Koronabirusa

TERMOMETROA (XXXVI)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Kaleko jendea naturarekin konektatuko den esperantza badut»

Josebe Blanco Baserritarra

Azken egunotan, loreak izugarrizko indarrez ari dira jaiotzen eta irekitzen; zoragarri ari da jartzen gure etxe buelta. Begira-begira egoten natzaie; poz ederra ematen didate. Igandean, gazta egiten aritu nintzen, eta oso-oso gogorra egin zitzaidan barruan egotea. Kanpokoak neure gorputza deitzen zuela sentitzen nuen, eta, lanagatik tarteka ateratzen nintzenean, hura gozamena! Neure buruari esan nion: «Nik hau sentitzen baldin badut hemen bizita, zer sentitzen ote du kalean dagoen jendeak?». Naturak itsasoak mugitzen baldin baditu, izan ere, ilargiaren bitartez, nola ez gaitu mugituko gu? Naturarengandik aldentzen saiatuta ere, natura gara, sistema horren parte. Ezin gara horri bizkarra emanda bizi, geure buruari bizkarra emango genioke eta. Alferrik eraikiko ditugu bunkerrak.

Kaleak autorik gabe dauzkazue, arnasten duzuen airea garbiago dago, eta txoriak entzuteak ematen duen poza gogoratu duzue askok. Horrek zeozer esan nahi du. Badut esperantza barruan sentitzen dugun naturaren bulkadari jaramon egingo diogula, kalean bizi den jendeak naturarekin konektatuko duela ostera bere. Baten bati bururatuko zaio, agian, bere balkoietan berriz ere loreak jartzea, toki artifizial horiek naturara gerturatzea.

«Pare bat abesti txukuntzeko aprobetxatu nuen atzoko arratsaldea»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Ostiralera arte ez dut lanik, eta atseden egunok lasai hartzen ari naiz. Arratsaldea pare bat abesti txukuntzeko aprobetxatu nuen atzo, esaterako. Lagunak hitzak bidali dizkit jada. Fikzionatuta bada ere, bere bizitzako egun bat kontatuko balu bezala idazten ditu kantak. Kalea, lagunak... drogak, hip-hoparen betiko kontuak aipatzen ditu.

Horrez gain, bi ordu egin nituen atzo etxean daukagun terraza txikian, eguzki gozotan, irakurtzen. Konfinamendua hasi baino egun gutxi lehenago, zetorrena imajinatu ere egin gabe, hiru liburu erosi nituen Katakraken, eta horietako bat ari naiz irakurtzen: Jeff Changen Generación Hip-Hop. De la guerra de pandillas y el grafiti al gangsta rap. Lan mardula da; 600dik gora orrialde baditu. Detaile eta anekdota askorekin esplikatzen du historia, eta ez nekizkien kontu ugari ari naiz ikasten. Ikuspegi soziologikoa ere badu; drogen kontua, ghettoa eta beste jorratzen ditu. Gustura ari naiz, eta kontakizunaren haria galtzeko betarik utzi gabe bukatu nahi nuke irakurketa. Ion Andoni del Amoren Party & Borroka. Jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria eta Dave Randallen Sound System. El poder político de la música ditut zain gero.

«Itxialdi datu soilak baino zerbait gehiago bada Angeluko hilketan»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Bikain egin ditut atzoko azterketak. Espainolekoan, La casa de Bernarda Alba-ri buruz galdetu digute; ingelesezkoan, The Great Gatsby-ri buruz. Ez digute liburuko pasarte zehatzei buruz galdetu, liburua so egin eta trixatzen ahal genuelako errazki, etxean egonik. Beraz, gure interpretazio pertsonalak aipatu behar genituen, nola sentitu garen irakurtzean, zer pentsatu dugun obraz... Erraz aritu naiz.

