Koronabirusa

TERMOMETROA (II)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Egunotan asko kezkatu naiz gure umeen eskolako lanekin»

Josebe Blanco Baserritarra

Ardiak jetzi eta gosaldu ondoren, gaurko goiz osoa ordenagailu pantaila aurrean joan zait, Internet bidez baserritarron produktuak saltzeko plaza bat sortzeko bileran. Argindarra joan egin da, gainera, bilera erdian. Berehala bueltatu da, eta eskerrak, argindarra luze eteteak, gurean, esnea hozteko makinak, gazta ganbera, arkumez betetako izozkailuak... gelditzea esan nahi duelako.

Azken egunotan, umeen eskolako lanekin asko kezkatu naiz. Alde batetik dago curriculuma, eskolen betebeharra, eta kaleko jendeak etxean eduki behar ditu umeak atera ezinda, baina larregi egiten zaizkit ordenagailuaren aurrean egin behar dituzten orduak. Ez zait batere osasungarria iruditzen. Gure neskatila, adibidez, oso agobiatua dago. Gure etxeak EITBko telemaratoia ematen du batzuetan. Gaur bertan, umeei esan diet goizean behinik behin ez dagoela ordenagailurik. Ardiak eramatera joan dira, bada, eta pasa-pasa egindako sagar batzuk hartu, eta behorrei eraman dizkiete. Lotsa ere ematen dit esateak, badakit-eta luxu bat dela egun. Ez dakit nik kaleko etxeetan zer egoera ez ote diren bizi izango, kontu hauen bueltan. Hasten naiz pentsatzen ordenagailu bakarra ala alerik ere ez daukaten etxeetako heldu eta umeekin, eta larritu egiten naiz.

«Norbere lasaitasuna urriagoa da egunetik egunera»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Osasun Publikotik deitu zidaten duela egun batzuk: kasu positiboekin harremana izan dudanez, jendearekin asko ez egoten saiatzeko esan zidaten. Hau guztia hasi zen lehen egunean, lanera oinez joatea erabaki nuen, baina bizikletaz joaten naiz orain, euririk egiten ez badu. Lanerako bidean, kaleak jenderik gabe ageri dira. Autoak ikusten dira, baina oso gutxi.

Egunerokoan, saiatzen naiz erosketak aldi bakarrean egiten, erosketa handiak egiten. Jendea erostera egunean hiru aldiz-eta irteten ikusten dut, eta ez dakit... Ia inor ez dut ikusten maskararekin ospitaletik kanpo. Erabiltzen diren maskarak norbere birusak ez zabaltzeko balio dute, baina maskarak ez zaitu babesten besteen birusetatik. Denok maskararik jantzi ezean, beraz, ez dago benetako isolaketarik, eta ez dakit jendeak hori ba ote dakien ala ez. Dendetako eta azoketako apalategi eta mahai gainetako produktuen gainean maskararik gabe hitz egiteak-eta kutsadurarako bidea ematen du. Guztiok maskara eramango bagenu, perfektu, baina ez dute halakorik esan hedabideetan.

Eta lehen erizaina hil da Euskal Herrian. Eta bihar ere lanera. Eta norbere lasaitasuna urriagoa da egunetik egunera.

«Aitak eta amak, biek dute lana gelditua, baina biak dira pagatuak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Egun bat gehiago koronabirusik gabe. Goiz honetan atera egin gara, aro biziki ederra baitzen. Bizikletan ibiltzera joan gara etxeko biok. Ez ginen bikote bakarrak kalean. Atestatu papera hartuta atera gara, jakina, 135 euroko isuna ordaindu behar duzulako bertzenaz, eta hobeto ez.

Ama-eta ez dabiltza honela, haiek etxalde batean bizi direlako. Ez dute auzorik, eta etxetik ateratzen ahal dira. Ama zaindari da kolegio batean, eta etxean da orain. Aitak ere, lana gelditua du. Biak dira pagatuak, hala ere. Bi anaia eta ahizpa tipiak ditut. Horiek enoatzen dira pixka bat, lagunak ez ikusteagatik.

