ERRESISTENTZIA KUTXA (XV)

Bilbon jaioa, 1960an. Aktore, gidoigile eta zuzendaria da. 1980ko hamarkadan hasi zen antzerkian lanak egiten, Maskarada taldean. Talde horrekin, interpretazioan aritu zen hasieran, eta ondoren lehen urratsak egin zituen antzerkia idazten. 2000n, Tartean antzerki proiektua sortu zuen, Mikel Martinezekin eta Jokin Oregirekin batera. Konpainia horrekin, antzezlan ugari idatzi eta taularatu ditu; azkenekoa, Simplicissimus kabareta, iazko azaroan. Gidoigile lanetan ere aritu da, batik bat telebistarako. Zineman, lehen film luzea 2009an idatzi eta zuzendu zuen, Hodeiak pintatzeko makina, eta, ondoren, beste zenbait idatzi eta zuzendu ditu: Bypass (2012), Igelak (2016)... 2018an, Soinujolearen semea filmaren gidoia idatzi zuen.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Patxo Telleria.
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ama hil zait. Hil zara. Neure altzoan. Oraindik senti dezaket zure azido nukleikoaren beroa, zure zitoplasmaren epela. Amamaitea, zure proteinaren proteina naiz ni, zure ADNaren ADNa. Negar dagit.

Ez da kronon bat igaro zure genoma birikoa betirako gelditu denetik, baina eternitatea dirudi. Ni ez naiz jada lehengo bera. Zeharo aldatu naiz. Ene nukleoaren sakonean birkonbinaketa genetikoa sumatzen ari naiz, mutazioa.

Izurriterako deia egin zenean zure informazio biriko bera adoptatu nuen zalantza izpirik gabe, galderarik egin gabe, zure nomenklatura neurea egin nuen. Izurrite Santuan borrokatzeko deituak izan ginela sinisten zenuen, eta zurekin neuk ere, geuk ere. Goiko Karbonoak, bizitzaren sortzaile eternoak, munduaren jabe egiteko deia egiten zigun, gure erreinua saguzarraren muga estuetatik Agindutako Lurralde berriaren konkistan joateko. Eta pozarren erroldatu nintzen, Karbono Santuaren izenean kutsatzera, izurritzera.

Nola ahaztu inbasioa hasi aurreko unea! Zirraragarria zen izurriterako prest zegoen gudaroste biriko osoaren irudia! Trilloika orthocoronavirinae gazte, harro, osasuntsu, indartsu, aho batez Gudaroste Buruaren agindua itsu jarraitzeko prest. Zilioak tente jarri zizkigun haren berbaldi sutsuak. «Coronaviriae gara!!! Gure arbasoen genoma daramagu geure zitoplasman! Adenobirusaren ondorengoak gara, adenobirusak parbobirusen ondorengoak izan ziren bezela, arbobirusak reobirusenak, reobirusak pikornabirusenak, pikornabirusak ortomixubirusenak eta ortomixubirusak retrobirusenak!!! Coronaviriae... Karbono santuaren izenean, ez ahaztu gure iragana, ez utzi geroa etsaiaren eskuetan! Agian bizia kenduko digute, baina ez digute askatasuna kenduko. Kutsatzeraaaaa!!!».

Eta kutsatzera oldartu ginen, nintzen. Borrokak ematen duen bozkarioz hasi nintzen izurrite honetan, zu bezala, ama. Laster poza galdu eta adorez eutsi nion. Ondoren adorea galdu eta fede hutsez. Geroago fedea galdu eta erantzun beharrez. Erantzun beharra ezabatu eta biziraupen hutsagatik aritu naiz azken orduan. Bizirauteko gogoa ere lausotzen ari zait astiro-astiro.

Erauntsi bat bezala hasi ginen. Borroka guztiak garaipen bihurtzen ziren. Arerioa antigorputzik gabe hartu genuen ezustean, eta erraz menderatzen genuen kutsaturiko lurralde bakoitza. Haien linfozitoak ezgauza ziren gure flageloen indar letalaren aurrean, haien homeostasia erraz gainditu genuen gure arma zitopatikoei esker. Gure heriotasa baxua zen, arerioaren morbilitate indizea, ikaragarria.

