Koronabirusa

TERMOMETROA (48)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
«Duela gutxi arte, bazirudien gure eredu ekologikoa ez zela arrazionala»

Josebe Blanco Baserritarra

Zenbait unetan, nekazari munduak eta zientziak izan duten lotura ia bakarra ekoizpenari begirakoa izan da: etekin ekonomikoari begirako ikerketak egin dira nagusiki. Gure etxean ekologikoan egiten dugu lana, ekoizpen hutsari begirako harremanetik kanpo izan gara beti. Duela gutxi arte, bazirudien gurea ez zela hautu arrazionala; ez geneukala zilegitasun zientifikorik, ez behintzat nabarmena, geure jarduteko eraren alde. Orain, gero eta bozgorailu gehiago dugula iruditzen zait. COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua ere sustatu dute berriki hainbat ikerlarik eta akademikok.

Manifestu horretan, agroekologiari buruz hitz egiten dute, biodibertsitatea sustatu beharraz, gertuko harremanetan oinarritzeaz eta lan baldintza duinak bermatzeaz. Eta hori da bidea, biziko bagara, espezie moduan iraungo badugu: elikagai jasangarrien eta osasuntsuen alde egin behar da. Geure buruaren kontra ariko gara, bestela. Naturari egindako kalteak guri ere badakarkigulako kaltea. Zientzialari horien babesa nekazari eta abeltzainontzako pozgarria da oso. Gaur egun zientziari ematen zaion autoritatea erabatekoa delako, eta beste buelta bat ematen hasi zaizkiolako daukagun errealitateari.

«Mobilizazio politikoak kalera itzultzen ari dira, egoera berezi honetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Katakrakera joan nintzen aurrekoan, etxean ez nituelako jaso handik eskatutako liburuak, eta hara non esan zidaten dendan bertan jasotzeko aukera klikatu nuela eskaria egitean. Despistatua naiz, bai. Jaso nituen, bada, eta Sarriren Airea ez da debalde eta Andreieven Zazpi urkatuak ari naiz irakurtzen. Urte askoan ezer leitu gabe egon ondoren, irakurtzeko bizioa hartu dut. Plazer ematen dit.

Mobilizazio politikoak ari dira pixkanaka kalera itzultzen, egoera berezi honetan ere. Egunotan, Patxi Ruiz presoaren egoera salatzeko ekintzak ugaritu egin dira; ospitalean omen da jada. Bagenekiena gogorarazi digu honek denak: presoen arazoa hor dago; ez dio hor egoteari utzi inoiz; hor egoteari utziko ez balio ere, Espainiari bost. Beste muturrean, badira egun batzuk fatxak Iruñean mobilizatzen ari direla, Espainiako beren banderekin eta lapikoekin.

2012ko lan erreforma bertan behera uzteko PSOE-UP-EH Bildu akordioa ere ez da albiste makala izan. Erreforma hori gainditzeaz haratago, baina, azterketa sakona egin behar litzateke lan arloko legediari buruz. Gero eta gehiago estutzen ari zaizkigulako aspaldidanik; gutxieneko estandarrak izugarri jaitsi ditugulako, arlo guztietan.

«Herriko festa gehienak ezeztatu eginen dituzte uda honetan»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Atzo arratsaldean lagun batzuen etxera joan gara, eta film bat so egin dugu elkarrekin: L'Auberge espagnole. Erasmus egitera Bartzelonara joan den ikasle frantses bat du protagonista; pertsona anitzekin bizi da, eta umorez kontatzen ditu haren ibilerak. Neu ere ikaslea naiz, baina ez dakit Erasmus eginen ote dudan. Bi urte barru ahalko nuke egin, eta ikusiko.

Gaur arratsaldean palan jolastera joanen gara lagunekin, eta amarenean emango dut gero asteburu hau ere. Atzo igorri dizkidate mintzoak etxekoek, mendira joan baitira ibiltzera. Neu ere joanen naiz, beharbada, asteburuan. Eta ez dudanez ikasi beharrik, jendearekin egoteko denbora ere ukanen dut gaur eta bihar; Barnealdeko lagunak ikusteko ere bai, beharbada; eta Miñan irakurtzen bukatzeko.