Bideo bat ikusi dut gaur Facebook-en, non zahar etxeak aipatzen zituzten. Zaharrak biziki gaizki egon dira halakoetan; bi hilabetez beren ganberan, konfinatuak, nehor ikusi gabe. Amatxi zahar bat galdezkatu dute, eta triste zen, familia ez zuelako ikusten; ezta bere ganberako auzoa ere, eta azken hori ez zuen ulertzen batere. Galdezkatu dituzten zahar guztiak negarrez ikusten zenituen. Uzten zioten jateari, eta batzuek zazpi kilo-eta galduak zituzten.

Anitz inkesta badira, baina datu asko falta da. 89 urteko gizonak 83ko emaztea hil du Angelun, suzko armaz; eta bere buruaz beste egin segidan. «Nahita eginiko homizidio» eta «suizidio» deitu ditu Baionako prokuradoreak. Konfinamenduko zenbaki soilak baino zerbait gehiago bada albiste horretan. Ezer onik ez.

«Garraio publikoak pribatuari eskaini dio bere ekoposizioa»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Gure Antzinako Erregimen (Normaltasun Zahar?) partikularrean garraio publikoak berez desprestigioa handia bazuen, gaur egungo egoeran ez da askoz txikiagoa, are handiagoa baizik. Oinez edota bizikletan mugitzea lehenesten da, eta hurrengo estratua ibilgailu pribatuak bete du, banakotasunari atxikiz. Trantsiziozko aro honetan, garraio publikoak bere ekoposizioa eskaini dio ibilgailu pribatuari, beraz, osasun irizpideek hala gomendatua.

Egunez egun bidaiaririk gabe doazen bus-bidaien kopurua beherantz doa, bestalde, fase hau aldi baterakoa den seinale. Eskariak, birusaren bat-bateko kontraerasorik egon ezean, gora egingo du, eta ohiko bus zerbitzuetarako bidea hartuko dugu. Noiz berreskuratuko du garraio publikoak, baina, bere ohiko hirugarren postua, ibilgailu pribatuen kalterako?

Lanera joateko-eta kotxearen erabilpena lehenetsi den arren, hirietako kutsadurak behera egin du, aldi berean. Kontraesankorra dirudi akaso, baina ez da: edozer gauza egitera goazenean daukagun kotxezalekeriaren seinale da, besterik gabe.

Ea Erregimen (Normaltasun?) Berrian kotxe jabeek garraio publikoa hobetsi eta merezitako duintasuna ematen diogun.

«Pentsatzen dut lagun dezente kalean geratuko dela datorren krisialdian»

X.X. Etxeko zaintzailea

Nire orduak sartu ondoren, hondartza txiki batera joan naiz gaur. Polizia hurbil ez zegoela begiratu, galtza barrenak bildu, eta oinak uretan freskatu ditut. Oihu ere egin dut, uniformedunek etorri eta atxilotuko banindute ere, berdin litzaidakeela, ura beharnuela. Epel zegoen itsasoa; ez nuen handik atera nahi. Urertza korritu dut birritan. Inor niri begira bazegoen, erotzat joko ninduen. Ez nago zoratuta, baina.

Horren guztiaren aurretik, lanera sartu naizenean, nagusia albistegia entzuten ari zen, gosaldu bitartean. Langabeziak gora egin duela nabarmen, are gehiago igoko dela, zioten. Jende koitadua! 2015ean, hona iritsi nintzenean, hemen bizi zen migrante jendeak asko aipatu zidan 2008ko krisialdia, beren bizitzetan izan zuen eragina, langabezia. Antzeko zerbait etorriko dela pentsatzen dut, lagun dezente geratuko dela kalean lantoki duen etxeko andreak edo gizonak lana galduko duelako. Aldaketa latza eta zorrotza ekarri digu birus honek. Zahar egoitzetan bizi ez arren koronabirusak jota hil diren zahar horien zaintzaileak, esaterako, zaintzekorik gabe utzi ditu. Beldurraren hodeia etxe askotan ari da sartzen, eta beldurra gizakiaren etsairik gogorrena da. Orain dator estutasunaren eta larritasunaren benetako ordua askorentzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.