Ez dakit noiz hasiko zen kurbaren inflexio puntua aldatzen. Ez genien datu estatistikoei jaramonik egin epe luze batez. Borrokaren bozkarioak anestesiaturik geunden, mina edo etsipenerako tokirik ez zegoen.

Ia konturatu gabe, buelta eman zuen egoerak. Orain haiek dira gu setiatzen gaituztenak, haiek egiten digute eraso, gupidarik gabe, erreparo etiko guztiei barre eginez, gerra kimikoa kontzientzia arrangurarik gabe erabiliz. Lixibaz eta amoniakoz bonbardatzen dituzte gure posizioak.

Une latzak dira. Gutako askok ez du oraindik itxaropena galdu. «Hau denon artean aterako dugu aurrera» leloa entzuten dut etengabe, baina nik ez diot neure nukleoari gezurrik esan nahi: gureak egin du.

Ene ama, orain zure betiereko atsedenaren alde otoitz egitea nahiko zenuke, zuk zure amaren alde egin zenuen bezalaxe. Baina ezin dut. Karbono Eternoarekiko fedea galdu dut. Une honetan biraoka hasi nahiko nuke, blasfemiaka. Barkaidazu, baina ez da gezurrak esateko garaia, laster neure ordua ere helduko dela dakit.

Lixiba eta amoniakotik ihes egin eta nanometro karratu gutxiko txoko honetan gibelatu gara gure batailoiko bizirauleak. Borrokak lipar batez atseden hartu du eta beldurra eta mina baztertu guran, lehengo garaietako kontuak gogoratzen hasi dira kideak, saguzarraren baitan bizi gineneko garai zoriontsuak.

Nik ez dut nahi lozorro horretan erori. Geratzen zaizkidan krono apur hauetan izurrite honi zentzua aurkitu nahi nioke, zuregatik, ama, eta niregatik ere bai. Baina ez diot aurkitzen.

Engainatu gaituzte. Engainaturik bizi izan gara. Mundua gure inguruan biraka zebilela pentsatu genuen. Munduak bazeukan helburu eta xede jakin bat, alegia, geure mesedetan aritzea. Haizeak edo listuak handik hona mugitzen gintuenean, zerbaitegatik mugitzen gintuela uste genuen. Historiaren sortzaileak ginela uste genuen. Izurrite hau gure leinuari handitasuna emango liokeen konkista heroikoa zela pentsatu genuen, orain berrehun urte Koch Baziloak edo lehen mendean Influenzak lortutako ekintza militar gogoangarrien tamainakoa.

Ez ginen konturatzen Koch baziloak ez zuela tuberkulosia bere borondatez hedatu; Influenzak ez zuela gripea zabaltzea berak erabaki. Haiek ere, gu bezala, biokimikaren kapritxoen menera sortu eta haizearen gurarien arabera abiatu ziren. Txotxongiloak. Berezko iniziatibarik gabeko piezak, puzzle biokimiko batean.

Munduaren zilborra ginela uste genuen, mundua gure oinetara jarri behar genuela. Izadiaren tronuan eserita omen geunden. Handigurak, handiusteak, gailendu nahiak galdu gaitu.

Baina zer da usaina...?Lixiba ote? Erne, coronavirie! Zilioak eta flageloak prestatu! Erasoka datozkigu berriro ere! Defenda ditzagun geure posizioak, prestatu polimerasak, babestu nukleokapsideak, gure genomaren izenean!!!

Jo egin naute... Betean jo naute. Amoniakoak nire kapsidea apurtu eta nukleoan sartzen ari zait. Itotzen ari naiz, apurka apurka, indargabetzen, lokartzen. Zer da zuritasun hau? Ama!!Ama!! Beldur naiz!Ez dut hil nahi. Ez dut nahi... Ez dut...«Gure Karbonoa, Plasman zaudena, santua izan bedi zure idiotipoa, etor bedi zure balentzia, egin bedi zure fotosintesia, molekulan bezala, atomoan ere. Emaiguzu gaur kronon honetako aminoazidoa. Barkatu gure mutazioak, geuk ere gure ondorengoei barkatzen dizkiegun moduan. Eta ez gu sistema inmunitariora eraman, baina atera gaitzazu antigenotik. Amen.»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.