Ez dut albiste askorik ikusi. Batek deitu dit arreta: Frantziako hondartza batzuetan lekuak ahal direla erreserbatu eta estatikoki ere egoten ahal zarela horietan, delimitatzen dituztelako espazio batzuk. Hemen halako zerbait egitea interesgarri atzematen dut. Udari begira nago, bai. Herriko festa gehienak ezeztatu egingo dituzte, ene ustez. Ezeztatu ez dutena, udal bozen bigarren itzulia: ekainaren 28an egin nahi dute. Hori ere ikusiko.

«Bolatokieta tabernetan ezagutu genituen jokoez aritu ginen»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Atzo goizean, Txiolandian nahikoa ohikoak diren elkarrizketa hipnotizatzaile horietako batean murgildu nintzen. Lasai asko eta iraupen motzeko elkarrizketa soil batekin hasi arren, ohartzerako, guztiz harrapatu ninduen.

Duela bi hamarkadara arte Hegoaldekook esku artean genituen 25 pezetako txanpon zulodun biren argazki bat izan zen guztiaren abiaburua. Ezagunak bazenituen, zaharra omen zinen; are zaharragoa nintzela jakinarazteko, 1982ko mundialeko grabatua zekarren bost ogerlekoa aipatu nuen; jabetzerako, bolatoki nahiz tabernetan ezagutu genituen jokoekin segitu genuen zaharrunook: Chelnov korrikalari atomiko komunista, jokatu bitartean Maurice Ravelen Boleroa entzun zenezakeen Rough Ranger, Snow Bros mitikoak, Ghost'n Goblins ezaguna... Areto makina haiekin hasi eta hazi ginenok —zintzook ez genuen jakiterik izan zuloa zuten txanponak sokatxo batekin berreskuratzerik ba ote zegoen edo ez—, jarraipena eman genion gure zaletasun hari ordenagailuak etxeetan hedatu ziren aroan. Badira urte dezente joko haiek utziak ditudala eta, CDak ditudan arren, ez naiz saiatu Ubuntun martxan jartzen. Egunotan saiatuko naiz, akaso.

«Panela makina baten modukoa dut gorputza: geldituz gero, herdoiltzen da»

X.X. Etxeko zaintzailea

Umetan, panela prozesatzeko makina garbitzen lagundu ohi nien aitari eta aitonari. Kanaberatik ateratzen da panela, eta, lana ondo egin zezan, urtero garbitu behar izaten genituen makinaren zilindroak eta. Gure gorputza, berdin. Giltzurrunak dira gure iragazkiak, eta nik erasanda dauzkat. Horregatik, haserre nago medikuarekin: gernu analisiak egin zizkidaten, eta odola ateratzeko deituko zidatela esan zidaten, baina hamar egunetik gora daramatzat zain. Gaur goizean neuk deitu dut osasun etxera, bada, eta itxoiten segitu behar dudala esan didate. Eta ez naiz gaizki sentitzen, baina kezkatzen nau, hiru hilabetean behin egiten dizkidatelako analisiak, tiroidea kontrolatzeko; apirilean eginak behar nituen.

Eguerdian lanera joan naiz. Etxekoandreari galdetu diot ea ba al dakien haurrak noiz itzuliko diren eskolara. «Ea irailean bueltatzen diren» omen da erantzuna oraingoz.

Orain dutxatu egingo naiz. Afaldu, eta alabari deituko diot, bilobarekin hitz egin dezadan. Haren ahotsa eta hitzak behar ditut. Bizkarra ere txikituta sentitzen dut. Bi hilabetez geldirik egoteak kalte egin dit, panela egiteko makina baten modukoa baita nire gorputza: geldituz gero, herdoildu egiten da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.