Literaturazko muga ertzak zabalagotzen

BERRIA.
Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Literatura feministaren loraldia egon omen da gurean 2017an. Argitalpenetan bezainbeste salmentetan. Katakrakek zabaldu duenez, pentsamendu feministako liburuak dira 2017an euskaraz gehien saldu dituzten saiakerak, eta badirudi oro har franko saldu direla hala bilduma feministetako saiakerak, nola ikuskera feministako fikzio-lanak.

Gaiari mutur batetik baino gehiagotik hel dakioke eta, orobat, alderik onenetik, baikor, edo txarrenetik, ezkor. Gaiari ezkor begiratuz, esanen nuke saiakeren alorrean goraldia arras ikusgarria izan dela gero eta nabarmenagoa zelako alor horretako eskasiaren norainokoa. Erantsiko nuke Eskafandra eta Lisipe bilduma berriak sortu behar izan direla pentsamendu feministari eman zekion bilduma orokorretan tamalez eman ez zaion tokia. Ezkorkerian tematuz gero, gogoan izanen nuke Klasikoak bilduman (pentsamenduaren klasikoak euskaratzeko proiektuan) 1992tik 2011. urtera 130 lan euskaratu zirela, baina Pizan, Wollstonecraft, Woolf, Beauvoir edo Davis handien saiakera klasikoei ez zietela bilduman lekurik egin. Oroituko nintzateke Woolfen Gela bat norberarena crowdfunding baten bitartez argitaratu zuela, 2013an, Consonni argitaletxeak, eta bi bilduma feminista horiek eta Katakrak argitaletxea 2016an abiarazi arte, ez dugula euskaraz izan Davis. Eta oso-oso ezkor segituz gero, erantsiko nuke oraingo itxurazko askotasun hori ez dela aski berriki arteko eskastasunetik askatzeko, zeren ez gabiltza hagitz berandu soilik lan klasiko horiek falta ditugulako, baizik eta, baita ere, orain 30 urte mendebaldea astindu zuten lan mugarri gehienak ere ez daudelako oraindik euskaraz.

Baikor jarriz gero, ordea, nabarmenduko nuke bildumek erakusten dutela euskal argitaletxeetan, zorionez eta azkenean ere, eragile feministak sartu direla indartsu, eta oroituko nintzateke, halaber, Mari Luz Estebanek Feminismoa eta politikaren eraldaketan dioen honetaz: «...herritar aurrerakoiaren subjektua ezaugarritu beharko banu, orain eta hemen, feminista eta euskalduna izateko puntu asko dituen pertsona dela esango nuke»; pentsatuko nuke horrek azaltzen duela bildumek izaniko harrera beroa, hots, liburu horien Lisipeko lagunen hitzetan, ehiztariek baino lehoiek idatzitako historiaren eta istorioen gosez zeuden irakurle-saldoak berantetsiak zirela, saiakera feministekiko interesa ez dela moda pasakorra eta, hortaz, aurrerantzean saiakera-bilduma klasiko-orokor-unibertsal-neutroetan ere plazaratuko direla egile feminista gailenen lanak, izan euskaraz sortuak izan euskaratuak.

Fikzioaren loraldiari ere, aldeak alde, halatsu begira geniezaiokeela uste dut. Fikzio feministatzat hartzen badugu emakume eta gizonen arteko desberdinkeriez, sexismoaz zein botere-hierarkiez oharturik eta haiek auzitan jarriz ondutako lanak eta emakumeen esperientziaren begiradatik idatzitakoak, genero bat baino ikuspegi bat litzateke (zeinahi generori zientzia fikzioa, historikoa, beltza... txerta dakiokeena, gogoeta feminista edozein zientzia-arlotan jarduteko oinarri izan litekeen bezala) eta garbi dago ikuskera horretako gero eta lan gehiago argitaratu eta nabarmentzen direla gurean. Itzulpenetan, Munduko Poesia Kaierei esker osatzen ari den kanon orohartzaileagoa pozgarria da oso, baina ezin ahantzi Literatura Unibertsala bildumako zerrendan ageriko zuloak daudela oraindik: Atwood, Perkins-Gilman, Chopin...

Dena den, baikortasuna bizitzarako mesedegarriagoa omen denez ezkortasuna baino, eta ez daukanak ongi ohi dakienez edukitzea zein den ona, gaitezen alegera oraingo goraldiaz eta, batez ere, dezagun irakur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.