Koronabirusa

TERMOMETROA (I)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Nabaritzen ari gara eskaerak jaisten ari direla; egokitzen saiatzen gara»

Josebe Blanco Baserritarra

Guk itxialdia egiten dugu gazta egite garaian. Osterantzean, gure lanak egiten jarraitu behar dugu: egunero bitan ardiak jetzi, bi egunean behin gazta egin, egunero gaztandegian eta artegiko lanak egin, ardiak mendira eraman... Nabaritzen ari gara eskaerak jaisten hasi direla, bai denden bai partikularren aldetik. Egokitzen saiatzen gara. Atzo, banaketa egitera joan nintzen hainbat tokitara. Aprobetxatu nuen bidaia batean dena egiteko, etxetik ahalik eta gutxiena ateratzeko. Bezperan, herriko baserritar batekin adostu genuen zer barazki behar genituen; herriko dendariari ere eman genion behar genituenen zerrenda; bizkor hartu, eta etxera.

Gure etxean, itxialdiak esan nahi du umeak eskolara ez eramatea. Horrek esan nahi du goizez 70 kilometro egiteari utzi diogula, besteak beste. 12, 13 eta 17 urte dituzte. Batek Elgoibarren ikasten du, eta etxetik Azkoitira jaisten dugu autobusa har dezan, eta gu atzera Pikuinetara, etxera. Gero, Bergarara jaitsi behar dugu. Bide laburrena mendian zeharrekoa da, baina baso lanak medio, txikituta dago bide hori, eta Aizpurutxora jaitsi, handik Zumarragara, Zumarragatik Bergarara, eta buelta etxera. Horrelakoak ditugu goiz batzuk. Orduan, asteburuan gaudela iruditzen zait neurri batean.

«Barneratuta daukagu normalena izango dela gu kutsatzea»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Urtero, Nafarroako Ospitaleko larrialdi zerbitzuan bi erizain kontratatzen dituzte gripe sasoirako, bi hilabetez, eta horretarako hartu ninduten ni, abenduan. Gero, koronabirusa dela eta, beste hilabete batez luzatu zidaten kontratua. Orain berriz luzatuko didatela imajinatzen dut, esango didate zenbat.

Aste honetan arratsaldeko txandan ari naiz lanean, 17:00etatik 00:30era. Egia esan, honek guztiak biluzik harrapatu gaitu denok: egun gutxitan kasu pila kudeatu beharrean suertatu gara. Protokoloak-eta ia ezarri gabe, eta material falta sumatu dugu lehendabiziko egunetan. Egunek aurrera egin ahala, sistema eta lan egiteko modua ere hobetzen ari gara, baina duela bi aste ez genuen halakorik espero.

Geure segurtasunari dagokionez, uste dut ari direla saiatzen gu babesten, baina barneratuta daukagu normalena izango dela gu kutsatzea. Hori kontuan hartuta, saiatzen gara lana egiten. Nahikoa pertsona bagaude oraingoz. Jende gehiago kontratatu dute. Uste dut beste toki batzuetan baino modu ordenatuagoan aritu garela hemen neurriak hartzen. Egia da oheak betetzen ari zaizkigula pixkanaka. Ikusiko dugu. Bolada gogorra dator.

«Astelehenean hasi ginen jende maskaratua ikusten karriketan»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Astelehen eguerdian hasi genuen itxialdia hemen, Baionan, ikasketak egiten ditudan apartamentuan. Astelehenean hasi ginen, halaber, jende maskaratua ikusten karriketan, eta jendeak tarteak errespetatzen ditu besteekiko. Hori ez zen ikusten ordura arte. Konfinatzeak berak beldurra sortu du pixka bat.

Bithiriñakoa naiz, Nafarroa Beherekoa. Lagun batekin bizi naiz hemen; Arbonakoa da, lapurtarra. Filologia ari naiz ikasten. Ukan dugu mezu elektroniko bat erranez ikasgaiak igorriko dizkigutela posta elektronikoz, eta guk beharko dugula gure aldetik lana egin. Ariketak ere igorriko dizkigute, eta, galderak baditugu, igorriko dizkiegu irakasleei. Oraingoz, plazer egiten da kurtsoetara ez joatea eta aski berant iratzartzea.

