Koronabirusa

TERMOMETROA (XVIII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Josebe BlancoBaserritarra
«Gure sos apurren boterea dugu denok, eta antolatzeko gaitasuna»

Azken orduetan bilera eta dei asko egin dugu, azokak ixteko dekretua dela-eta, eta jendea haserre dago, baita kaletarrak ere. Uste dut gizarteari heldu zaiola, neurri batean, egoeraren larritasuna. Zenbait mezutan baserritarrekiko erruki moduko bat sumatu dut, hala ere; eta azokek irekita egon behar dutela defenditzea ez da baserritarrei mesede egitea, gure herria eraikitzea baizik. Horretan, denok daukagu gure sos apurraren boterea, eta antolatzeko gaitasuna, erosleak garen heinean. Guk geuk erabaki behar dugu zer jan nahi dugun, eta non eta nola nahi dugun ekoitzi gure jatekoa. Egoera honek begirada hori eskatzen digu; azokak ixteko erabakiarekin, Eusko Jaurlaritzak erabaki duelako herritarrek non, zer eta nola jan behar duten.

Beti hor egon arren, oharkabean pasatu zaigun giltzarrian pentsatzen hasteko garaia heldu da. Giltzarria da: herri gisa ze jendarte egitura nahi dugun. Egituraketa horretan, ezinbesteko oinarriei erreparatu behar diegu: osasunari, kulturgintzari, hezkuntzari eta besteri, baita elikadurari ere. Gu bizirik mantentzeko ezinbestekoak direnak ezin ditugu Kapitalaren esku utzi. Gure erosketa bakoitzaren atzean gure herria eraikitzeko edo deseraikitzeko pauso bat dago.

Monotematiko nago, bai. Alferrik esango dut ezetz.

Markel FloresLarrialdietako erizaina
«Asteburu honetan ardura handiko lanetan hasiko naiz, eta urduri nago»

Gurasoekin astean behin-edo hitz egin ohi dut normalean, baina amak hiru egunez jarraian deitu dit. Ondo nagoela eta zerbait bada deituko diodala esan diodanez, aitak deitu dit laugarren egunean. Normala ere bada gurasoak gugatik kezkatzea. Familian inor ez gara gaixotu oraingoz, eta arraroa da, lau anaiatik hiru erizainak garelako. Zaharrenak Lizarrako larrialdietan egiten du lan; nik, Iruñekoetan; eta hirugarren anaiak, Iruñean ere, baina plantan, gaueko txandak eginez.

Gaur aktiboago esnatu naiz. Atera den eguzki gozoagatik ere izango da. Ikasten hasi naiz. Farmakologia, protokoloak eta beste ari naiz errepasatzen; beharko ditut ezagutza horiek, asteburuan triaje eta suspertze lanetan hasiko naizelako.

Bihar, zehazki, larrialdietara etorritako pazienteei lehen esplorazioa egiten arituko naiz beste lankide batekin batera. Azterketa horren arabera erabakiko dugu artatuak izateko daukaten lehentasun maila. Horri deitzen diogu triajea egitea. 1etik 5era bitartean sailkatzen ditugu gaixoak: 1ekoek lehentasun osoa dute, eta, zenbat eta handiagoa zenbakia, orduan eta lehentasun gutxiago. Ardura handia da, eta urduri nago. Ahalik eta gehien ikasi behar dut.

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea
«Gure azterketak bertatik bertara ez egitea erabaki ona da»

Eguzki ederra dago, biziki ederra. Eguneroko itzuliaren egitera atera naiz gaur ere. Baditugu lagunak Baionan, eta, batzuetan, haiekin gurutzatzen naiz, eta hitz egiten dugu.

Eskolaren berri batzuk ukan ditugu gaur. Ikasleok mezu elektroniko bat igorri genuen erranez nahi genuela jakin ikasturtea nola pasatuko den, eta ukan dugu erantzun apurra goiz honetan: kontrol jarraikian izanen dira ikasgai batzuk; distantziaz egingo ditugu beste azterketa batzuk. Gaur arratsean edo bihar jakinen dugu zehatz. Irakasle batek idatzi du, Internet edo ordenagailu arazoren bat duenak igortzen ahal diola mezu bat bakarka, konponbidea bilatzeko.

