Noiz sortua: 2020-03-27 00:30:00

ERRESISTENTZIA KUTXA (III)

Publizistaren zazpi pantailak

Urteetan Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn kazetari lanean aritu ostean, itzultzaile lanetan dihardu gaur egun Juan Luis Zabala idazleak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). Bereak ditu Zigarrokin ziztrin baten azken keak (Elkar, 1985), Kaka esplikatzen (Elkar, 1989), Galdu arte (Susa, 1996), Agur, Euzkadi (Susa, 2000) eta Txistu eta biok (Algaida, 2016) nobelak —azken horri esker Kutxa Irun Hiria eleberri saria eskuratu zuen—. Narrazioan, berriz, Ahanzturaren artxipelagoa (Elkar, 1987), Gertaerei begira (Elkar, 1988), Sakoneta (Susa, 1994) eta Ospa (Susa, 2017) liburuak ditu argitaratuak. Beste hainbat generotan ere plazaratu izan du lanik, hala nola Hautsia natza (Euskaltzaindia BBK, 2000) poesia liburua eta Inon izatekotan (Susa, 2006) dietario moduko lana, baita bi biografia ere: Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila (Zumarte, 2003) eta Maltzeta, soinu bete bihotz (Trikitixa elkartea, 2012).
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Juan Luis Zabala -

2020ko martxoak 27
Zazpi pantailaz inguratuta ehortzi dute publizista, hilerriko aterpe txiki batean.

1. PANTAILA

Hitzik nahiz musikarik gabe eta zuri-beltzean. Aurpegi zartatuko eta begirada zorrotzeko gizon serio eta ilun, ezinago ilun bat, edalontzi txiki batetik likido garden bat edaten, gela edo areto estu eta hits, ezinago hits batean. Muturreraino gogorrak biak, elkarren aurkako borroka gupidagabean dirudite gizonak eta edariak. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

2. PANTAILA

Hitzik nahiz musikarik gabe eta koloretan. Traje dotorez jantzitako gizona lasterka bizian. Atzean hiriko paisaia ikusten da. Eskuko telefonoa harrika bota eta arropa kentzen hasi da gizona, bizi-bizi, gorbatatik hasita, lasterka egiteari utzi gabe. Azpian futboleko arropak ditu, eta kanpoko arropak erantzi eta futbolekoak agerian utzi ahala, hiriko etxe handiak atzean utzita, futbol zelai handi batean sartu da, lasterka beti. Zelaian futbolean ari dira, eta jende asko dago harmailetan, futbol jokalariei begira. Gorbata, jaka, alkandora, erlojua eta zapatak kendu ondoren, galtzak ditu lehengo janzkerako arrasto bakar. Galtzak kendu eta behetik hasita goraino futbolari jantzian geratzearekin batera, jauzi ikaragarria egin, baloia buruz gogor jo eta gola egin du. Jauzia oso handia izan denez, lurrean bueltaka dabil baloia atean sartzen den bitartean. Poz handiz ari da ospatzen gola, taldekideekin batera. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

3. PANTAILA

Ibiltaria hirian, turista baten moduan dabil, irria ezpainetan, bazterren edertasunaz gozatzen. Tarteka, elkar iraintzen, mehatxatzen eta jotzen ari den jendearekin egiten du topo. Ukabilekin ari dira borrokan batzuk, makilekin edo labanekin beste batzuk. Tiroak entzuten dira, baita jendea balaz jota erortzen ikusi ere, aparkatutako autoen artean, baina ez ibiltariak bere burua arriskuan sentitzeko bezain gertu. Eskuko telefonoa atera eta pozkarioz mintzo da ibiltaria, hirian oso gustura sentitzen dela aditzera emanez. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia.»

4. PANTAILA

Erreferagan tableta eferbeszentea, osorik, erdiko marraraino urez betetako Duralex edalontzi klasiko batean. Apurka-apurka desegiten hasten da. Goraka egiten hasi eta, ezinean bezala, behera egiten du berriro. Saiakera gisako mugimendu horiekin bat egiten duten oihu larriak entzuten dira. Horrela hainbat eta hainbat aldiz, harik eta azkenean, ordurako oso murriztua, eskastua, uraren azalera jo eta erabat urtuta geratu arte. Oihuak ere etsipeneraino eta isiltasun erabatekoraino joan dira apaltzen azken mugimendu horretan. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

5. PANTAILA

Hileta-auto beltz luze eta dotorea ikusten da, albotik, hilerri baten barruan, hilobi eta panteoi handiz inguratua, behe-lainoak lanbrotutako giroan. Bikini gorriz jantzitako neska gazte liraina hurbiltzen da autora, atzealdetik, mugimendu sentsualak eginez, eta autoaren ondotik pasatu ondoren kapotaren gainean jartzen da. Tanga beltz ñimiñoz jantzitako mutil gazte segaila dator gero, autoaren aurreko aldetik, hura ere mugimendu sentsualak eginez. Neskarengana hurbiltzen da mutila. Elkar besarkatzeko eta laztantzeko imintzioak egiten dituzte, elkarrengana gerturatuta, ia-ia elkar ukitzen baina elkar ukitu gabe. Sabai gainera igotzen da mutila. Neska eta mutil gazte gehiago inguratzen da autora, neska guztiak bikini gorri txikiekin jantzita, tanga beltzekin mutilak. Mugimendu sentsualetan gerturatzen dira bata bestearengana —neskak mutilekin, neskak neskekin edo mutilak mutilekin—, kapotaren nahiz sabaiaren gainean, hileta-autoaren aurrean nahiz atzean, orgia batean baleude bezala, baina inoiz elkar ukitzera iritsi gabe. Apurka-apurka, beren mugimendu horiek hileta-autoaren azpira eramaten dituzte gazteak, eta han dagoen zulo batean sartuz desagertzen dira guztiak ikusmenetik. Hasieran bezala, hileta-auto beltz luze eta dotorea baino ez da ikusten, hilobi eta panteoi handiz inguratua. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

6. PANTAILA

Paretan ezarritako komuna ikusten da, zuloa neurri ertaineko pertsona baten buruaren alturan duela, eta komunaren zuloan telebista aparatua. Pantailan, Wim Wendersen Im Lauf der Zeit filmeko sekuentzia bat: Rüdiger Vogler aktorea (Bruno Winter King of the Road pertsonaiaren rolean) aire librean kaka egiten. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

7. PANTAILA

Hainbat neska-mutil eta andre-gizon ikusten dira, denak arraza zurikoak, mendebaldar itxurakoak eta txukun jantziak, aire librean janariz eta edariz ondo hornitutako mahai baten inguruan antolatutako festa batean, elkarrekin hizketan, nahasian. 20 bat urte izango ditu gazteenak, 60 inguru zaharrenak. Argazki baten aitzakian bikote mistoetan elkartzen hasten dira: bikote guztietan emakumea da bata, gizonezkoa bestea. Bata bestearengandik gertu jartzen dira bikoteetako kideak, elkarri gerritik estu oratuta, ezpainetan musu emanez, elkarri ipurmasailak igurtziz. Bikote guztiek bi ezaugarri nagusi dituzte: adinez antzekoak dira bikote guztietako bi kideak; bi kideetako bat itxura bikain ederrekoa da, aurpegiz nahiz gorputzez, modelo izateko modukoa: bestea, aldiz, itsusia eta moldakaitza hala aurpegiz nola gorputzez, gizena ez dena txiki-txikia. Amaieran, errotulu txiki bat ageri da pantailaren behealdean: «Hau ez da iragarkia».

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek Sanchez babestu du, baina uste du hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna