LITERATURIA

Berrogeialdiaren amaiera

Literaturia jaialdia asteburu honetan zen Zarauzko kaleak euskal letrez girotzekoa, azoka, aurkezpen, emanaldi eta besterekin. Udazkenera arte atzeratu dute, baina ohiko datei keinu eginez, Iban Zalduak idatzi eta Julen Ribasek ilustratutako narrazio hau eman dute.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iban Zaldua - Julen Ribas
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Atzerako kontaketa berehala bukatuko da. Hormako pantaila erraldoian kalera atera ahal izateko egunak eta orduak kontatzen dituen erlojuak 00:00:15 markatzen du: hamabost minutu besterik ez amaitzeko. Railan bere burua ondo garbitu, atondu, eta ateratzeko jantzita zegoen jada, unea heltzen zenerako prest.

Ondo prestatuta zegoen berrogeialdirako: janari sintetizatzaileak hilabeteetarako oinarri zelular sobera zeukan metatuta —proteina, lipido eta karbohidratoen konbinazio ezberdinekin gai zen oilaskoa labean edo lasagna edo romanesko erregosiaren itxura zeukaten platerak minutu gutxitan gauzatzeko—, 3-D erreproduktoreak nahi adina film, telesail eta bideo-jolas eskaintzen zituen aukeran —klasikoak zein garaikideak—, sareko bibliotekak Alexandriakoa txiki uzten zuen liburu eta grabazio sorta erraldoi baterako irispidea ematen zuen, etxean ariketa fisikoa egiteko ezarritako ereduak anitzak eta dibertigarriak ziren. Azken finean, birusak urtero erasotzen zuen, urtaro hotza heltzean, eta aldi bakoitzean mutazio berri bat zetorrenez, hilabete eta koskako bakartze horietara ohitu baino ohituago zeuden.

Railanek, ordea, gaizki eramaten ditu konfinamendu aldiak. Ez du isiltasuna jasaten, eta, une batetik aurrera, ez zaio nahikoa albistegien, musikaren edo fikziozko ikus-entzunezkoen atzeko zarata horrekin; gimnasiak ez du nekatzea baino lortzen, ez dio egoera ahaztarazten. Jendearekin hitz egin nahi du, adiskideekin eta horren adiskide ez dituenekin. Eta, zuzenean ezin denez inorekin solastu etxean bakarrik bizitzearen ajeak, bideokonferentziaz egitea beste erremediorik ez zaio geratzen. Kontua da bere lagunek ooso astuna dela pentsatzen dutela, eta, batzuetan sotilki, beste batzuetan modu zuzenagoan, hori jakinarazi diotela behin baino gehiagotan, eta askotan ez dituela aurkitzen pantailaren beste aldean, deitzen dienean, han daudela ondo jakin arren. Railanek badaki, bai, pixka bat aspergarria suerta daitekeela: onartzen du bere izaeraren alde hori, eta saiatzen da bere burua mugatzen, egunean adiskideei eta ezagunei egin diezazkiekeen deiei gehieneko kopuru bat ezartzen, eta, norbaitekin konektatzea lortzen duenean, bere hitz-jarioa gehiegi ez luzatzen. Baina ezin izaten du, huts egiten dio beti jarritako helburuari, eta etengabe jotzen du pantailara, elkarrizketa bila. Hala izan da, behintzat, azkeneko berrogeialdi guztietan. Lagunek, esan bezala, ez diote beti erantzuten. Izan ere, azken egunotan inork ez die bere deiei jaramonik egin: epearen amaiera aldera horrela gertatzen zaio beti. Baina Railan ohituta dago, honezkero. Azkeneko hau ez da, alferrik, bere hogeita bigarren berrogeialdia.

Aurtengoa, edonola ere, bereziki luzea egin zaio, ohiko berrogeialdiak, izenaren zehaztasunari men eginez, berrogei egunekoak izan direlako huts egin gabe: gutxieneko denbora, populazio bakartuarentzat, birusaren urtaroko eraginaren arriskua saihesteko eta hilkortasun-tasari maila onargarrietan eusteko. Baina aurtengoa, lehenengo aldiz, berrogeita bi egunekoa izan da, birusaren mutazioa ohi baino erasokorragoa espero zen seinale. Bi egun gehigarri horiek ikaragarri luzeak egin zaizkio Railani. Batez ere denbora horretan lortu duelako, bere buruari borondate handienarekin aurka eginez, inori ez deitzea, amaiera iritsitakoan lagunek hobeto har dezaten, kalean atzera elkartzen direnean. Ados, Sikorkyri pare bat dei egin zizkion, azkenean, atzo. Eta beste bat Pallasi, gauean. Baina ez zituen inork erantzun.