Ni ez nago haiekin, baina ulertzen diet. Zaila da ez ateratzea eta lagunak ez ikustea. Baionako lagunak ikusten gara, urrunetik, eta mintzo gara gure artean, baina ezin dugu arratsalde osoa pasatu elkarrekin, eta ez da erraza. Nik xantza badut bikotekidearekin egoteko, etxe berean bizi garelako, eta ez da gutxi. Usaian ez dugu asko ikusten, baina, orain, etxean gaudelarik, telebistari so egiten ditugu orenak. Kate klasikoetan ez dute programaziorik aldatu, baina albistegietan ez da koronabirusa beste gairik, eta zenbait berriemaile etxetik beretik ari da lanean. Netflix ere badaukagunez etxean, horko telesailak asko ikusten ditugu.

«Segurtasun tartea gordetzea zail egiten da igogailu eta ibilgailuetan»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Bi metro eskaseko tartea pertsonen artean. Gutxienez. Un oro! Erronka polita jarri digu birusak asteotarako, ezta? Kontua zertxobait zail egiten da, ordea, egoera berezi batzuetan; igogailuetan edota ibilgailuetan, adibidez.

Donostiako autobusetan, edukiera osoaren %25a ezin da gainditu sekula, ezta lanera joateko ordu jakinetan ere. Hau da, bus arruntetan 25 bidaiari joan litezke asko jota; artikulatuetan, 35; eta mikrobusetan hamar. Bidaiariak beraien artean ongi kokatuz gero, kopuru horiek (matematikoki) gainditzea ezinezkoa da, eta, aldi berean, bidaiariak kokatzeko modu ia-ia bakar bat dago: erpinetatik hasi eta eserleku huts kopuru bat utzi ondoren, zutikako bidaiariak beraien lekuetan jartzeko gai izan beharko lukete, balioztatze makina libre utziz betiere. Bidaiarien igotze eta jaiste trantsizioak bere horretan utziko ditut, nire trastorno obsesibo-konpultsiboaren hobebeharrez...

Aurreko batean, gidarion arteko elkarrizketa (distantziatu) batean, burutapen bikain bezain iraultzailea atera zen: zergatik ez ditugu busaren baitako kokaleku zehatz horiekeranskailuekin aurrez markatzen? Etorriko da; apirilerako-edo.

«Zazpi migrantebizi gara etxean, ia ezertarako ez gara irteten gure logelatik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Jaieguna gaur. Logela eguna. Zazpi lagun bizi gara etxe honetan, migranteak denak: bi bikote, emakume bat, gizon bat eta ni neu. Koronabirusaren kontu honekin, txandaka egiten dugu kozinan, eta ia ezertarako ez gara irteten geure gelatik.

Oraintxe bertan, oso pozik nago espazio hau errentan bakarka hartzea erabaktzeagatik. Hain da garestia, ezin diot dirurik bidali sorterriko familiari, ezin ditut ordaindu han dauzkadan zorrak, baina pribatutasuna daukat.

Jendea supermerkatuetan ikusten hasi nintzenean, erosketa gurditxoa goraino bete eta txartelarekin ordaintzen, beren etxeetan ixteko prantatzen, izugarri sumatu nuen Erdialdeko Amerikako nire txokoan daukadan familiaren falta: bi alabak eta semea; eta laster jaioko zait bigarren biloba. Haraino ere heldu da koronabirusa, han ere itxi dituzte aireportuak. Umeak etengabe ari zaizkit esaten lanera joateari uzteko, baina ezin dut. Nik ez daukat dirua aurreratzeko aukerarik. Gutxieneko soldata kobratzen dugula esaten dute, baina nahi dutena ordaintzen digute: mixeria hutsa.

Ia bost urte badira hona etorri nintzela. Ez daukat gaixotzeko beldurrik. Orain umeekin egiten dut lan, eta denok gara zaurgarri. Gu ez gaitu inork zaintzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.