Munduaren birika, sutan erretzen

Adituen arabera, Amazonian azken urteotako suterik «larrienak» gertatzen ari dira. GKEek Jair Bolsonaro egin dute erantzule, baina Brasilgo presidenteak adierazi du ez dutela «behar adina baliabiderik» suteei aurre egiteko

Aktibista batzuk Brasilgo ingurumen ministroari txistu egiten , Brasilen. EFE/STR.
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Sua Amazonia erretzen ari da, munduaren birika irensten ari da. Adituen arabera, azken urteotako suterik larrienak gertatzen ari dira Amazonian. INPE Brasilgo Espazioaren Ikerketarako Institutu Nazionalak argitaratutako txosten baten arabera, Brasilen 72.843 sute izan dira, urtea hasi zenetik, eta horietatik erdiak baino gehiago Amazonian gertatu dira. INPEk azaldu duenez, Brasilgo suteak %83 igo dira aurten, 2018. urteko datuekin alderatuz. Inoiz gertatu den ezbehar naturalik «larriena» izan daiteke, adituen ustez.

Sute gehienak Brasilgo eta Boliviako Amazonian piztu badira ere, ke lainoa Peruraino iritsi da. Hango zenbait hedabidek azaldu dutenez, «ke geruza fin bat» nabaritu zuten Peruko Tambopata probintzian, joan den astelehenean. Gobernuak ez du kearen kontrako neurririk hartu, oraingoz. Izan ere, haren ustez, ez dago Boliviako eta Brasilgo suteak Perura hedatzeko arriskurik, baina ziurtatu du Meteorologia eta Hidrologia Zerbitzu Nazionalak airearen kalitatea kontrolatzen jarraituko duela.

Amazonia larrialdian dagoen bitartean, Brasilen, gogortu egin dira suteen errudunak aurkitzeko eztabaidak. Ricardo Salles Brasilgo Ingurumen ministroak ziurtatu zuenez, suteak «klima lehorraren, haizearen eta beroaren ondorioz» hasi ziren, baina INPE ez dator Ingurumen ministroarekin bat. Izan ere, haren ustez, «aurtengo kliman ez dago ohiz kanpoko ezer». Aktibistek Sallesi txistu egin zioten, El Salvadorren (Brasilen) ospatzen ari den Klimaren Asteari hasiera ematen ari zitzaion bitartean. Protestarien karteletan Amazonia sutan edo Stop Ekozidio moduko adierazpenak irakur zitezkeen.

Brasilgo GKE gobernuz kanpoko erakunde batzuen ustez, ezbehar naturala Jair Bolsonaro Brasilgo presidente bilakatu zenean hasi zen. Bolsonarok baliabideen merkataritza ustiatzeko politika eztabaidagarriak bultzatu ditu, agintera iritsi zenetik. GKEen ustez, suteen eragile nagusiak hauek izan dira: etengabeko zuhaitz mozketa eta abeltzaintza industrialerako guneak zabaltzeko egiten diren suteak. Hau da, suteen goraldia Bolsonaro presidente izatearekin lotzen dute .

Bolsonarok, ordea, Amazoniako suteak GKEek eragin zitzaketela iradoki zuen, herenegun. Gainera, presidenteak adierazi zuen diru laguntzak murriztu dizkielaAmazonia babestea helburu duten GKEei, bere hipotesia indartzeko, eta hau gehitu zuen: «Diru falta sentitu dute. Motozerra kapitaina deitzen zidaten, eta orain Neron naiz, Amazoniari su ematen. Suteen garaia da eta».

Baina, atzo, suteak nahita piztutakoak izan zitezkeela onartu zuen Bolsonarok, eta bere burua zuritu zuen: «Amazonia Europa baino handiagoa da, nola egingo zeniokete aurre suari, horrelako eremu batean?», galdetu zien kazetariei. «Ez daukagu behar adina baliabiderik», onartu zuen presidenteak.

Europako zenbait herrialde ere Bolsonaroren aurka agertu dira: Alemaniak eta Norvegiak Amazonia babesteko ematen dituztendiru laguntzak murriztea erabaki zuten, joan den astean. Izan ere, ez daude ados Bolsonarok bultzatzen dituen deforestazio politikekin. Presidenteak gogor egin zuen Norvegiaren adierazpenen aurka: herrialdearen «moral bikoitza» kritikatu, eta «baleak hiltzen» dituela salatu zuen.

Klimaren aldeko protestak

Amazoniako suteek mundu osoan izan dute oihartzuna. Eztabaiden erdian, Fridays For Future mugimenduak protestak deitu ditu gaurko, Brasilgo Gobernuak suteak geldiarazteko neurriak har ditzala eskatzeko. Brasilek mundu osoan dituen enbaxaden aurrean egingo dira protestak. «Herrialde eta kultura diferenteak eduki arren, guztion helburua berbera da: Brasilgo Gobernuak bultzatzen dituen politiken aurkako gure haserrea adieraztea», azaldu zuen mugimenduak komunikatu batean, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.