ERRESISTENTZIA KUTXA (XXVIII)

Kolapso

Ordizia du (1964, Gipuzkoa) jaioterri, eta Gasteiz sorleku. Bertan, azken hiru hamarkadetan sortu dituen lanen erroak nabarmentzen dira, hala nola Atxiki sekretua —sorginen eskuliburua— obran, Urrezko giltza disko-liburuan eta Julien Vinsonen hegaldia nobelan. Hegoak ere nabarmenak dira, batez ere migrazioak eta mundu arabiarra hurbiltzeko: esate batera Usoa eta Korri, Kuru, korri! ipuinetan, eta Eztia eta ozpina nobelan. Erroak eta hegoak Joan —hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk— nobelan mamitzen dira, eta Exuperyren Printze Txikia edo Mahfuzen Mirarien kalezuloa itzulpenetan. Bere lan asko sarituak eta itzuliak izan dira.

PATXI ZUBIZARRETA.
Patxi Zubizarreta.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Zegatik ekarri zuten une beretik iruditu zitzaidan bestelakoa, nola esan, denboraz kanpokoa. Kazetetako argazkietan ikusitako gizontxo zarpail eta prakanasaia izan zitekeen, tripotxak eta bizar sarriak are baldrestuagoa, baina gelara sartu bezain laster halako presentzia duin eta patxadatsua erakutsi zidan, eta, horrekin batera, basoko usain hezea zabaldu zuen. Esku zailduak zeuzkan, krakatsuak, eta ezkerra uzkur luzatu zidanean, zalantzan sumatu nuenean musu eman ala ez, bereziki orduan antzeman nion lau hilabetetan zehar jendartetik aparte bizi izan zela, beste habitat batean, eta artean ez zekiela jendetasuna agertzeko manerak erabat aldatuak zirela. Guztiarekin, beste zerbaitek ere bestelakoa egiten zuen, baina nik oraingoz jakiterik ez.

Neure burua ofizioko abokatu gisa aurkeztearekin batera egin nion galdera, eta espero ez nuen logikarekin erantzun zidan Juanek. «Guztiok izaten dugu noizean behin dena bertan behera utzi, eta ospa egiteko gogoa, ezta? Dena pikutara bidali, eta betiko desagertu... Baina, azkenean, autoa hartu, eta etxera itzultzen gara».Dena dela, bere asmoa Legution bertan basoerdi parea hartu, ostatu batean goiztxo afaldu, eta Gasteiz kanpoaldeko Gorbeia zinemetan La Trinchera infinita ikustea omen zen, eta handik zuzenean etxera itzultzea. «Gerraostean, fusilatuko zituzten beldurrez, etxean giltzapetuta urteak pasatu zituztenei buruzkoa da filma: satorrak, bizian hilak». Juanek gaineratu zidan zinemako aretoek maitetxeetakoak ekarri zizkiotela gogora, aitortu zidan satorrei buruzko istorioak arrastoa utzi ziola eta, kanpora irten zenean, bidaia luze batetik itzuli izan balitz bezala sentitu zela. Horrekin batera, guardiak barnean eta kanpoan, handik gutxira, kontrol batean ikusi zituenean, azkar erreakzionatu, eta Murgia aldera jo zuela esan zidan. «Kopakoarekin gorputzaldi txarra goxatzera. Gainera, gustatu egiten zait tabernetan-eta bakarrik sentitzen direnei antzematea. Urteetan, kamioian garatu dudan dohaina da: usaimen fina dut bakarrik daudenei antzemateko».Nik uste orduan ohartu nintzela begirakunea zela desberdintzen zuena; txakurkume batena bezain xaloa zen, tolesgabea, inondik ere ez akusatzailea, baina goitik behera zeharkatzen zintuen, eta babesgabe sentiarazi.

Gasteizko aldirietako kontrola gogoan, Murgiatik badaezpada ere Gopegirako bide lasaiagoa hartu zuen Juanek, baina Legutioko bidegurutzera heldu aurretik, argiak itzali, autoa izkinatu, eta oinez egin zuen aurrera, zer suma. Bihozkada izan zuen, eta halaxe gertatu: han ere kontrola zegoen, baina ez larunbat gauetako alkoholemiakoa, izan ere kateak eta iltzeak bistatu baitzituen errepide erdian behaztopagarri. Eta auto ilara gero eta luzeagoa.Etxean inor ez zain —kazetaren batean mutilzahar esaten diote—, eta Juani Muruako harrobietara jotzea bururatu zitzaion, han loaldi bat egin, eta biharamun goizean itzuliko zelakoan.

Hotza eta auto barnean hartu beharreko posturak gorabehera, ez omen zuen lo txar-txarra ere egin. Edonola ere, mendigoizaleei aurrea hartu nahirik, Murua herrixkarantz abiatu, eta bidean laster bi pibote gaindiezin topatu zituen. Kezka ernetzen hasia, harrobira bueltan irratia piztu, eta Radio Mariaren jardun beti-bat hura besterik entzuten ez. Bitxia zen: igandea, aste santua ate joka, eta katagorriren bat izan ezik, arimarik ez. «Eskuak ilera eramaten dituzunean, orrazteko edo hatz egiteko, ematen du katagorri bat daukazula sorbalda gainean, hura bezatu nahian zabiltzala», jaurti zidan ezustean, baina Juanek, kontakizuna eten gabe, aitortu zuen errekastoan berehala freskatu, eta hura zeharkatzerakoan itomena sentitzen hasi zela. Mendian gorago eta itomen handiagoa, zinemakoaren antzeko sentipen nahasgarria. Halako batean, aterpetxe batera heldu zen, baina han ere bakardade gorri berbera zain. «Sasian ibiliko banintz bezalaxe. Eta gainera, Bizkaia aldeko larreetan, bidexka batean poliziaren jeep bat ikusi ez nuen ba!». Isil-gordeka, Gorbeiarantz jarraitu zuen, eta egundoko poztasuna hartu zuen Araba aldeko pistan neska bat zakurrarekin ikustean. Baina atzera nahigabetu zen sastraka artetik bat-batean hiruzpalau polizia irten, eta neska atxilo hartu zutenean. Jeep batean eraman zuten, zakurrarekin eta itxaropenarekin batera.

