Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXV)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Baserritarrari ez diote ordaintzen ordaindu beharrekoa, eta ez dute esaten»

Josebe Blanco Baserritarra

Gaur, ardiak jezten ari nintzela, Eroskiren iragarki batek kontraeskura harrapatu nau. Arabako kooperatiban patata daukatela salgai eta laguntzeko gure baserritarrei, hori zen mezua. Jakina, iragarkian ez dute esan 6 milioi euroko diru poltsa bat dagoela nekazaritza produktuen soberakinak erosteko eta saltoki handiei saltzeko, kooperatiba horiek eta Eroski bera tartean direla, eta inondik inora ez zaiola ordaintzen baserritarrari ordaindu beharrekoa. Gure baserritarrei lagundu? Benetan ari al dira? Ez dakit zergatik lotzen dituzten baserriko produktuak karitatearekin. Hemengo baserritar txikien produktuak erosteak baserritarrari bakarrik ez, erosleari berari, bertako ekonomiari eta herri osoari ere egiten die mesede.

Aupatarren iragarkia ere ez nuke ahaztu nahi. Jaurlaritzaren Aupa gure arrantzale eta baserritarrei! [...] Bertako produktuari aupa!, kanpainaz ari naiz. Gu zer gara, futbol talde bat edo telemaratoi baterako aitzakia? Inoiz egin al dute iragarki bat Irizar autobusa erosteko esanez, kooperatibetako langileei laguntzeko? Gurekin zergatik bai? Zer diskurtso ari dira eraikitzen gure bueltan? Nik ez dut penarik eman nahi, ez dut penarik ematen. Nik lan egiten dut, CAFekoek bezainbeste. Nahikoa dugu.

«Lehen aldiz alarma egoeran, paseora atera naiz, eta arraroa egin zait»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Libre nuen atzoko eguna, eta, pixka bat ikastea eta abestiren bat sortzen hastea pentsatu nuen arren, azkenean ezer ez. Irakurtzen eta Michael Jordani buruzko dokumental bat ikusten joan zitzaidan eguneko parte handi bat, lasai oso. Ea gaur probetxuzko zerbait egiten dudan. Edo ez. Beti logika produktiboaren menpe bizi beharrik ere ez dago.

Lehen aldiz alarma egoera hasi zenetik, paseora atera nintzen, 21:30 aldean. Orain artean lanera joateko bakarrik atera izan naiz, eta arraro egin zitzaidan. Alde zaharreraino joan naiteke, baina ez nintzen auzotik irten, Arrotxapetik; itzuli polita egin nuen Arga ibaiaren ertzetik. Kuadrillako bat gure etxetik gertu bizi da, eta elkartu eta hizketan egon ginen, segurtasun tartea gordez. Ez zebilen jende askorik. Arga inguruak garbi-garbi daude, inor ez delako ibili hor hilabete eta erdiz. Itxialdia askoz zorrotzagoa zen egunetan, lanera bizikletaz joatea bera ere zoragarria zen: sekula ez bezalako txori kantua entzunez pedalei eragiten, basotik nindoala zirudien. Oraindik ere txori asko entzuten dira, baina gu zulotik atera ahala haiek beren zuloetara itzuli beharko dutela iruditzen zait. Nahiago nuke asmatuko ez banu.

«Medikuaren baimenarekin zeharkatu ahal izan du muga pisukideak»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

25.000tik gora pertsona hil dira Frantzian. Hastapen-hastapenean uste nuen Txinan geldituko zela eritasun hau; ez nuen uste honaino arribatuko ginenik.

Pisukide bat jin da etxera; hiru gara orain hemen. Urdazubikoa da, nafarra. Berez lau pisukide gara hemen; zuberotarra da laugarrena, Zalgizekoa. Bai hura eta bai Urdazubikoa gurasoen etxera itzuli ziren alarma egoera ezarri zigutenean. Azken horrek, orain, hitzorduak baditu lotuak kinearekin, eta gero itzuliko da etxera. Medikuaren baimena baduelako zeharkatu ahal izan du muga; bertzenaz, ezinen luke. Muga luzaz izanen da zarratua, antza, eta alde bietako senide eta lagunak elkartzeko, gaitz gertatuko da.

