Koronabirusa

TERMOMETROA (VII)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Betea nago; naturak gogorarazi dit bizitzak aurrera segitzen duela»

Josebe Blanco Baserritarra

Naturak hartu dit barrua azken orduotan. Atzo arratsaldean, esaterako, gazta ganberan izan nintzen, egunero-egunero bezala, gaztak jiratzen, eta, hara sartu nintzenean, gazta prentsatu gehienak urdin-urdin zeuden, penicillium roqueforti lizunagatik. Horrela daudenean, laztandutakoan, urdin-urdin eta usain goxo-goxoarekin uzten dizkizute eskuak gazta horiek. Ederra izan zen momentu hura. Hantxe sentitu nuen mundua orekan berriz ere.

Gaur goizean, berriz, ardiak mendira igotzera joan naiz, eta kukuak kantu batean eman du goiz osoa. Txori piloa entzun dut, egia esan. Momentu batean pentsatu ere egin dut Asier Sarasua ondoan edukitzea ederra litzatekeela, entzuten ari nintzen txorien izenak esan ziezazkidan. Eta zuhaitz asko loretan zeuden: alertzeari eta lizarrari, esaterako, hostoak atera zaizkie dagoeneko; intxaurrondoren bati ere bai, oso lotsati bada ere; eta pagoak kimuekin ikusi ditut; eta elorria... elorria zuri-zuri zegoen, ezti usaineko bere lore horiekin. Ez da erraza usain hori aditu ahal izatea.

Halaxe bete zait barrena, birusak eta estutasunak gorabehera, munduak aurrera segitzen duela gogorarazi didalako naturak. Eta eskerrak.

«Gero eta agerikoagoa da adinekoek ospitaleratzeari dioten beldurra»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Egurra izan genuen atzo ere. Arnasketa arazoak zekartzaten pazienteen zirkuituan aritu nintzen, ospitaleratze lanetan, eta, espero bezala, jende eta lan asko izan genuen. Hainbeste, beste zirkuituko bizpahiru kabina ere hartu behar izan genituen. Ez dakit ikusi nituenetako zenbatek emango zuten positibo, baina adinduak ziren gehienak, 80 urte ingurukoak. 60 urte ingurukoak ere ez ziren gutxi, eta gazteren bat ere bazen han.

Gero eta agerikoagoa da adineko jendeak ospitaleratzeari dion beldurra. Etxera joan nahi izaten dute, hala esaten digute, badakitelako behin ospitaleratuta bakarrik egon beharko dutela. Nahiago dute etxean.

Atzoko txandako zerbait nabarmentzekotan, hala ere, jendearen urduritasuna nabarmenduko nuke; neurea ere bai. Pare bat pazienterekin kateatu ere egin nintzen ia-ia. Kexu ziren, ordu asko zeramatzatelako zain; saiatu nintzen haiek lasaitzen, baina neu ere lanez gainezka nengoen, eta nahi baino zakarrago erantzun nien. Gaizki sentitu nintzen. Barkamena ere eskatu nien, ez direlako ez moduak, ez momentuak inorekin eztabaidan hasteko. Nahigabetuta iritsi nintzen etxera, gaizki. Ea gaur.

«Ez dut dolu barnealdera sartu ez izana; maite dut Baiona»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

«Denbora galtzen trebea naiz/ Zerrenda luzeen erregina/ Idatzitakoa galtzeko ere aparta/ Baina egia esan/ Maite ditut nire akatsak,/ nire huts guztiak/ Ta ez naiz ezkutatuko besteen aurrean». Goiz honetan umore onez iratzarri naiz, eta pentsatu dut Zea Mays taldearen Gaur kanta entzutea, gertatzen ari zaigun guztia pixka bat ahanzteko, geure munduan sartzeko, dantzatuz. Bakarrik izateko momentu bat ere izan da, eskapatzekoa.

