BERTSO JARRIAK

Belarri musikatuak

(Larraul, Gipuzkoa, 1972). 25 urtetik gora daramatza plazan, eta mila saiotik gora egina da. Bertsolari Txapelketa Nagusian bitan izan da finalista, eta 1997an laugarren gelditu zen. Gipuzkoako Txapelketan lau aldiz izan da finalista, eta bitan txapeldunordea.

Jexux Mari Irazu Muñoa.
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
1.
Luzeak, motzak edo zabalak
maiz mitoz elikatuak
onak, eskasak, finak ta gorrak
guztiak delikatuak
ageriko nahiz ilepekoak,
piercingez murtxikatuak...
Sonatuetan sonatuenak
belarri musikatuak.

2.
Suge txistu fin hozkalaria
edo erlauntza burrunba
ekaitz aldiko haize soinu ta,
pitido, zunbido, zunba.
Edozelango Lekeitioak
ta beste hainbat oihartzun-da
Ze ezberdina dena kanpotik
edo barrutik entzunda.

3.
Barne ahotsik ba ote nuen
kezkaz eta jakin minez
Orain atsegin ez dela eta
larri isildu ezinez
Bere hizkuntzan nabilelako
nola Txirrita latinez
unibertsoa hizketan eta
ze esan nahi didan jakin ez.

4.
Federik balitz zientzian eta
alternatiben praktikan
estimatzen da ez izatea
zeinek lagundu faltikan
denak du bere eragin ona
konfiantzaren argitan
Soinua berriz jaisten ta jaisten,
belarrian ez, patrikan.

5.
Audifonoak omen direla
zarata goxatzeko gai
zenbait pastilla lagungarriak
agudoak grabetzen, ai (sic)
akupuntura, osteopatia
yoga, energiak, zernahi
eskura izanda nola ez probatu?
Sendabelarrak ere bai!

6.
Desesperatu ta noiz joango
nor ez da borrokan jardun
tonu berean jarri artean
bihotz, belarri ta garun
bizitzarako irakaspena?
Nahiz ta ez datorren leun...
batzutan izan behar dugula
nahi ez dugunaren lagun.

7.
Zer hauspotzeko hasten da jotzen
norbere barruko gaita?
Biak aukeran, kasurikan ez
edo etxekotzat maita
horra bertsotan akufenoen
udako bertsio light-a...
Egiari zor, benetakoa
beste musika bat baita.

Doinua:
Naparruatik ardo karraio / Norteko ferrokarrila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.