Luze joko du, eta alternatibak sortu beharko ditugu barnean okupatzeko. Etxetik ateratzen ahal gara, bakarka betiere, baina atestatu bat egin behar dugu ateratzeko, derrigorrez. Horrekin eta gure identitate kartarekin, erosketen egiteko atera gaitezke; eta itzuli tipi baten egitera; eta medikua ikustera edo gaizki dagoen familiako norbait ikustera.

Etxekoekin egunero mintzatzen naiz. Egunero deitzen diogu elkar telefonoz, eta badugu Whatsapp talde bat, nola gauden elkarri erakusteko.

«Pandemia batek gure mugikortasuna irauliko du, hobera»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Birusaren hedapenak, eta berau geldiarazteko ekinbideak, goitik behera aldatu du gure egunerokoa. Orainaldian eragina daukan arren, sortu duen errealitate paraleloak ez gaitu iraganeko bizimodu batera eraman, etorkizunerantz baizik. Hori dakusat, adibidez, Donostiako busetan. Batetik, diru materialaren bidezko ordainketak bertan behera geratu dira, txanpona birusekiko platinoa elektrizitatearekiko bezain eroalea omen baita. Horrek bus gidarion galdera totemikoari erantzun dio: «Iritsiko al da diruarekin ibili behar ez gareneko eguna?». 2020ko martxoaren 14tik, gurean, bai. Iragana da jada!

BRT Igarotze Azkarreko Busa sistemaren prototipo bat ezarri zuten mugikortasun alorreko buruek, oharkabean. Bidaiariak erdiko atetik igotzen hasi zaizkigu egun batetik bestera. Zerbitzuen azkartze leun bat ekarri du hor —eserleku hutsak errazago topa daitezke behin sartuta—; pentsa zer litzatekeen atzeko atetik sartzeko aukera ere izatea.

Historian sarri gertatu izan da, ezbehar batetik aurrera jotzeko modu hobe bat topatzea. Haragi zati bat sutara erori zen bezala, pandemia batek gure mugikortasuna irauliko du, hobera.

«Lehen ere ikusezinak ginen; orain, desagerrarazi egin gaituzte»

X.X. Etxeko zaintzailea

Ikusezinak gara, ez gara inon ageri. Etxe askotako motor nagusia gara: lehenak gara pertsiana igotzen, zaharrei jaikitzen laguntzen, umeak janzten... Eta, orain, non gaude? Non dago auto bateko motorra balitz bezala egunero bere orduan —legez eta garaiz— piztuta egon behar duen makina hori? Zergatik ez da inon ageri? Ikusezin bihurtu naiz, ez dakit non nagoen. Zaintzari buruz hitz egiten dute denek, eta gu, oraintxe hain justu, desagertu egin gaituzte.

Ikusezinak gara, bai. Lehen ere halaxe ginen, eta, orain, krisialdi honekin, are gehiago. Ni neu, etxeko langile hau, non nago? Ez naiz inon ageri. Lantokira agertzen segitzen dut, baina. Erabili ostean txoko batean uzten den erratz baten pare sentitzen naiz, lanbas baten pare, xurgagailu baten pare. Humanoek janaria, aterpea eta osasuna behar ditugu, baina. Ala ez? Eta lanean ari gara eta ez dakigu zer gertatuko zaigun hil bukaeran; lanorduak kenduko dizkiguten, ordainduko diguten. Eta esaten ari zaizkigu: «Zoazte etxera, lasai! Ez kezkatu horrekin». Baina ez kezkatzeak gauza asko dakar, badakigu, eta oraintxe bertan logela batean bizi naiz. Nola ordainduko dut?

Eta beste batzuk baino hobeto nago, hala ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.