Albistea entzun

ERRESISTENTZIA KUTXA (XIV)

Betiko dun dena

Ia-ia urtero lan berri bat plazaratzen duten idazle emankor horietako bat da Karlos Linazasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1962). Askotariko literatur generoak landu ditu, eta obra oparoa ondu: poesian, hamar liburutik gora ditu dagoeneko, horietan azkena, 2018ko Lurra bere erro gorrira (Balea Zuria); narrazioetan, Eldarnioak (Erein, 1991), Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000), Gizakiaren minak (Erein, 2010) eta Trilogia hiperlaburra (Elkar, 2016) argitaratu ditu, besteak beste; eta eleberrietan, Urperatze handia (Elkar, 2009), Udalbaltza bahituaren kasu pollita (Elkar, 2011), 6012 (Erein, 2018) eta beste. Saiakera ere landu du —Isiltasunaren adabakiak (Pamiela, 2003), Beti eder dena (Erein, 2006), Esan gabe doa (Ultriusque Vasconiae, 2009) eta Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar, 2015)—, bai eta, halaber, antzerkiaren eta aforismoen generotik sartu-irten laburragoak egin ere.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Karlos Linazasoro -

2020ko maiatzak 2

Betiko dun dena
baina ni ez naun betiko.
Ez zaukanat ezer une hau baizik,
eta une hau ez dun kabitzen nigan,
ni ez naizelako hosto batean kabitzen,
hosto bat ez delako betikotasunean kabitzen,
ez beste neurri apalago batean ere.
Hau dun unea eta hemen naun betiko.
Gainerako atzoak eta biharko pozak
igaro zitunan eta ez ditun ezer,
loreak baizik ez, gomutak, min leunak.
Ez ditun ezer eta ez ditun betiko,
baina bihotza betetzen zidatenan denboraz,
gelditzen zaidan denboraz bihar arte,
nigan kabitzen ez den oro izan nadin,
beste hosto bat eta zeruago,
nire baitan dagoen guztia,
jaiotza eta bekatua eta basoak,
daukadan ezintasun handia,
atzera begiratzeko sukar sendaezina,
itzali nitinan argi ezilkorrak.
Hauxe dun unea, nik bazakinat,
baina minutu honek ez zakin nire berri,
entzuten nain baina ez nain ezagutzen,
eta astia eskaintzen zidan, mundu oso bat,
bart amaituko zaidana ezpainetan,
ezti goxo labur baten gisa,
mundu oso bat uneka hiltzen dena.
Hauxe dun dena, nik bazakinat,
eta bere infinituan hain urria delako
ezin dinat bere erroan neuk soilik iraun,
ni neu soilik ez naizelako denborak
denbora izateko behar duen
ahanztura eta oroimena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zenbait erakundetako ordezkariak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Kristalezko begi bat</em> liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autobiografia bat, ahots gora

Olatz Enzunza Mallona

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dute Bilbon
 ©RON KROON / ANEFO

Ahots leun baten ibilbide arrakastatsua

Miren Mujika Telleria

Abeslari brasildarra bossa novaren ikur nagusietako bat izan zen, eta mundu osoan egin zen ezagun 1960ko hamarkadaren hasieran 'Garota de Ipanema' kantuaren ingelesezko bertsioarekin.
Angeles Cruz zinemagilea. ©ZINEGOAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.