Hendaian azoka egingo dute gaur; atzo berreskuratu zuten Donibane Lohizunekoa. Baionan bada merkatu estali bat, konfinamendu garai osoan irekia izan dena. Larunbatez ere egiten zuten beste azoka bat hemen; ez dakit hori berreskuratua izanen denentz. Aitatxik eta amatxik halakoetan egiten dituzte erosketak, barnealdean.

Konfinamenduaren arintzeari begira, ez dut ulertzen haurrak zendako igorriko dituzten eskolara, baina gero udako guneak itxiko. Haurren zaintzeko beharko dira halakoak, gurasoek lana egin beharko baitute udan.

«Gertuen dagoenari bizkarra emanez ere bidaiatuko nuke busean»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Etxean erabat konfinaturik emango dudan azken astea izanik, laneko giro eta betebeharrei begiratzeari ekin diot aste hasieratik, ahal bezain informatua hastea komenigarria baita. Oporretatik itzultzen naizenean ere berdin jokatzen dut, jazotako aldaketak zein izan diren jakin nahian: geltokiren baten lekualdatzea, obrek eragindako ibilbide aldaketak... Tentuz ibili beharra dugu, ezusteak saihestu nahi baditugu behintzat!

Jakin berri dudanez, maiatzaren 4tik aurrera garraio publikoetako gehienezko bidaiari kopurua nabarmen igo dute; hortik dator bidaiarientzako maskara jartzearen betebeharra (gomendio izateari utzita). Honela, Donostiako bus arruntetan, asko jota, 36 pertsona joango dira; artikulatuetan, 57. Bidaiari izanez gero, ahal bezain bakarturik, isilik, eta, akaso, gertuen dugunari bizkarra emanez ere bidaiatuko nuke, kutsatzeko arriskua handiagoa baita.

Nire hegozentrismoak honetaraturik (Ipar Euskal Herriko busen inguruan ez dakit deus!), irakurri dut Malagan eta Palman hasi direla autobusetako aurreko atea, gidarion parekoa, zabaltzen; baita txanponak onartzen ere. Horretarako goizegi begitantzen zait, Malagaren kasuan bederen.

«Gaur goizean neu eta beste bi besterik ez ginen metroko kotxean»

X.X. Etxeko zaintzailea

Metroz joan naiz gaur lanera. Neu eta beste bi besterik ez ginen kotxean. Harritu ere egin naiz, auzoak esana zidalako arratsaldeetan metroa jendez lepo abiatzen dela Bilbotik. Esana zidan, era berean, astelehen goizeko hamarretan geltokian jendeari maskarak eta eskularruak partitzen ari zirela; nik ez dut halakorik ikusi 06:45ean lanera abiatu naizenetik. Etxe honetako arduradunak oparitutako oihalezko maskara soinean irten naiz etxetik.

Behin lantokian, umeetako txikienari itxialdian lau hortz erori zaizkiola ikusi dut. Atzo ez nintzen konturatu ere egin. «Zer, Maritxu Teilatuko hortz bila etorri zaizu, ala berrogeialdian egon da hura ere?», galdetu diot. Txikiak eta haren arrebak erantzun didate baietz, etorri dela hortzak jasotzera, baina ez dakitela nola lortu duen etxera sartzea, hainbeste zaindari egonda. Maritxuk zer koloretako maskara daroan jakin nahi dudala esan diet, eta kamera txiki bat jarri behar dugula. Barre asko egin dugu elkarrekin.

Oinez itzuli naiz etxera lanetik. Bidean, itsasoari agur egitera joan naiz. Ur ertzean jendea bainujantzia soinean ikusteak barrua mugitu dit. Gaur ezin izan dut, baina bihar ondo-ondora joan eta ukitu egingo dut. Nire maitasuna eta nire indarra da. Eta on egiten dio nire zainetan dabilen odolari.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.