Koronabirusa

TERMOMETROA (III)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Kanpora irteteko aukeraren truke, komunitatea galtzen dugu»

Josebe Blanco Baserritarra

Herenegun, Baserriko Plazako kide batek esan zidan: «Utziko zaitut, lapiko jotzea dago eta». Badakit egunero txalo zaparrada egiten duzuela kalekook. Pentsatzen egon naiz gaur goizean, gazta egin bitartean: gu bakarturik gaude, baina kanpora ateratzeko aukera daukagu —eta irten behar dugu, gainera, gure lanak egitera—; horren ordainetan, komunitatea galtzen dugu. Zuei alderantziz gertatzen zaizue: etxe barruan zaudete, baina badakizue hitzordu bat daukazuela iluntzeko zortzietan, bizilagunekin zeozer egiteko. Guk ez daukagu halakorik. Eta gaur goizean, ardiak jezten ari nintzela, Euskadi Irratian entzun dut txistu bat, Agur, jaunak jotzen Bizkaian hil den erizainari. «Erizain horrekiko une honetan sentitzen dudan pena ezin dut partekatu nire komunitatearekin. Zer gertatzen da adierazi ezin honekin? Nire baitan geratzen da, gure mendi hauetan galtzen da?», pentsatu dut. Adierazi beharra daukat eta.

Eta artzain honek buruan artilea besterik ez daukala pentsatuko duzue, baina komunitatearekiko distantzia sentitzen dudan aldi berean, inoiz baino gehiago sentitzen naiz munduko izaki, zapaltzen dudan lurreko parte. Neure txikitasunaren jabe sentitzen naiz. Ez dakit zuek sentimendu hori ba ote duzuen.

«Ez dakit agintariak zertan ari diren; zezen honi heldu egin behar diote»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Whatsappa sutan izan dugu azken orduotan. Dezenteko kolpea izan da erizain guztiontzat, animikoki, Bizkaiko lankidearen heriotzaren albistea. 52 urte zituen; ez zen adin tarterik zaurgarrienekoa. Ez daukagu urduritzeko tarterik ere, baina. Atzo atseden eguna izan nuen, eta ahalik eta gehiena deskonektatzen saiatu nintzen, lanera blokeatuta bazoaz ez zarelako produktiboa. Oso tristea da, baina hotz eutsi behar diozu, eta halako albisteak ahalik eta azkarrena ahanzten saiatu behar duzu.

Txinan, 30 eguneko berrogeialdi erabatekoaren ostean hasi ziren ikusten kutsatze kasuen goranzko joeraren geldialdia; hala irakurri diot gaur hango mediku bati. Italiara begiratzen duzu, baina, egunetik egunera ehunka hildako eta kutsatu gehiagorekin, eta hemen bide beretik goazela dirudi. Lombardian, Milanen eta hango beste puntu batzuetan, babeserako materialik gabe geratzen ari dira; zaborretarako poltsekin osoko mantalak egiten ari dira. Ez dakit Nafarroan puntu horretara iritsiko ote garen ala ez, baina zer pentsatua ematen du. Ez dakit agintariak zertan ari diren, shock egoeran dauden edo zer, baina zezen honi heldu egin behar diote. Ez dakit zeren zain dauden.

«Ezin jakin barnealdean zenbat diren kasuak, testak ez baitira egin»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Ordutegiak hankaz gora ditugu. Berant iratzartzen gara, eta berant egiten da gero guztia. Facebookera konektatzen gara lehenik, han so egiten ditugu azken albisteak. Ez dut lortzen ikasketei serios heltzea; ikasgaiak jasotzeko eta irakasleei galderak emateko plataformari ez dizkiot egunean 30 minutu baino gehiago eskaintzen. Maiatzean behar genituzke ukan azterketa partzialak, baina ez dakigu batere horri buruz.

