Koronabirusa. Cristina Guerrero. Bizkaiko SOS Arrazakeriako ordezkaria

«Orain, gehiegikeriak ikusgarriagoak dira»

SOS Arrazakeriak salatu du alarma egoeran ugaldu egin direla polizien gehiegikerien inguruko salaketak, «lehenago ere horrelakoak bazeuden arren», eta ohartarazi du oinarrizko eskubideek «indarrean» dirautela.

BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren 29an, ertzain talde batek gazte magrebtar bat eta haren ama jo eta atxilotu zituen Bilboko San Frantzisko auzoan. Auzokideek gertatutakoa grabatu zuten, eta irudiek hedapen handia izan zuten sare sozialetan —isuna jarri diete irudiak grabatu zituztenei—. Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteko kide Cristina Guerrerok (Ibague, Kolonbia, 1995) «onartezintzat» jo ditu horrelako erasoak, eta arrazakeriaren gorakadaz ohartarazi du.

Ugaritu egin dira Poliziaren jokaera arrazistak alarma egoeran?

Alarma egoeran, Polizia maizago egoten da kalean, eta, beldur eta antsietate abagune honetan, talka handiagoa da. Alde horretatik, bai, esan dezakegu Poliziaren gehiegikeriak gehiagotan ikusten direla. Baina lehenago ere bazeuden: agian, orain ikusgarriagoa da, bizi garen egoera dela eta. Salaketa gehiago iritsi zaizkigu, eta kasuak errepikatu egiten dira.

Nolako kasuak izaten dira?

Askok salatzen dute Poliziak geldiarazi dituela, ez dutela aukerarik izan azaltzeko zergatik zeuden kalean, eta atoan egin dietela eraso, justifikaziorik gabe. Askotan gertatu da pertsona bat lanera edo erostera atera dela, eta poliziek oso modu oldarkorrean hartu dutela. Sarritan, pertsona horrek ez du hizkuntz baliabide nahikorik, gaizki moldatzen da, urduri jartzen da, eta Poliziaren erreakzioa da zuzenean isuna jartzea edo, batzuetan, jotzea.

Arrazistatzat jo dituzue jokabide horiek.

Jokabide arrazista begien bistakoa da, ez dituztelako gainerako herritarrak bezala tratatzen. Zuzenean, pertsona horiek balizko erasotzailetzat edo gaizkiletzat jotzen dituzte, haien ezaugarri fisikoengatik, hizkuntza ez dakitelako edo diru baliabide eskasak dituztelako.

Legeak babesten al ditu horrelako jokabideak?

Salbuespen egoeran bizi gara, baina ezin dugu ahaztu oinarrizko eskubideak indarrean daudela. Mozal legeak, adibidez, baimentzen du polizien irudiak hartzea, horrek ez badu arriskuan jartzen polizia horien segurtasuna. Orain, aldiz, ikusten dugu polizien jarduerak grabatu dituzten herritarrei isunak jartzen dizkietela, eta hori legez kanpokoa da erabat. Mozal legeak ez ditu babesten azken asteotan ikusi ditugun zenbait jarduera, eta alarma egoerak ere ez.

Martxoaren 29an Bilboko San Frantzisko auzoan gertatutakoak oihartzun handia izan du. Zergatik ugaritu dira horrelako jokabideak auzoan?

San Frantziskon herritar migratu asko bizi dira. Gauza jakina da auzoko leku zehatz batzuetan prostituzioa dagoela edo droga saltzen dela, eta batzuek herritar migratuei leporatzen diete horren errua. Baina herritar horietatik gehien-gehienek bizi eta aurrera egin besterik ez dute nahi.

Ertzainen jarduera grabatu zuten herritar batzuei jakinarazi diete isuna jarriko dietela. Horretaz informazio gehiago ba al duzue?

Gure informazioa oso mugatua da: elkarteok elkarri jakinarazten dioguna baino ez. Baina badakigu zenbaiti isuna iritsi zaiela. Nire ustez, horren helburua da auzokideak beldurtzea, erasoetan ahotsa altxa ez dezaten. Ertzaintzak iragarritako barne ikerketaz ere ez dakigu ezer; alarma egoerak oztopo handiak jartzen dizkigu informazioa lortzeko.

Protesta ekitaldiak antolatzea ere zailagoa da egoera honetan.

Bai, baina, nire ustez, larriena da biktimekin aurrez aurreko kontakturik ez izatea. Biktimarentzat konplikatua da salatzea, horrek dakarrelako egoera berriro bizitzea eta gogoratzea diskriminazio egoera bat pairatu duela. Oso garrantzitsua da norbaitekin zuzenean hitz egin ahal izatea, beste pertsona bat aurrean edukitzea, eta egoera honek ezinezko bilakatzen du hori. Arazoa gizarteratzeari dagokionez, uste dut egoerak laguntzen duela: jendea telebistari, egunkariei eta sare sozialei adi dago, eta gure mezua gehiago iristen ari da. Biktimei laguntzea ari zaigu gehien kostatzen.

Herritarren artean ere ugaritu al dira arrazakeriazko jokabideak pandemia hasi zenetik?

Egoera salbuespenekoa da, eta ez soilik osasunaren ikuspegitik; arlo ekonomikoan, familia asko beldur dira, eta itolarria sentitzen dute etorkizunaren aurrean. Horrelakoetan egon daiteke ahulenari eraso egiteko joera, eta egia da salaketa batzuk jaso ditugula; adibidez, irainak pairatutako ijito familia batena. Gaixotasuna kutsatzea egotzi zieten; horrek ez du ez hanka ez buru, baina beldur eta tentsio egoeretan ohikoa da horrelako estereotipo negatiboak ugaritzea. Zorionez, kontrakoa ere badugu: niri miresgarria iruditzen zaizkit elkartasun sareek egindako lana, Mbolo Moye Doole Bizkaiko kaleko saltzaileen elkarteak eraturiko erresistentzia kutxa, eta abar. Esperientzia horiek argia ematen dute, eta erakusten dute badagoela denok elkarrekin aurrera egitea, eta irtenbidea ez dela ahulenari errua egoztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.