Azterketak bertatik bertara ez egitea erabaki ona da, ene ustez, normalean hilabete baten buruan egin behar genituzkeelako, eta ez dakigulako ordurako itxialdia bukatua izanen den ere. Berri bat badabil sare sozialetan, konfinamendua ekainera arte izan daitekeela erranez. Jendeak etxetik ateratakoan, beharbada, protestak edo altxamenduren bat izanen da. Jendea kexu da oso, ospitaleetan-eta bizi duten egoeragatik. Hau guztia baliagarri izan zitzaion Macronen gobernuari Jaka Horien kontua geldiarazteko, baina, konfinamenduaz landa, ikusi behar da zer gertatzen den.

Urko RodriguezAutobus gidaria
«Zortzietan, garbitegikoak jartzen du musikagure auzoan»

«Hiri baliente, ausarta; Orereta, Kaputxinos...» batekin hasten da Nizuri Tazuneriren Irikita abestia. Hasiera zirraragarria oso, hagakure pertsonala lantzen duen ni bezalako gizaseme surrealista batentzat, orain arte ez baitut nire auzoa aipatuta entzun inolako kantatan. Alabaina, hau ez da Japonia (oraingoz). Garai batean etorritako migrante ugariei koreano deitzen zitzaien, eta txinatar laukoteak poteatzen ikusia naiz Pasaiako portuan, hori bai.

Auzo hau ez da sekula euskalduna izan. Pentsa: sortu berritan, 1970eko hamarkada hasieran, nire ama La Vasca zen auzokoentzat, berez Iruñekoa zela usaindu ere egin gabe. Muino honetako biztanleria dezente hazi den arren azken 50 urteotan, orain ez da lehen baino askoz euskaldunagoa. Horren adibide da arratsaldeko zortzietako balkoi ekinbidea. Musika ozen jartzen duena auzoko garbitegikoa da. Birusaren kontra lehen lerroan dabiltzanei deskontuak iragartzen dizkie, eta Instagram bidez eskatu (omen) dioten musika jartzen. Gazteleraz dena, kantak barne.

6.000 biztanleko auzo dentso honetan ekintza ederrak egin daitezke... euskaraz bederen. Fani ta Norzzone entzun arte, ez naute ikusiko.

.X.X.Etxeko zaintzailea
«Nagusiek ez naute sekula berekin eraman Aste Santuko oporraldian»

Ekainean izango dira bost urte hona ailegatu nintzela; ehun joan direla iruditzen zait. Ameriketako Estatu Batuetan lan egiteko aukera ere izan nuen, baina nahiago izan nuen hona etorri.

Joan den abendura arte ez dut izan sorterrira itzultzeko aukerarik. Han nengoela hasi zen hau guztia Txinan, baina ez nintzen konturatu ere egin, hainbesterainokoa nuen etxekoekin egotearen poza. Atzo ere esan nien seme-alabei, Whatsappez: «Albisteetan arreta jarri izan banu, zetorkigunaz jabetu eta zuekin geratuko nintzatekeen». Ezin dut hori burutik kendu. Hementxe nago, baina, lan egin gabeko nire lehen Aste Santua pasatzen.

Nagusiek ez naute sekula eraman berekin Aste Santuko oporraldian, zerbitza ditzadan. Ni ez naiz heldu familia on-oneko horien etxeetara. Hobeto. Halakoentzat lan egiten duten nire lagunetako gehienek bidaia amaigabeak egin izan dituzte autoz-eta, Marbellara edo uharteren batera. Agiririk ez daukatenez, nagusiek ezin diete hegazkin txartelik erosi.

Orain, ez haiek ez nik ezin dugu hegan egin.

«Egunero esaten didazu maite nauzuna, amona; nahikoa da. Gaur beste zerbait esadazu». Eskerrak 7 urteko bilobaren deiari. Barre zoroan lehertu nau. Bedeinkatua barrea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.