi du: kontrolaz eta bakartzeko joeraz.

Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Psikologoa eta psikopedagogoa da Alazne Aizpitarte (Azpeitia, Gipuzkoa, 1984). Indarkeria nerabeen bikote harremanetan izeneko doktore tesia argitaratu zuen 2014an, eta arlo horretan dihardu lanean orain. Donostian izan da asteon hizlari, Sexu eta genero indarkeria gazte eta helduetan EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaroan.

Nerabeen arteko bikote harremanak dituzu ikergai. Zer da nerabe izatea?

Nerabezaroa oso etapa liluragarri moduan definitzen dut beti, baina adin konplexua da. Kolektibo gisara, oldartsuak dira, eta askoz ere erregulazio gutxiago dituzte emozio zein jokaera aldetik. Horrek oso kolektibo kaltebera egiten ditu. Baina zaurgarria den heinean, leiho bat ere bada, ikaskuntza berrietara eta eskema aldaketetara oso irekia. Ikuspuntu biologikotik, 18 urteko mugan dago, baina, maila sozialean, 20-21 urtera arte luzatzen da.

Adin horretako bikote harremanetan, zer indarkeria nabarmentzen da gehien?

Psikologikoa; eta psikologikoaren barruan, jokaera kontrolatzaileak eta bakartzeko jokabideak. Normalean, gainera, biak batera joaten dira. Kontrolatzen duen pertsona batek bikotekidearekiko kontrol handiagoa izan nahi badu, inguruko eraginetatik aldentzen saiatzen da.

Ikastaroan aipatu duzu tesirako eginiko elkarrizketetan gazteen erdiek baino gehiagok aitortu zutela kontrol jarrerak eduki izana. Portzentaje handia da.

Bai, eta hori kontuan izanda institutuetako, lanbide heziketako eta unibertsitateetako ikasleak zirela. Jokaera zehatzak ziren; alde batetik, etengabe deitzea bikotekidea norekin dagoen jakiteko;bestetik, mezu pribatuak irakurtzea. Mezu pribatuak irakurtzeko, sarbidea izan behar da beste pertsonaren sare sozialetara.

Zifrak ikusita, esan daiteke normalizatuak daudela jarrera horiek nerabeen artean?

Bai; elkarrizketatuentzat, bortxa fisikoa eta sexuala ziren ikusgarrienak. Bi horiek baziren haientzat indarkeriaren adierazleak, baina kontrol egoerak, berriz, ez. Hain txertatuta dago harremanetan, eta hain maiz gertatzen da, ez dute kontrola larritzat hartzen.

Sare sozialak kontrolerako tresna bihurtu dira?

Kontrolatu nahi duenarentzat, horiek dira biderik errazena. Bikotekidea norekin dabilen ikusi nahi baduzu ez zarelako hartaz fidatzen, sare sozialak dira lehenengo tresna. Baina hemen huts egiten duena pertsonaren motibazioa da. Pena da, sare sozialek hainbat eta hainbat alderdi on baitituzte.

Diozunez, pasioa eta gatazka elkarrekin joan ohi dira harreman horietan. Gatazka, beraz, ontzat dute gazteek?

Bai, agian ez zehazki positibotzat, baina pasioa guztiaren gainetik dago, gatazka barnean hartzen badu ere. Orduan, gatazka-pasioa binomioa sortzen da. Eta binomio horretan pasioak hainbat eta hainbat jokaera justifikatzen ditu. Horregatik, askoz ere errazagoa izango da haientzat pasioari helduz harremana mantentzea, harreman hori amaitzea baino.

Zer-nolako eragina izan dezake inguruak nerabeengan?

Haiek oso adi daude; harremanak nolakoak diren, zer egin behar duten harreman horietan, edozer espero behar duten bikotekidearengandik. Gauza horiek guztiek galdera asko eragiten dizkiete, eta, horiei erantzuna emateko ahaleginean, ahal dutena egiten dute. Eta eskuragarrien dutena telebista saioak, sare sozialak eta abestiak dira. Ez dira adituak harremanetan; haien esperientziak oso berriak dira, eta lagunei begiratzen diete gehienbat. Gero, hedabideen partetik ere mezu zaparrada jasotzen dute, eta askotan ez dira oso mezu sanoak izaten.

Sarritan, inguruak hautematen ditu indarkeria zantzuak, eta bereziki lagunek, baina ez dute jakiten egoerari nola aurre egin. Zerk huts egiten du hor?

Benetan horretan jarri behar da arreta; norbaitengana jotzekotan, edo norbaitek atzematekotan lehengo alarma seinaleak, lagunek atzemango dituzte. Ez dira amarengana joango harremana nolakoa den esatera. Eta ezta lagunengana ere zuzenean, baina harremanaz hitz egiten has daitezke, eta lagunek arazoa atzeman dezakete.

Nerabeen harremanei ez zaie garrantzi handirik ematen maiz, «haurren kontuak» direlakoan. Arreta falta al da?

Bai, serio hartzen ez ditugun heinean, ez ditugu arriskutsutzat jotzen. Gauza arriskutsuak gauza serioak baitira. Lotura hori egiten dugu. Baina gerta daiteke serioak ez diren harreman horietan zantzuak agertzen hastea. Gero, helduengana jotzea nahi dugu, baina helduek ez badituzte haiek edo haien harremanak serio hartzen, nerabeek ez dute batere babesik sentitzen.

Zein da prebentziorako bidea?

Kausa ugari dituen fenomenoa da, oso konplexua, eta maila ezberdinetan prebenitu behar dugu. Gaitasun sozio-emozionaletan guztiz beharrezkoa da entrenamendua; nor bere burua erregulatzera zein gaitasun sozialetara bideratuta. Oinarrizkoa da, era berean, nerabeen inguruan dauden eragile guztiak inplikatzea, eta komunitateko zerbitzuekin koordinatzea. Baina ez soilik genero indarkeriari lotuta daudenekin. Gazteak ez dira genero indarkeriarekin lotuta dagoen ezerengana gerturatuko, ez baitute beren egoera horren barruan kokatzen, bortxa oso ageriko bat gertatzen ez bada behintzat. Izan ere, beren burua biktima gisa ikustea dakar, eta hori gehienetan ez da gertatzen. Beraz, bidean galtzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.