Koronabirusa

TERMOMETROA (VI)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Erosketak egitean, neu bezala sumatu ditut besteak: tentsio betean»

Josebe Blanco Baserritarra

Ni gaztagilea naiz; esnearekin oso zorrotz aritu behar izaten dut. Gazta urdina egitean, adibidez, alkoholarekin garbitzen ditut eskuak, tresnak, gainazalak... bestelako lizunik ez sartzeko. Gaur kalera jaitsi ditudan gaztak biltzeko plastikoa ere, alkoholarekin garbitu dut. Begirada zorrotza garatzen duzu, azken batean, zeure eguneroko arriskuak ikusteko, eta begirada horretatik ikusten dituzu besteen arriskuak ere.

Beldurrak hartu nau gaur, ba. Irten naiz etxetik nire gazta, arkume eta denekin, eta hemen goiko mendian egiten ari diren Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineako langileekin egin egin dut topo. Lauzpabost zihoazen, auto batean: lau, maskararekin; bat, gabe. Flipatuta geratu naiz. Eta izututa. Zer baldintzatan ari da lanean jendea? Hori izan dut lehen kolpea.

Herrira heldu naizenean, neu bezalaxe sumatu ditut besteak erosketak egitean: tentsio betean. Nik astean behin bizi dut tentsio hori; gaur ikusi ditudan gehienek, egunero. Neu gaixotzeko beldurrez ez, inori kalte egiteko beldurrez nago tentsioan.

Ez nuke nahi ezkor agertu, ez nuke nahi nire hitzak paralizanteak izatea inorentzat. Gaur ikusi dudan tximeleta mordoa gogoratu nahi dut; ahaztu egin zait ia, hala ere. Gaur ez dut beldurra besterik partekatzeko. Ea bihar.

«Taldean, ondo ageri gara denok; bakarka,bestela hitz egiten dugu»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Ostiralean ez zegoen gune bat geneukan atzo larrialdi zerbitzu ondoan: anbulantziak-eta garbitzeko eta desinfektatzeko gune bat. Taldean gaudenean, ondo ageri gara denok, baina, bakarka, jendeak bestela hitz egiten du. Harrituta eta larrituta gaude, oro har. Ospitaleko egitura eta antolamendua erabat aldatu dira egunotan. Larrialdiak, esaterako, bi zirkuitutan banatuta daude: bata, arnasketa arazoekin datozenentzat; bestea, gainontzeko guztientzat. Lehendabizikoan artatzen dugu paziente gehien, %80 inguru, koronabirusagatik. Atzo, beste aldean aritu nintzen lanean, eta esertzeko aukera ere izan nuen, tarteka. Arnasketa sistemako zirkuituan, berriz, lankideak goraino zeuden lanez. Plantak goitik behera aldatu dira, gero eta beteago daude, eta aldaketekin segituko dugu. Iruñean dauzkagun bi ospitaleetako bat koronabirusak jotakoentzako uztea eta bestea gainontzekoentzat uztea aukera bat izan daiteke.

Gaur bete dira bi aste koronabirusarekin positibo emandako paziente batekin lehen kontaktua izan nuela. Asintomatiko nago. Larrialdietan esposizio handia daukagu erizainok, eta, harrigarriki, gutako inork ez du positiborik eman oraindik.

«Arau gogortzea beste gairikez da hemengo hedabideetan eta ene buruan»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Bederatzi eta erdietan jaiki naiz gaur. Ariketa pixka bat egin, bazkaria prestatu, jan, eta egiteko nituen unibertsitateko lan batzuk egin ditut. Itzuli eta. Atzo ez ginen atera, baina gaur arratsean bai, ziurrenik, bizikletarekin. Albiste ona jaso genuen atzo, izan ere: etxetik ateratzen segi dezakegu egunero, nahi izanez gero, kirol pixka baten egiteko. Mugatua da baimena, etxetik kilometro batera urrundu baikaitezke gehienez, baina atera gaitezke. Aukera hori kenduko zigutela uste nuen benetan, eta poztu nintzen jakitean ez nuela asmatu. Ez dakit laguna eta biok elkarrekin aterako garen gero, ez baitago argi zer dioen arau berriak: bakarka ala ez. Biok batera atera bai baina bakoitzak bere aldera joko dugu, agian. Segur da kontrol neurriak zorroztu egingo direla. Baionan ez dugu Polizia kontrol askorik ikusi orain artean, baina horiek ere areagotuko dira.

