Andaluziako garaipena Espainiako bozen aurrekari gisa aurkeztu du PPk

PPk gehiengo osoa lortu du, eta, aurrenekoz, PSOEk ez du irabazi Andaluzian. Morenok esan du «zentro-eskuina» dela bide egokia

Moreno PPko hautagaia bozak irabazi osteko agerraldian. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
PPk aurrenekoz irabazi ditu Andaluziako bozak. Juan Manuel Moreno PPko hautagaia bigarrenez izango da Andaluziako presidentea. Gehiengo osoa lortu du Morenok, 58 eserleku guztira 109tik, eta aise gainditu du azken hauteskundeetako emaitza; izan ere, 2018an 26 aulki lortu zituen. Beraz, ez du beharko Voxen babesik gobernua osatzeko, eztaPSOEren abstentziorik ere.

Herenegun egin ziren Andaluziako bozak, eta, Espainiako hauteskunde orokorrak egiteko urte eta erdi eskas geratzen den honetan, PSOEk hirugarren kolpea hartu du. Gaztela eta Leongo eta Madrilgo bozen ondotik, Andaluziakoa izan da kolperik gogorrena. Izan ere, azken lau hamarkadetan alderdi sozialistak irabazi ditu bozak han. Herenegun, ordea, PSOEk inoizko emaitza txarrenak izan zituen: lehenengoz, ez du lortu milioi bat boto biltzea. Guztira, 30 aulki lortu zituen.

PSOE ez da izan kolpe gogorra hartu duen bakarra. Ciudadanos parlamentutik kanpo geratu da, ez duelako behar adina boto eskuratu ordezkari bat lortzeko. Aldi berean, ezkerrari ez dio mesederik egin bananduta aurkeztu izanak. 2018an, ezkerrak hamazazpi aulki eskuratu zituen; oraingoan, soilik zazpi: Por Andalucia koalizioak (IU, Podemos, Mas Pais, Equo, Iniciativa del Pueblo Andaluz eta Andalucia Verde) bost eserleku, eta Adelante Andaluciak bi. Bestalde, Voxek hamalau aulki eskuratu ditu, 2018an baino bi gehiago.

Herenegun, hauteskundeen emaitzen berri izan ondotik, Morenok agerraldia egin zuen, eta adierazi alderdiak «historia» egin zuela; gaineratu zuen hurrengo egunetan eratuko duen gobernua «plurala, kudeatzailea eta eraginkorra» izatea nahi duela. Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak ere esan zuen bozen emaitzak Pedro Sanchezen «porrotaren» adierazle direla.

Andaluziako garaipena Espainiako hurrengo bozen emaitzaren aurrekari gisa aurkeztu du PPk. Datorren urtea amaitu aurretik egingo dituzte bozak, eta ikusteko dago Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak zein estrategia aukeratuko duen: zentro-eskuinera joko duen ala eskuin muturrera hurbilduko den.

Horren harira, Morenok SER irratian hitz egin zuen atzo, eta argi du «Voxen diskurtsoa kopiatzea hutsegite bat izan zela», Pablo Casado alderdiko presidentea zenaren aldiari erreferentzia eginez. Aldi berean, gaineratu zuen «zentro-eskuinak izan beharko lukeela erreferentziazko bidea, hori baita Vox geldiarazteko baliozko estrategia bakarra».

Morenoren antzera, Elias Bendodo PPko koordinatzaile nagusia ere mintzatu zen atzo Andaluziako hauteskundeen emaitzez: «Lortu dugun gehiengo osoa ez da soilik Vox geldiarazteko, baita PSOEri tartea ateratzeko ere». Horrez gain, ziurtatu zuen PP Andaluzian gehiengo osoa lortzeko gai izan bada Espainian «ez duela sabairik».

PSOErentzat, ez da loturarik

Atzo hitz egin zuen Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko buruak, eta gaineratu zuen Andaluziako emaitzak ezin direla «estrapolatu» Espainiakoetara. Horrez gain, Espainiako bozen inguruan, adierazi zuen Andaluziako hauteskundeek ez dutela «ziklo aldaketa bat» eragingo bere alderdian. Gainerako alderdiei dagokienez, Ciudadanoseko hautagaia izan zen dimisioa eman zuen bakarra. Ezkerreko alderdiek «indarrak batzearen» alde egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.