CUPek Junquerasen gutunaz: «Ezin diogu uko egin aldebakartasunari»

Alderdiaren talde parlamentarioak esan du Espainiako Konstituzioaren barruan negoziatzea «sarraila bat okerreko giltzarekin zabaltzea» dela

CUPeko diputatuak, duela hiru aste, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Kataluniako independentismoaren barruan harrabotsa sortu du Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako presidentea aldebakartasuna alboratzearen alde mintzatu izanak, eta hala egin du Pere Aragones Generalitateko presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa lehenengoz elkartu dituen ekitaldiak ere. Biak izan zituen hizpide atzo CUPen talde parlamentarioak, Ara egunkarikogutun batean. Bezperan, Junquerasek aldebakarreko bidea alboratu beharraz hitz egin zuen, eta horri kontra egin zion CUPek: «Garbi dagoena da mundu guztiak dakiena: ezin diogula uko egin askatasuna lortzeko borroka demokratikorako ezein bideri, ezta aldebakartasunari ere».

Eredutzat Eskozia hartzea proposatu zuen Junquerasek, baina antikapitalistek bereizi egin zituzten bi herrialdeetako gatazka politikoak, gogoratuz Erresuma Batuko Gobernuak «independentismoak bozkalekuetan lortutako garaipena» onartu zuela, «borrekin eta errepresioarekin eraso egin beharrean». Espainiako Gobernuak, aldiz, «erreferenduma demonizatzen» jarraitzen du, alderdiak esan zuenez, eta horrek «iragan triste eta autoritario baten mamuak» haizatu besterik ez dituela egiten. CUPek oroitarazi zuen Espainiak Konstituzioa onartzea jartzen duela elkarrizketarako baldintzatzat, eta bide horrekiko eszeptiko agertu da: «Espainiako Konstituzioaren barruan elkarrizketaz aritzea sarraila bat okerreko giltzarekin zabaltzen saiatzea bezala da; ez du zentzurik».

Herri mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuen CUPek idatzian, argudiatuz elkarrizketa mahaia Tsunami Demokratikoa mugimenduaren mobilizazioen emaitza izan zela. Uste du mahai horrekin Madrilek «tentsioa baretu» nahi duela, eta estrategia horretan kokatu zituen indultuak ere: «Borroka eta antolakuntza ziklo bat itxi nahi dute indultuekin».

Horren aurrean, «langileen eskubideak eta askatasuna defendatuko dituen gobernu independentista bat» aldarrikatu zuen, eta aitortu horrek «indarra» eskatuko duela: «2017ko urrian jendeak gorputza eta bihotza jarri zituen, eta, orain, instituzioak ez direnean maila ematen ari, berriz ere jendea behar dugu: desobedientzia zibila etxegabetzeen aurka eta familiak etxetik kanporatzen dituzten agindu judizialen aurka». COVID-19ak eragindako krisiari aurre egin, eta «babesgabeenak» defendatu behar ditu Generalitateak, CUPen iritziz.

ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie ere ez dago ados Junquerasek esandakoarekin: aitortu zuen «autodeterminazio eskubidea gauzatzeko modurik onena» Madrilekin erreferendum bat adostea litzatekeela, baina ñabartuz hori Espainiako Estatuaren esku dagoela, eta hark ez duela «inolako borondaterik autodeterminazio eskubidea errespetatzeko». Horrenbestez, bide guztiak zabalik mantentzearen alde mintzatu zen, horietatik salbuetsita soilik indarkeria erabiltzea eskatzen dutenak. Gainera, Marta Vilalta ERCko bozeramaileak atzo esandakoa gogorarazi zuen: hots, ez dutela «inolako biderik» baztertzen. Alderdiko presidentearen eta bozeramailearen hitzen arteko «kontraesana» argitzeko eskatu zion ERCri.

Izan ere, alderdi independentisten arteko adostasuna trabatu duen gai nagusietako bat independentziarako bide orriarena izan da, eta, hain zuzen horregatik, akordioa itxi ondorenerako utzi zuten. Ikusteko dago Junquerasek artikuluan esandakoak zenbateraino tenkatu duen haien arteko harremana, baina Patricia Plaja gobernuaren eledunak argitu zuen ERCko presidentearen testuak «ez duela ezer aldatzen» adostutakoaz. Madrilekiko harremanari buruz, Plajak esan zuen «negoziazio fase berri batean» sartuta daudela, «etengabeko elkarrizketa» izango duena.

Aragonesi ere kritika

Generalitateko presidenteak ere jaso ditu kritikak, Sanchezekin elkartzeagatik, baina, batez ere, La Vanguardia egunkariko jabe Javier Godo omentzeko ekitaldi batean egiteagatik. CUPek esan zuen Espainiako Gobernua eta Kataluniakoa «elkar ulertzearen aldeko apustu instituzionala irudikatzen» aritu ziren bertan, eta gogorarazi zuen antolatzaileak Foment patronala eta La Vanguardia egunkaria zirela: «Gure herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondatearen aurka posizionatu ziren publikoki, hitzekin eta keinuekin». Orduko irakaspen bat izan zen, CUPen arabera, «oligarkia beti kokatzen dela indartsuenaren aldean».

Paluziek «Espainiako Gobernuarekiko sumisioa» erakusten duen keinutzat hartu zuen herenegungo ekitaldia: «Ahoa instituzionalizazio errepublikanoz bete eta gero, ez dugu ulertzen gobernuko presidentearen eta Generalitateko presidentearen lehen topalekua Foment del Traballek antolatutako ekitaldi bat izatea, zeina metropolien interesen kudeatzaile den eta ANCk salatu izan duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.