Donostiako 53. Jazzaldia. Arkaitz Mendoza. Orkestra zuzendaria

«Urte osoan jazza entzun ez arren, denok joaten gara Jazzaldira»

Aspaldi agortu ziren sarrerak Gregory Porterrek bihar Kursaalean emango duen kontzerturako. Arkaitz Mendozak zuzendutako orkestra sinfoniko bat izango du lagun jazz abeslari ospetsuak.

ARKAITZ MENDOZA.
Andoni Imaz.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Jazzaldiko egitarau marduleko emanaldi guztien artean nabarmentzen da bihar Kursaaleko auditoriumean Gregory Porterrek emango duena. Egungo jazzaren ahotsik ezagunenetakoa baita bera, eta laugarren aldia du Jazzaldian. Nat King Cole & Me du izena haren azken diskoak, jazz abeslari mitikoaren omenez. Porterrek haren abestiekin osatu du errepertorioa, eta, bere bandarekin etortzeaz gain, orkestra sinfoniko bat ere ariko da agertokian. Arkaitz Mendoza (Andoain, Gipuzkoa, 1983), pianista eta musika kritikaria izateaz gain, orkestra zuzendaria ere bada, eta hark eramango du batuta.

Jazzaldiko ekitaldi nagusietako bat da Symphonic Tribute to Nat King Cole kontzertua.

Duela aste batzuk agortu ziren sarrerak. Izen handia da Gregory Porter, aurtengo Jazzaldiko handienetako bat, Caetano Velosorekin batera. Iazko edizioan ere jo zuen, baita 2013an ere, artean ezezagun samarra zela.

Beste entzule mota bat erakarriko al du?

Musikari lagunekin komentatu izan dut Jazzaldian gertatzen den fenomeno bat, agian Donostiako Musika Hamabostaldian gertatzen ez dena. Zinemaldian ere izan ohi dut irudipen bera. Kontzertu batzuk oso sozialak dira: pop, blues edo folk doinuak, kanpoko giroa, lagunartean trago batekin ikusteko modukoak. Inor gutxietsi gabe, Mikel Erentxun ez da Jazzaldia. Bestalde, bada Jazzaldi serioago bat, Kursaaleko eta Trinitate plazako kontzertuena, sarrera garestiagoarekin, jazzaren zaleentzako. Orokorrean, jendeak ez du jazzik entzuten urtean zehar, baina egun hauetan denok dugu Jazzaldira joateko ohitura.

Biharko kontzertua Kursaalean egingo da, baina besteak baino mainstream-agoa da, akaso: Porterren ospea, bi Grammy...

Bai, eta ez da jazz purua. Gainera, oraingo honetan, orkestra sinfoniko batek lagunduko dio. Vince Mendozak moldatu ditu Nat King Coleren abestiak orkestrarako; oso moldaketa onak dira. Ni musika klasikotik nator, baina jazzaren inguruko lagunek esan didate munduko onena dela bera. Ezin daiteke esan popa denik, baina ez da hertsiki jazz estilokoa. Oso ondo idatzia dago, eta ondo idatzitakoa oso irekia da jotzeko.

Zer-nolakoa da kontzertuko errepertorioa?

Haiek egin dute aukeraketa, eta Mendozak moldatu ditu abestiak; niri zerrenda egina eta partiturak idatziak eman dizkidate. Hogei abestitik gora moldatu dituzte guztira. Europan biran dabiltzanez, kontzertu guztietan ez dituzte abesti guztiak jotzen, eta ordena ere aldatzen da. Batzuk oso ezagunak dira, Smile, esaterako: Michael Jacksonek ere egin zuen bertsio bat.

Baina orkestra zeuk osatu duzu.

Partitura guztiak ikusi nituen, eta zehaztuta zetorren zer behar genuen. Aurrekontu aldetik, ezin genuen 70 musikariz osatutakoa egin, baina 50 ditu azkenean. Orkestra sinfonikoaren egitura dauka: bost saxofoi, lau tronpeta, lau tronpa, lau tronboi… Orkestra handia da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko jendea dago, Bilbokoa, hemengo irakasleak...

Entseguekin hasiak zarete dagoeneko?

Oraindik etxean ari naiz entseatzen. Larunbatean entsegu trinkoa egingo dugu Musikeneko auditoriumean: lau ordu goizean eta beste hainbeste arratsean. Igandean, berriz, talde osoarekin elkartuko gara, kontzertuaren aurretik entseatzeko. Kontatu zidatenez, Porter ez zen entsegu batera ere azaldu Italiako kontzertuan; zuzenean joan zen kontzertura. Inprobisatzera ohituta dago. Diskoarekin ikasi ditugu abestiak, baina igandean norbait azaltzea espero dut; bestela, dena intuizioa izango da.

Kontzertu asko ari da ematen Europan zehar, baina igandekoa berezia izango da, zuekin emango duten bakarra.

Mendozak, moldaketak egin zituenak, zuzendu izan du Porterrekin aritu den orkestra. Kasualitatez, Mendoza bat faltako da Donostian, baina beste Mendoza bat izango da haren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.