ERRESISTENTZIA KUTXA (XI)

Mary Shelley eta bere piano gardena

Lekeition (Bizkaia) jaio zen 1962an. Uneka...gaba (Labayru, 1988) 11 narrazioz osatutako bilduma izan zuen lehenengo argitalpena, eta orduz geroztik, hamaika lan kaleratu ditu, dela haur eta gazte literaturaren esparruan, dela poesian, dela helduentzako narratiban. Haur eta gazte literaturan egindako hiru lani esker —Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001), Urtebete itsasargian (Elkar, 2006) eta Errepidea (Erein, 2010)— Euskadi Saria irabazitakoa da Meabe. Besteak beste, Azalaren kodea (Susa, 2000) eta Bitsa eskuetan (Susa, 2010) poema bildumak, Zazpi orduak (Elkar, 2010) eta Hezurren erretura (Susa, 2019) narrazio liburuak eta Zer da, ba, maitasuna (Elkar, 2008) eta Kristalezko begi bat (Susa, 2013) eleberriak argitaratu ditu. Euskadi sariaz gain, beste hainbat sari eskuratu ditu: Espainiako kritika saria, Rosalia de Castro saria, 111 Akademiaren saria...

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Miren Agur Meabe.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Testuingurua. Miren Agur Meabek martxoaren 17an estreinatu behar zuen, Bilbon, Loraldiak eta Bidebarrieta Kulturguneak elkarlanean antolatuta, Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe ikuskizuna. Ekitaldi horretan, Eneritz Artetxe (gidoia eta zuzendaritza), Amorante (musika) eta Aitor Gametxo (irudiak) izan behar zituen lagun.

Emanaldiaren oinarria Meabek azken urteotan idatzitako eta udazkenean Susa argitaletxeak kaleratuko dituen poemak dira. Lan horretan, batetik, egilearen ohiko gaiak azalduko dira: hitzaren balioa, kode berrien premia, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota sormena ahalduntze bide gisa.

Bestetik, zenbait emakume esanguratsurekin izandako solasak azalduko dira, batzuetan elkarrizketan, besteetan alter egotzat hartuta, hala nola Mary Shelley, Ellen Ripley tenientea, Wendy, Mahatsaren Andre Maria eta Brontë ahizpak. «Guztion artean, katalogo bat osatzen dute bakardadeari eta doluari buruzko gogoeta egiteko», adierazi du egileak.

Horietako bi dira Erresistentzia Kutxan irakurgai diren honako hauek.

Mary Shelley etabere piano gardena

Pianoa gardena zen, armazoia, tapa, sokak zuriak. Mary Shelley aulkian jarrita zegoen palmondo nano baten aurrean, palmondoa beirate baten azpian, beiratea alabastrozko ezkataz apaindurik. Ezkata haiek zera izan zitezkeen, Maryren bular zanpatuak, mihiari ebakitako zatiak, burmuin-lobuluen erdia, betazpietako zirku-pista.

Itsasontziaren atondoan, Mary zurbilak pianoa jotzen zuen hildako amarengatik, hildako seme-alabengatik, hotzak hildako ahizpaorde F.rengatik, jaiobako lerroengatik. Gizon bi albotik pasatu zitzaizkion salba-txalekoekin, baina ez zuten ikusi. Eta bera teklak astindu eta astindu zebilen, bere eskuak balira bezala galeoi baten mailuak galernarekin borrokan. Ekaitzaren mende zegoen Maryren maitea, hiltzear, bera berriro ere bakarrik uzteko, bizitza osoan legez, beste behin bakarrik eta beti. Zuk, neure idazkari laztanak, ordena itzazu nire paperak eta zeureak, eta maita nazazu.

Eta pianoaren tekleriatik lurrun-piltzarrak jalgitzen ziren eta bakoitza mamu bat zen, ama izan ez zitzaion ama, gauak irentsitako seme-alabak, urruntasunak suntsituriko ahizpa, testu hilaurtuak. Maryren birika-albeoloetan, berrogeita hamapiku urteetako estrogeno iharretan, zelulen gazteluetan, arima zurtzean, taup egiten du elektrizitate zurrumurru batek, haragizko gargola batek, hazi errepikakor batek, bere hatzek ukitu ezin baina erlojuaren orratz laburrak bihotzera apuntatzen dionero lokietan pausatzen zaion hori josten duen hariak.