Arau berri gehiago ere ezarri dute: azokak ezingo dira egin aire zabalean, herri txikietan izan ezik, azokak erosketak egiteko manera bakarra direlako herri txiki batzuetan.

Arau gogortzea beste gairik ez da hemengo hedabideetan. Baita ene buruan ere, hori egia. Gu ere arribatzen ari gara Hegoaldekoen debeku eta muga mailara, egunez egun.

«Egunotan ikasi dut jendeak, espazialki ere, busa bere tokian jar dezakeela»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ez dakit zergatik den, txikitan Bruce Leeren kung-fu pelikulak ikusi nituelako, nerabetan ninja eta yakuzak behatu nituelako edo geroago Ghost Dog pelikula ikusi nuelako, baina, urteen poderioz, kode etiko pertsonal bat landu dut, «hagakure pertsonala» deitzen dudana. Kode etiko pertsonal hori nire bizitzako alor guztietan ezartzen saiatzen naiz, ahal dudan neurrian; baita lanean ere.

Autobusean aritzen naizenetarako, badaukat arau bat, askotan mantratzat hartzen dudana: «Jendeak jartzen du busa bere tokian». Horrek esan nahi du alferrik dela busarekin azkar ibili nahi izatea noiz ikusi duzu banku atrakatzaile bat busean ihes egiten?-; jende asko dagoen egoeretan, daramazun lineari garaiz eustearen partida galdutzat eman dezakezula, alegia. Jendea etxeratu ostean jarriko zara behar duzun denboran.

Azken egunotan, jendeak busa espazialki ere bere tokian jar dezakeela ikasi dut. Bidaiaririk ezean, autobusek kotxetegietan behar dute egon, eta gidariak konfinaturik. «Garraio publikoa martxan da oraindik ere... Ez dakit zertan ari zareten pentsatzen», esan du Yang Huichuanek, Txinatik Italiara joandako adituen lantaldeko buruak. Euskal Herria Italia da.

«Denok ikusi behar genuke bizi dugun hau erronka bat dela»

X.X. Etxeko zaintzailea

Bakardade erabatekoan gure arimak pentsatzen duena biluzteko garaia da. Inkognita bat daukagu aurrean, eta, gehiengoa izanik ere, gu gutxiengoa gara, ez daukagulako ez nola ez non erori. Bien bitartean, boteretsuak, milioidunak, daukaten guztiaren apur bat galtzeko beldurrez daude. Denok ikusi behar genuke, baina, hau erronka bat dela, ondokoari begietara begiratzeko garaia dela, daukaguna partekatzeko garaia dela.

Bizi garen gizarteak makina asko mugitzen ditu, baina ez ditu bere umeak hazten ikusten. Gogoeta horretan aritu naiz gaur. Anaiarekin hitz egin dut gero, familiari buruz, haurrak hazten ikusteari buruz, gure zaharrak zaintzeari buruz. Kezkatuta gaude aitaren osasunagatik, horixe egia. Nekazaria da, eta, garai honetan, urtero, gaixotu egiten zaigu. Soro lan asko izaten duelako, eta, sorterrian ura urri denez, gauez ureztatu behar izaten dituelako soroak. Gaixo dago, bada. Esan diot anaiari ahazteko han daukagun zorraz, orain biziaren alde ari garela borrokan; horrek daukala lehentasuna. Ez da gure zaharrei errieta egiteko sasoia, haien beldurrak eta ezinak ulertzekoa baizik. Maitatzeko, konektatzeko eta bizitza bakarra daukagula jakiteko sasoia da. Sinesteko sasoia da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.