Epailea nire kontakizuna laburtzerik ote dudan esaten imajina dezaket, lanez lepo, kolapsoaren atarian daudela. Apika nabarmenduko du aurretik sartu den bikotea alokairuaren kargu egin ezinik, kanpin batean babestu zela, baina hura ere ordaindu ezinik autoa bizileku hartu zutela, harik eta ezegitekoetan atxilotu zituzten arte. «Emakumea haurdun dago...». Ados: labur kontatuko diot Juan beldurrak hilik jaitsi zela harrobietara, bidean inortxo ere topatu gabe, eta jota geratu zela autoaren gurpil batean poliziaren giltzarrapoa ikusi zuenean. Handik aurrerakoaz, kazetariek molde askotariko delituak eta arau hausteak leporatzen dizkiote basajuan delakoari: ingurumari hartako aterpetxe eta artzain etxola askotako sarrailak behartu zituela; bi lozaku, bota parea, jertseren bat, lanabesak, jostotzara bat, latak, paper higienikoa eta liburuak lapurtu zituela... Gordeleku bat eraikitzeari ekin behar izan zion, haga eta adar, goroldio eta kartoi, plastiko, lata eta poteak erabiliz. «Nahikoa bizileku itxurosoa lortu nuen. Pena bakarra sua egiterik ez izatea. Kafetxo bat, sikiera... Baina ezin kerik sortu». Bien bitartean, Gasteiz eta Otxandio bezalako industriaguneei ere ez zerien kerik, Urkiolarako bidean tanke bat bistatu zuen behin, eta arimarik ez mendian eta zeruan ere hegazkinik ez. Hala bada, Juanek segitu zuen estatu kolpea jo zutela, gerra piztu zela edo bonba nuklearra jaurti zutela eta, edonola ere, bera zela orain filmeko satorra, baina soto edo horma artean biziraun beharrean, berak mendia zuela aterpe, basoa itzaletxe.

Laburtu beharrez, epaileari ez diot kontatuko kolapsoa Juanek sentitu zuela, esate batera, iluntze batez herrigune batera hurbildu zenean, Ubideara seguruenik. Orbelaren zarra-zarraren antzera, txaloak entzun zituen han, diktadorearen omenetan herrietan egin izan ziren desfileen antzekoak. Bai, epaileari besterik gabe adieraziko diot Juan biktima bat dela, klandestinitatea ez zela bere hautua izan eta, finean, ez zekiela munduan zer gertatzen ari zen. Epaileari ezin esan Juanek ez duela zerikusirik historian zehar gizartetik bakartu diren pertsonekin, Melvilleren 30 edo Emily Dickinsonen 17 urteekin, eta are gutxiago Christopher Knighten 27ekin. Eremitismo hitza baztertuko dut, edo Krishnamurtirena bezalako aipuak: «Ez da osasungarria errotik gaixotua dagoen gizarte bati egokitua bizitzea.» Juan oihaneko animalia bakartia bilakatu zen. Egunetik egunera betizuagoa.

Alabaina, atzera izu laborriak hartu zuen larunbat batez jendea mendira bueltatzen hasi zenean. Zarata itzuli zen basora, autoen eta fabriketako kea itzuli zen zerura, eta hegazkinak, baina sirenak guztiz desagertu gabe. Hala bada, badaezpada ere, hobe sator jarraitu. Hain zuzen ere, horrexegatik etorri ziren lehen kexu eta salaketak. Ingurumari hartan noiz edo noiz gertatuak ziren lapurretak, uda partean gehienbat, baina hain eremu zabalean, hain jokamolde antzekoarekin, pertsona bakarrarenak izan behar. Edonola ere, poliziari deitu baino lehen, etxolaren batean arratoi pozoia nahastu zioten marmeladari eta beste bietan azeri tranpak ipini zituzten. Batean baino gehiagotan, alarma aparailu faltsuak egokitu zituzten ateetan. Eta, guztiarekin, satorra agertzen ez.

Epaileari isildu egingo diot Juanen joan-etorriak Gorbeiako parke naturalean kokatu zirela, ingurune babestuan, alegia; ez diot esango Aldundiaren salaketa gertu egon daitekeela, baina horrek aldi berean iritzi publikoa sumindu dezakeela. Besterik gabe irmo adieraziko diot egoeraren larriak hartaratu zuela Juan, eta inondik ere ezin duela Santiago ospitaleko zazpigarren solairura bidali. Lanagatik bada ere, handik pasatu garenok bestelako begiradak jaso ditugu han. Epaileak ezin du hara agindu ez Zaballako presondegira. Azkenean, autoa berreskuratu, eta etxera itzultzea du onena; horixe adieraziko diot, erretreta hartzear dagoen kamioilari aguretu honi horixe komeni zaiola. Ordainduko dituela aurrerago, ordaintzekotan, eragindako kalteak. Baina batez ere Juani kasik agindu egingo diot epaileak eragin diezaiokeen enbarazua gainditzeko, begirakunea hari niri bezala josteko, begirik ez kentzeko aurrez aurreko guztian. Juanek ez daki, baina ni ziur nago bere begiek epaileari bakardadea nabarmenduko diotela, babesgabe utziko dutela, nola esan, defentsarik gabe. Nire antzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.