00:00:02. Bi minutu besterik ez. Berrogeialdiaren bukaera beti izaten da momentu pozgarria, inguruko domoetan bizi diren bizilagunak berraurkitzekoa, agurtzekoa; are jendea, horren hurbilekoa ez dena barne, besarkatzekoa ere, arriskurik ez baitago ordurako, hain da zehatza birusaren zikloa. Bakartzearen ondoko lehenengo egun horretan mundu guztia dago zurekin hitz egiteko prest, inork ez dizu ukatzen solasalditxorako aukera, are gogaikarria zarela pentsatzen badute ere. Horregatik izaten da, Railanentzat, urteko egunik onena. Hortik aurrera dena doa gainbeheran, hurrengo berrogeialdiaren amaiera dekretatzen den arte.

00:00:00. Etxe hermetikoaren sarrailak klik egin du, azkenik, eta zabaltzeko botoia sakatu ahal izan du: ate irristatzailea zaratarik gabe ireki da. Kalera irten da pauso biziz: aire freskoa arnastu du lehenengo aldiz denbora luzean; berrogeialdi guztien amaieran bezala, ikaragarri garbi dagoela iruditu zaio. Beste etxeetatik jendea ateratzen hasiko da berehala. Azare eta bere familia une batetik bestera beren domoko atetik agertuko dira, eta parean geratu da, itxaroten, adi, poz eztandarako prest. Baina ez da halakorik gertatzen. Kaleak hutsik jarraitzen du, berrogeialdian zehar leiho presurizatuetatik ikusi ahal izan duen bezalaxe. Hasieran errepide erdian geratu da, esperoan, baina halako batean Azareren etxera hurbildu da, zer gertatzen den ulertu ezinik. Txirrina jo du. Erantzunik ez.

Halako batean, ulertu egin du. Ez diote abisatu. Aspaldi zegoen planteatuta eztabaida, Orint planetako kolonia lurtarraren agintaritza-organoetan, ea komeni zen, azkenean, eta ikusita urteroko epidemiaren arazoa ez zela konpontzen, mundu hura uztea, duela hogeita bi urte giza-populazioa ekarri zuten espaziontziak atzera martxan jartzea —ondo zaindu zituzten teknikariek denbora horretan guztian zehar, badaezpada ere—, eta inguruko beste mundu kolonizagarri batera emigratzea.

Eta egin dutela dirudi, bakartze aldia altxatu bezain laster. Arauzko berrogei egunak ahitzean: orain ulertu du Railanek. Planeta berri batean bizitza berri bat hasteko. Koloniako astun kalakaria atzean utzita, azkenik.

Muinoaren beste aldeko astroporturainoko ibilaldia egin dezake, kale isiletan zehar, baina bidea luze samarra da, eta Railan ziur dago hutsik aurkituko duela hura; beraz, etxera itzuli da. Gose da. Romanesko erregosia prestatzeko aginduko dio sintetizatzaileari. Tira, hobeto lasagna bat.

Iban Zaldua. Ibilbide luze eta obra oparoko idazlea da Iban Zaldua (Donostia, 1966). Ipuingintzaren ildoan egin du batez ere bidea, eta genero horretan plazaratutako lanen artean ditu, besteak beste, Ipuin euskaldunak (Erein, 1999), Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012) eta Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar, 2018), orain arteko berriena. Nobela —Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008)— eta saiakera ere landu izan ditu; Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak (Libeloak, panfeloak...) (Ultriusque Vasconiae, 2005) eta (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) (Elkar, 2016) daude azken horien artean. Euskal Herriko Unibetsitatean irakaslea ere bada Zaldua.

Julen Ribas. Ilustratzaile, marrazkigile eta komikigilea da Julen Ribas (Arrasate, Gipuzkoa, 1981). Bartzelonan egin zituen arte grafikoko ikasketak, eta hainbat agerkaritan ezagutarazi du bere lana. Besteak beste, Xabiroi aldizkarian kolaboratu ohi du. Hain zuzen, han atalka emandako Azken garaipena komikia liburura eraman zuen, Iban Zalduaren gidoi batekin, 2011n. Indar naziek II. Mundu Gerra irabazi zutela dioen ukronia bat jasotzen du kontakizunak, eta Euskadi sarietan Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako lan onenaren saria irabazi zuen. Eider Rodriguezen gidoi batekin sortutako Santa Familia komiki albumak ere sari bera jaso zuen 2018an. Margolanak ere egiten ditu Ribasek, eta duela zortzi urte prestatu zuen lehen bakarkako erakusketa, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.