CAFek Suediako enpresa bat erosi du

Euromainten akzioen %100 eskuratzeko akordioa egin du 80 milioi euroren truke, mantetze lanen negozioan aurrerapauso bat emateko. Mila langile ditu, eta 150 milioi euroren sarrerak izan zituen aurreko ekitaldian

Euromaint enpresako behargin bat lanean. CAF.
xabier martin
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bi digituko hazkundeari eusteko beharrezkoa duen errentagarritasuna hedapen prozesu batekin batera bilatzen ari da CAF, konplexurik gabe eta bere lehiakide erraldoien eremu klasiko batean, gainera: Europa zaharrean. Beasaingo konpainiak atzo jakinarazi zuen Suediako enpresa bat erostea erabaki duela mantentze lanen negozioan aurrerapauso bat emateko. Euromaint hautatu du, Suediako konpainia handi bat. Mila behargin aritzen dira harentzat gaur egun, eta 150 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2018. urtean. Hori da CAFek oso-osorik erosi duen enpresa, Suediako liderra bere sektorean, eta salneurriak apustuaren neurria ematen du, 80 milioi euro inguruko inbertsioa baita. Uztail bukaeran jakingo da kopuru zehatza, operazioa erabat ixten duenean.

Bidaiarientzako trenetan, tren makinetan eta tren ibilgailu industrialetan mantentze lanak egiteko negozioan, merkatuko kuotarik handiena dauka bere herrialdean Euromaintek. Bere jarduera nagusiak dira, besteak beste, flota handien mantentze lanak egitea eta Suediako operadore nagusiak hornitzea tren arloko osagaien gama zabalarekin. Euromaintek Europako iparraldeko herrialde osoan banatuak ditu hemezortzi lantoki, eta horietan egiten ditu mantentzeak. Merkatuan hazteko aukera eta lidergo posizio argia eman dio sare horrek.

Negozio berrietarako atea

CAF taldeari eskarien zorroa are gehiago handitzea ekarriko dio erosketa horrek, eremu horretako kokapen sendoa dela-eta zorroa handitzeko aurreikuspenak baititu Suediako enpresak. Begien bistakoa da operazio horrek indartu egingo duela, halaber,CAFen lekua Europan, osagaien hornikuntzarekin eta mantentze lanekin lotutako jardueretan. Kontuan hartu behar da negozio mota horietako enkarguak gauzatzeko epe luzeak behar izaten direla, eta, horrenbestez, Beasaingo konpainiak salmenten egonkortasun handiagoa izango du epe ertainera eta epe luzera begira.

Gainera, Euromainten bezero kopuru handiari esker, CAFek uste du aukera berriak sortuko zaizkiola Eskandinavian beste era bateko proiektuak garatu ahal izateko. Erosketen arloan eta tren arloko ekipamenduen eta osagaien fabrikazioan eta hornikuntzan sinergiak lortzeko aukera ikusi du, era berean, Beasaingo trengileak.

Horiek horrela, konpainiaren negozio klasikoari lotutako erosketa handia egin du CAFek aurten; trengintzari lotua, alegia. Aurreko urtean, berriz, Solaris erosi zuen, Poloniako autobus elektrikoen ataleko enpresa bat. Erosketa biak enpresaren 2020rako Plan Estrategikoarekin lerrokaturik daude. Beste hainbat helbururen artean, plan horrek apustu argia egin du material gurpildunaren eta zerbitzuen negozioan hazteko.

Andres Arizkorretak gidatzen duen konpainiak sendo hasi du 2019. urtea. Lehen hiruhilekoan, zergak ordaindu ondorengo emaitza garbia 14,1 milioi euro izan da, 2018ko epe berean baino %20 gehiago. Baina CAFek hazteko tarte handia dauka,eskari zorroa baita enpresaren egungo altxorra; apiril hasieran8.522 milioi eurorena zen poltsa hori. Iazko emaitzak hobetzeko helburu argia dauka Beasaingo konpainiak. 2018an, 2.048 milioiren salmentak egin zituen, %39gehiago, eta irabazi garbia 43 milioikoa izan zen, aurreko urtean baino %2 gehiago. Ebitda marjina 144 milioi eurokoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.