Giza eskubideak bermatzeko, denona

Leire Darretxe
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Korean, 2015eko maiatzean, Hezkuntza-Munduko Foruan Incheon Adierazpena sortu zen, nazioarteko mailan denon hezkuntzarako bultzada emateko. Adierazpen hori hurrengo hamabost urteetarako nazioarteko politika agenda da, hezkuntzaren bitartez inklusioan eta ekitatean oinarrituta. Hau da, «kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta guztiontzako bizitza osoko ikaskuntzarako aukerak sustatzea» du helburu. Gerora, 2015eko irailean Nazio Batuen Batzar Nagusian Garapen Iraunkorreko 2030 Agenda onartu zen, hamazazpi helbururekin, horien barne Incheonen sinatutakoa laugarren helburu bezala ezarriz.

Baina zer ulertzen dugu hezkuntza inklusiboari buruz? Horren inguruan ez dago definizio bakar bat, baina akordio-irizpide batzuk badaude. Esate baterako, hurrengo lau ideia, besteak beste: inklusioa prozesu bat da, hau da, aniztasunari hobeto erantzuteko etengabeko bilaketan datza; inklusioak ikasle guztien presentzia, partaidetza eta lorpena bilatzen ditu; inklusioak oztopoen identifikazioa eta ezabapena inplikatzen du; inklusioak baztertuak izan daitezkeen ikasleengan enfasi gehiago jartzen du. Argi dagoena da hezkuntza inklusiboa giza eskubideen kontua denez gobernuek beharrezko baldintzak ezarri beharko dituztela eskubide hori bermatzeko.

Gizarte inklusiboa sortu nahi badugu, gure hurbileko testuingurutik has gaitezen. Eraldatzeko lan honetan aritzeko eta erratzeko beldurrik izan gabe, Tony Boothek eta Mel Ainscowek sortutako Hezkuntza Inklusiborako Gida: Eskoletako ikaskuntza eta partaidetza garatuz (Index izenekoa) aipa dezakegu. Eskola inklusiboak ekintzarako balio inklusiboak martxan jartzen dituela jakinda, ikastetxeko ikasle guztien premiak ase ahal izateko berrantolaketa bat ezinbestekoa da, batez ere, hurrengo dimentsioak aztertuz: kultura inklusiboak; politika inklusiboak; eta praktika inklusiboak. Hiru dimentsio horiek arakatuz hainbat gako izango ditugu eskola inklusiboak garatzeko. Hona hemen adibide batzuk:

Kultura inklusiboak sortzeari dagokionez, komunitate bat sortzen ari gara? Balio inklusiboak ezartzen ditugu?

Politika inklusiboak ezartzeari dagokionez, denontzako ikastetxea garatzen dugu? Aniztasunari laguntza emateko antolatzen gara?

Praktika inklusiboak garatzeari dagokionez, denontzako curriculuma sortzen dugu? Denontzako ikaskuntza bultzatzen dugu?

Eskola inklusibora bideratzen den edozein aldaketak hezkuntza-komunitate osoa izan behar du kontuan. Alegia, denon partaidetza ezinbestekoa da, ikasleena, familiarena eta komunitateko beste kideena barne. Ikastetxeak denon ongi-etorria emateko irekita egon behar du aniztasuna modu zabalean eta balio moduan onartuz, beharrezko baliabideak eta arrakastazko hezkuntza-jarduerak emanez, eta agente desberdinen partaidetzan oinarrituz. Gainera, ikastetxeko lidergoakdemokratikoa izan behar du, eta irakasleen formakuntza eta bere garapenaere beharrezko faktoreak izan behar dira.

Eskolak denontzat eta denonak izan behar direnez, edozein bazterketa sozial ezabatu behar dugu denok bizi garen komunitateetan bete-betean partehartzeko.

Borroka hau justizia soziala izanik, jarrai dezagun gure eskolaketa komunitateak inklusiboago bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.