11:00etan atera gara ohetik gaur, eta badirudi gobernuak legeak gogortuko dituela: komisaldegira eraman dituzte batzuk, birusaren aurka ezarritako arauak ez betetzeagatik. Atharratzeko pertsona bat ere hil da, eta susmoa da barnealdean ere koronabirusak jotako gero eta jende gehiago dagoela. Larzabale inguruetan-eta badira kasuak. Ezin jakin zenbat, ez direlako testak egin.

Gaur egungo neurriekin kutsatzeak emendatzen badira, hamabost egunen buruan neurri gogorragoak etorriko direla pentsa liteke. Ni neu lasai nago. Ama eta senideak ere lasai daude; goiz honetan ukan dut haien telefono deia. Amatxi eta aitatxi ondoan bizi dituzte. Kezka gehiago sortzen didate haiek, baina ez dira etxetik ateratzen, eta ez dute inor ikusten, etxekoak aparte. Gu geu ere ez gara atera gaur.

«Soldatarik gabeko hilabetea eskatu nuen ostegunean»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Egunez egun, bidaiari kopurua behera doa Donostiako busetan: asteburu eta jaiegunetan, batez ere. Ohiko zerbitzuei eustea geroz eta zailagoa eta absurdoagoa da. Batetik, kalean jende gutxiago dagoelako; eta, bestetik, mugikortasun gomendioak ere guztiz irauli direlako. Hobe da lanera autoz joatea, busez baino. Nik hala egin dut, normalki bizikletaz edo busez joan eta etortzen naizen arren; azken aste parean autoa erabili dut, ahalik eta denbora gehiena ibakarturik aritzeko.

Hiriko nahiz herriarteko bidaiarien garraioko enpresetako buruek ez dute lan erraza; ezta eurekin batera halabeharrez lan egiten ari diren sindikatuetako ordezkariek ere. Zerbitzua doitzeak langile kopurua doitzea dakar, izan ere, jendea —batez ere, hasiberria— langabeziara joan daitekeelarik.

Panorama ikusirik, guztiok ahalik eta kalterik txikienarekin pasatu behar dugu egoera latz hau, elkartasuna landuz aldi berean. Ezohiko egoerei aurre egiteko, ezohiko erantzunak. Gauzak horrela, nire egoera eta ingurua behatu, eta soldatarik gabeko hilabete eskatu nuen ostegunean, enpresak jarri dizkigun aukeren artean. Aita ere etxean dut babesteke... Martxoaren 19ko opari bitxia aurten.

«Nagusiekez didate eman maskarariketa eskularrurik, lanerako»

X.X. Etxeko zaintzailea

Gaur ere metroan joan naiz lantokira. Esku bakarreko hatzekin zenbatu zitezkeen autoko bidaiariak. Zerikusirik ez aurreko aste bukaeran ikusitakoarekin. Kalean, ere, etxera bueltan, ia ez dut jenderik ikusi. Eta ikusitakoak, maskararekin eta guanteekin denak. Neu ere bai. Neure ekimenez, nagusiek ez baitidate ezer eman. Haien etxean, halakoak neuk bakarrik janzten ditut. Haiek lasai daude, eta, alde batetik, ondo dago, ez nautelako aztoratzen, baina ez dakit zer den hobe, lasaitasuna ala egoneza.

Egunetik egunera, koronabirusa gero eta presenteago dago. Egun bakoitza galdera bat da, zeinetan ni, lasai egoteko gogoa izan arren, gero eta erneago bizi naizen. Jendeari etxetik ez irteteko esaten dioten arren, nik irten egin behar dudalako, derrigorrean. Lan egiten dudan etxera birusa ailegatzen bada, nire errua dela esango ote duten beldurrez nago. Batzuentzat, guztiaren errua gurea delako. Beti. Beldur hori bizi izan ez duenak ez daki zertaz ari naizen. Horregatik erantzun nion etxekoandreari, nire herrian gaitzarekin nola zebiltzan galdetu zidanean: «Nire herrialdean dena ondo. Aireportuak itxi behar izan dituzte, europarrek birusa hara sar ez dezaten». Birus hau hemendik hara zabaldu delako, eta ez alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.