Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXIII)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Aurten baratzea jarriko dugu, eta ekintza politiko bat izango da»

Josebe Blanco Baserritarra

Niri gehiago gustatzen zait animaliekin lan egitea, landareekin baino. Asko disfrutatzen dut, eta iruditzen zait oso esker oneko izakiak direla, baina asko kostatzen zait landareei zer gertatzen ari zaien ulertzea; ez daukat sentsibilitate eta jakinduria berezirik eurekiko. Lehen, bageneukan baratzea, baina ardiekin lan gehien daukagunean eskatzen du hark ere lan gehien, eta barazkiak truke bidez lortzea erabaki genuen.

Koronabirusak eta haren bueltan sortu den guztiak, nahita ez, marka batzuk utziko ditu gugan, eta azalera ekarri ditu funtsezkoak izan eta estalita zeuden gauza batzuk. Jaten dugunaren atzean dagoen prozesu osoa, esaterako. Prozesu horren kontzientzia izatea, janaria errespetuz hartzea, oso inportantea da niretzat. Eta baratzea lantzeko arauak egiten ari diren politikariek oso lotura eskas, merkantilista eta artifiziala erakusten dute janariarekiko.

Aurten, bada, baratzea jarriko dugu, eta ekintza politiko bat izango da. Beti jartzen ditugu udarako tomatea, letxuga eta beste, artegi azpian daukagun berotegi koskorrean; aurten ere bai. Etxerako landuko dugu, ohi bezala, gure gurasoek bezala, baina aurten, bereziki, Onintza Enbeita, Jakoba Errekondo eta baratzeak hain sutsuki defenditu dituzten beste guztiak gogoan hartuta.

«Lau paziente besterik ez dugu izan bart, koronabirus zirkuituan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Lau paziente besterik ez dugu izan bart; martxoko azken astean 60 ere artatu genituen. Koronabirus zirkuituan hain lasai geunden, bestera pasatu gara bost erizain, gainontzeko patologienera, hura goraino zegoelako jendez: iktus modukoak, sabeleko min eta behazun-koliko asko, psikiatriako paziente asko...

Erabat irauli da patologien piramidea, eta datorren astean zirkuituak aldatuko ditugu, ofizialki. Kontsulta gehiago ditugu orain COVID-19arentzat, besteentzat baino, eta hori aldatu egingo dugu, hau hasi aurreko zirkuituetara bueltatu eta koronabirusarentzat gutxi batzuk utzita. Pentsatzen dut COVID kasuak artatzeko taldean segituko dudala nik, baina auskalo.

Ni bezala errefortzutarako kontratatutako erizain batzuek maiatzaren 10a arte dute kontratua. Anaia txikiari, esaterako, esan zioten abuztu bukaera arte luzatuko ziotela kontratua ospitalean, errefortzu gisa, eta gaur esan diote maiatz erdialdean bukatuko duela. Niri nagusiak esan zidan abuztuaren azken egunera arte izango nuela lana, baina zalantza sortu zait orain. Gustuko dut hemengo lana, baina, txarrenera jarrita ere, beste nonbait arituko naiz, udan beti izaten delako erizain eskaera.

«Konfinamendu amaiera noiz hasi zain naiz, biziki ontsa animoz»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Euskal Herriko bake prozesuari buruzko dokumental bat so egin dugu gaur: Pays basque et liberté. Un long chemin vers la paix, Thomas Lacosterena. Interesgarria iruditu zait.

Konfinamendu amaieraz, karta bat argitaratu dute, hiru kolorerekin, departamenduka: berdea, gorria eta laranja. Gu berde gara, beraz, konfinamenduamaiera ez zorrotz bat ukanen dugu; gorriek, aldiz, baldintza zorrotzagoak ukanen dituzte. Bi irizpide hartu dituzte kontuan kolorearen hautatzeko: birusak hunkituak zenbat jende izan diren, batetik; eta ospitaleratze kopurua, bestetik. Testatuen kopurua ez dute kontuan hartu, baina, eta hil honen 11raino aldatzen ahalko da kolorea. Guk berde izan beharko genuke artean ere.