Mary Godwin, gero Shelley, zure maitea itotzen ari da hemendik ez urrun. Eta Byronek, zutik itsas leize baten aurrean, lerdokeriak aldarrikatzen ditu uluka, hala nola maitasuna bizitzaren parte bat dela gizonentzat, baina emakumeentzat, aldiz, bizitza osotara. Eta orain, Porto Veneren, etxerako aire-freskagarriek haren izena daukate eta Chanelen estiloko perfume-bonbiltxoetan saltzen dira. Eta moilako hormetan grafitiak errepasatzen dituzte George Sandek, Passolinik, Montesquieuk. Hitz gutxi batzuk aski dira historia gatzezko azal bihur dadin San Pietroren gangan nahiz Liguriako marinelen bodegetan.

Maryk ez du txalorik espero. Partitura digitala piano gardenaren gainean pasatu, eta tremoloak eta eskalak praktikatzen dihardu, kontrako eztarrian zauriak, ideiak, letrak, trangoak trabatu bitartean. Betaurrekoak galduta, ez du tutik ikusten. Bozgorailu eleaniztunek afalordurako abisua eman dute, kaioek sehaska-kantak egin dituzte oka, zientzialariak teorizazioan dabiltza poesiaren balizko ahalmenaz materia bizigabea berpizteko eta Prometeo berriek beren patuari egiten diote uko.

Dena da orbain itzela.

La Spezia, 2017ko uztailaren 15a

Ilargia Genovaren ondoren

Non jartzen du musikariak pentsamendua, jo bitartean? Marguerite harrerara jaitsi dapaper eske. Premiazkoa zaio zerbait adieraztea bidaian zehar bizkar tristean gora egiten dioten akordeen gainean. Porta Sopranaren eta Cristoforo Columbusen etxearen arteko kalexkan bikoteak musuka ari dira altzifreen kontra, eta lizunak ahulduriko txolarreak kandelatzar higatuen antzeko kapitel inausietan pausatzen. Orain ez zaio axola il amore, tell me more, tell me more, baina bai estatua mutilatuak, parkeetako dolore.

Marguerite geldi dago begiekin itsaso bila. Premiazkoa zaio bide-orria deskribatzea, eta laztan dagio folioaren ikur urdinari. Urdina zen ipuin urdin hartako zazpi merkatarien irrikaren istila. Denek desio zuten harribitxi ederrena. Baina bitxiak urtu egiten dira hatz gosetiek eta aho ezjakinek ukitu eta batera. Berak badaki ez dagoela azkenean saririk, euripeko eskalearen nini itsuan preso hartutako argia izan ezik. Orain ez zait axola il amore, tell me more, tell me more, baina nire sostenaren igarobide-arkuak, ai, oi, ei, traidore.

Margueriteren ahoan hiru Lur-globo dabiltza dantzan, bere asmakariak. Premiazkoa zaio bere listuan pirritaka erabiltzea terra incognitara ailegatu artean. Telefono-mezu batek asaldatu egin du: «Ez ezazu kapitaina konkistatu, ama, ze itsasgizonak alderrai ibili zaleak dira eta zure katuak ez luke hori jasango». Zer dirudi ubera horrek popan, zilarrezko eta petroliozko hostopila. Orain ez zaigu axola il amore, tell me more, tell me more, baina bai gnomoak, danborra jotzen balekite dotore.

Non jartzen du musikariak bihotza, eskutik helduta brankara daraman bitartean? Margueritek uste du badirela gauza arraroak munduan: Bulgarian zazpi tigre bezatzen diharduten gizonak, bera maitatzen hasteko zazpi urte behar dituzten gizonak, beragatik bizia zazpi segundotan emango luketen gizonak. Haztamuka makurtu, eta bere pixean kordokan isuri du bere arimako arraintxo hilaurrena. Ilargiak, nakarezko txanponak, malko bat argitzen du, ez duena bertuterik, akatsik ez duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.