«Suposatzen da ikasiaz berriro jausten ez zarela/ Baina beste behin egin dut gaur, gaur, gaur, gaur/ Ta hurrengoan altxatuko naiz/ Ta berdin zait dena/ Berriz ere erratuko naiz, gaur, gaur, gaur». Gero, telebista so egin, irakurri pixka bat... Ez dugu deus egin. Konfinamendua gogortuko duteneko zurrumurrua gero eta biziago dabil. Eta auto bat ikusi dugu kalean, etxeko balkoitik, kaleko jantzitako poliziena. Indartzen ari dira neurriak, bistan denez. Nik ez dut militarrik ikusi Baionan, baina uste dut badirela batzuk.

Lagun asko barnealdean dira, baserrira-eta joanak, eta oso lasai daude, aldiro izaten ditugun komunikazioetan kontatzen didatenez, baina ez dut dolu barnealdera ez sartu izana. Baiona maite dudan hiria da; gustura nago hemen egonik.

«Zergatik bat-bateko kultura gose hau konfinatutakoen artean?»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Lanera joan gabe nago astelehenetik. Pixkanaka etxeko lanak egin, gutxieneko kirol saioak tarteka, zertxobait irakurri, testuren bat idatzi... Ezerezetik zerbait sortzera iristen banaiz ere, ez daukat neure burua sortzailetzat. Hala ere, badut halakorik inguruan eguneroko bizitzan, eta gertu ditudan artistak zertxobait aztoratuta dabiltza azken asteetan, etxetik emankizunak egin ditzaten eskatzen dien jendea gerturatu zaielako —ez fisikoki— , bata bestearen atzetik, planifikaziorik gabe. Txiolandian hain ezaguna den gogoeta bat egitera eraman ditu horrek artista horiek: «Kasualitatea? Ez dut uste». Zergatik bat-bateko —eta sarri doako— kultura gose hau jende konfinatuaren artean? Non da gose hori berehalakoan asetzeko nahia, osasun larrialdi honetatik kanpo?

Erabat ulergarria da sortzaile askoren egunotako ezinegona. Pentsatzen dut denetarik pasatuko zaiela burutik: «Jendea entretenitzeko pailazoa al naiz ni?»; «aspertuta dagoenean soilik sentitzen al du jendeak artiston beharra?»...

Badugu zer hausnartua gai honen inguruan ere; eta, konfinamendurik gabeko errutinara itzultzean, harrapa gaitzala etxeko lanak eginda.

«Oraintxe bertan, bakartua dago migrante mordoa, kolapsatuta»

X.X. Etxeko zaintzailea

Aita sendatzen ari da, anaiak esan dit Whatsappez, arratsaldez. Arratsaldeak senideekin harremanetan jartzeko baliatzen ditut, izan ere; goizez, ganbarari eragiten ematen ditut itxialdiko orduak, logela honetara nolatan heldu naizen eta hemen zertan nagoen galdetuz neure buruari.

Gaurko burutazio jiran, jendeari etxean geratzeko esatea oso egoki ikusten dudala pentsatu dut, prebentzioa inportantea delako, baina galdera sorta bat etorri zait segidan. Agindu hori ematean, akordatu al zen inor aterperik ez duen jendearekin? Akordatzen al da inor lantoki duten etxetik asteburua pasatzera irten eta bueltan sartzen utzi ez dieten zaindari eta garbitzaileekin? Akordatu al da inor lantoki-etxetik irten ezinda dagoen jendearekin? Oraintxe bertan, bakartuta dago migrante mordoa, kolapsatuta.

Horri buruz gogoetan ari nintzela, albiste bat irakurri dut sakelako telefonoaren pantailan: alarma egoerak iraun bitartean etorkinak gure tratamendua ordain dezagun eskatu du Santiago Abascalek. Izoztuta utzi nau. Gertatzen ari den honek denoi eragiten digulako, eta ez delako nongoa zaren galdetzen hasteko momentua. Eta Abascalen moduko boteretsu guztiek atzerriko makinak dituztelako lanean beren etxean. Guztiz ziur nago horretaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.