Itxi aurreko ohitura bat, garagardo batzuk edatekoa, apaldu dut: orain ere edaten dut, arratsetan, baina gutxiago. Itxialdi honetan usaian baino denbora gehiago egin dut kozinatzen. Ikasteko baliatu dut. Labean erretako oilaskoa prestatzen dut goxoen.

Atzerako kontuan naiz, biziki ontsa animoz, konfinamendu amaieraren hastapen egunaren zain. Jasangarria egin zait itxialdia; baditut lagunak ateratzeko irrikan; bertze batzuek horretarako batere gogorik ez dute. Izateko manera ere bada, ene ustez.

«Kale garbitzaileak ez dira inoiz joaten belardia garbitzera»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Bi auzokideren solas erdi surrealista entzun nuen atzo, txakurrarekin ondotik pasatu nintzaienean. Batek besteari galdetzen zion tenis indibiduala kirola bakarka egitearen barruan sartzen ote den. «Lege zirrikituak edota adar jotzeak muturrera daramatzan eta, ziurrenik, kirolerako inolako asmorik ez daukan tipo xelebre baten galdera ergela», pentsatu nuen; irri bat ezpainetan urrundu nintzen.

Paraleloki, eta nire alde obsesibo-konpultsiboak lagundurik ziurrenik, tenis partida partikular eta bitxi bat ari naiz jokatzen egunotan auzoko beste bizilagun ezezagun batekin. Kontua da, belarretan topatzen ditudan CD, plastikozko bilgarri, 80ko hamarkadako freskagarri lata eta enparauak humanoak pasatzen diren (garen?) baldosen gainera ostikatzeko ohitura dudala; funtsean, kale garbitzaileak ez direlako inoiz belarretara joaten garbitzera. Txakurrarekin belardi zehatz batera itzultzen naizen bakoitzean, bada, bezperan espaloiratutako kola barra belarretan topatu ohi dut atzera; bazter horretan kale garbitzailea ez da egunero ibiltzen, butano bonbona baten tapoiak oraindik ere hor segitzen baitu.

Nire McEnroe partikularra topatu nahi nuke, egiten dudana azaltzeko. Ulertuko al du?

«Sorterrian gaitzaren goren puntuan daude; eta familiako denak, onik»

X.X. Etxeko zaintzailea

Kaiolatik irten gaitezke, ordubetez bada ere, eta a ze poza! Zenbaitetan itzali egiten garelako, piztu besteetan, eta piztualdia behar nik. Bizkarrezurra suge itxurakoadaukat, sigi-sagan, eta zerbikalak ukituta; ezin dut burukoarekin egin lo. Sarritan erori izan naiz, eta ornoak zanpatuak ditut.

Hona heldu orduko hasi nintzen osasun arazoekin, egia esan, eta, hemen bi urte betetzear nintzela, pneumoniak jo ninduen, gogor. Makalaldi latza izan nuen. Erroldan helbidez askotan aldatu naizenez, medikuz ere halaxe, eta halako batean esan zidaten tiroidea txoratuta neukala. Hirugarren Mundutik hona etortzeak eragin dit arazo hori, oraingo medikuaren esanetan. Botika hartzen dut. Dosia egokitzen lanak izan zituzten, eta larritasuna sortzen zidan horrek. Larritasun hori sentitzen hasi naiz berriz, eta osasun etxera hots egin dut. Hilaren 15ean deitu behar dut atzera.

Hemen pasierara irteteaz mintzo garen bitartean, nire herrialdean gaitzaren goren puntuan daude, eta kezkatuta nago. Familiako denak onik daude. Hirugarren Mundu Gerra baten etorreraz mintzo ziren asko hau hasi baino lehen, eta gerra hau izaki ikusezin batean idatzita dago. Izaki hori txinatarrek sortua dela dio orain Trumpek. Ez ahal dute gerra armatu bat piztuko hortik!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.