ERRESISTENTZIA KUTXA (V)

Fabrikara

Donostian jaio zen, 1975ean; Errenteriari (Gipuzkoa) lotuta dago, hein handi batean, haren lana. Hain zuzen ere, Mikelazulo kultur elkartean aritu izan da, eta Metrokoadroka sormen kolektiboko kidea ere bada. 1998an kaleratu zuen lehenengo poesia lana: Begi bien sujauzia (Mikelazulo), eta gero iritsi dira, besteak beste, Gabeziak (Bermingham, 2001), Eskuen sustraiak (Susa, 2009) eta Elkartasun basatia (Susa, 2013). Hainbat antzezlan ere argitaratu ditu: Munduko jakintsurik tontoena (BatBada, 2009), Arra. Arraroa (Artezblai, 2010), Herio heroi (Artezblai, 2010) eta Mr. Señora (Txalaparta, 2016). Asier Sarasola, Idoia Beratarbide eta Ander Fernandezekin batera Hura ez da lekua (Txalaparta, 2016), narrazioa, poesia, ilustrazioa eta musika uztartzen dituen lana argitaratu zuen, Metrokoadroka-rekin Korrika Kulturalaren barruan estreinatutako obraren egokitzapena. Argitaratutako azken lana Zauri Bolodia nobela du (Txalaparta, 2018). Aurten VHS eleberria ateratzekoa da (Susa).

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Oier Guillan.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Egun hauek istorioz beterik daude. Historia, oro har, istorioz beterik dago. Ordurik larrienetan anekdotek salbatzen dute eguna. Eta txisteek. Txisteak ere istorioak dira. Oso abila izan beharra dago txiste on bat kontatzeko; aurkezpena, korapiloa eta bukaera harilkatzeko esaldi bakan batzuetan. Historiak ez dauka etenik historialarien harridurarako. Istorioek ezta ere. «Istorioak kontatu nahi ditugunon zaintza, ordea, ez du aintzat hartzen sistemak», esango lidake, agian, I.-k. «Baina hori, kontraesanak kontraesan, ezberdin da Ipar Euskal Herrian», ihardetsiko lioke M.-k. Euskararen ikuspegitik argi-itzalez beteriko baieztapena izanik ere, gomuta horiekin genbiltzan ostegunean, BERRIAn koronabirusari buruzko albiste azkarrek kezka pizten hasi aurretik: euskara bide, Iparraldeko eragileek saretutako ahaleginari esker baldintza onetan lanean, antzerki emanaldi saldoa genuelarik aurretik.

Hala geundeke oraintxe, lerro hauek idazten ari naizen unean: Kanbon egitekoak ginen saioa prestatzen, Beheko Larraine taldearen Bidaietaz antzezlana eskaintzen ikastetxez ikastetxe, batez ere 8tik 12ra bitarteko haurrei. Egun horretara egin dit gogoak. Azken hiru asteetan jarraian jardun gara lanean, sorkuntzan lehenik Ziburuko espazio batean, emanaldiak eskaintzen ondoren Irisarri ostatu hartuta. Lan prozesuan tarteka bestelako gaiek egiten digute jauzi arnasaldietara. Mintzatu gara, kasurako, proiektu batzuen arrakastaren garrantziaz, azkenaldian emakumeen begiradatik sortu diren antzezlanen olatuaz, euskarazko dramaturgia berrietan ugaldu diren proiektuez, belaunaldi berrien aniztasun itxaropentsuaz. Eta kontrara, kezka haizatu dugu egin berri den antzerki azoka batean euskara ez delako apenas existitzen, eta normaltasunez permititzen delako hori; mintzatu gara sutsuki, mintzatu gara haserre hegoaldeko prekaritateaz, kultura industria huts bilakatzeko tematze instituzionalaz, konpainien arteko amildegi soziala handitzen duen joeraz. «Bizi garen munduan bizi gara, akaso oraintxe ezin zaio industria hitzari bizkarra eman, baina ekonomia eraldatzailea, baina genero begirada, baina ikerketa, esperimentazioa eta euskarazko eszenaren garatzearen aldeko mekanismoak gauzatzea ezin dira bazter utzi». Mintzo gara amorruz, kezkaz, pasioz... eta, bai, gure lanarekiko maitasunez. Hain urrun dirudi, ordea, solastatze hura; neure buruari galdetzen diot aurrerantzean ez ote diren errotik aldatuko gure mintzoen koordenatuak.

Oraintxe aurreko etxean obretan ari dira. Eta gu obrak taularatu ezinda. Txiste ttipia. Entzuten ditut taladroak eta mailuak. Estatu salbatzaileak, estatu bateratzaileak aginduta etxea eraikitzen, etxea kaiola gisa ere uler daitekeela agerian geratzen ari zaigun tenorean beste behin. Surrealista da hau guztia. Surrealismoa maitatu izan dut luzez, absurdoak umore basa gehitu zion arte, baina ez nekien surrealismoa fisikoki bizkarrezurrean senti zitekeenik.

Atzera eginez berriro, asteartean zakur batek jarraitu gaitu Irisarri kaskotik lo egiten dugun etxera. Paxkal jarri diogu izena. Ez dauka lepokorik. Oso samurra iruditu zaigu, eta ondo hezia. «Abandonatua, beraz?». Izugarri lanpetuak egonik ere, badugu zakur galduen zaintzaz kezkatzeko kemena. Hemen, gure lanean eragiten duen interferentzia nagusia natura da. Isiltasuna gauean. «Handik AHTak pasatu behar zuen, imajina dezakezu?». Nik uste dut hemen biziko banintz akzio faltan nengokeela, baina hain da ederra. Ostegun goizean Paxkalen arrastorik ez. Egonak gara hartaz herrian galdezka, baina inork ez daki ezer. Bi egunez izan dugu etxe atarian, janari eskean txintxo, bat-batean desagertu den arte. «Guregan izu bat sumatu izan balu legez», dio nire irudimen zinema apokaliptikoz kutsatuak.

Gure birako antolatzaileek harriturik begiratu gaituzte ostegun bazkalorduan, mugikorrei pegatuak gaudela eta, beraiekin ez doan afera balitz legez; «hegoaldeko antzoki denak ixten ari direla? Bo, hemen igandean hauteskundeak ditugu, eta maskaradak». Ez dira sei ordu pasatu Macronek prentsaurrekoa eman duen arte: «Ipar Euskal Herriko hezkuntza zentro guztiak itxiko dituzte astelehenean», dio BERRIAk. Kultur arlo osoak, autonomoek, hamaika langile eta langabetuek ordu batzuk lehenago kilometro gutxira eduki duten shock aurpegia bera daukagu guk ere. Negar egiteko gogoa, ezin sinetsia. Eguerdian oraindik bagenuen libratuko genuen itxaropena, «behar ditugu bolo hauek, behar dugu ogi hau, hori gabe zer...?» Baina ez, errealitatea tematia da surrealismoarekin aliatzen denean. Bagoaz bakoitza bere gelara, telefono deiak egitera. Tarte batean bueltan gara sukaldeko mahaian, eta, beste behin ere, beti harritzen nau gaitasun honek, zirtoka ari gara, algaraka, nork handiagoa bota. Beldurrari erantzuteko modu bat da umorea, baina zeinen baliotsua, zeinen indartsuak iruditzen zaizkidan beti ahultzat jotzen direnen barruak.

Surrealismoaren gurpilak jiraka. Ostiral goizean hiru emanaldi eskaini behar ditugu Sohütako ikastolan, eta klaseak mantentzen dira. «Baina antzerkia ikusteko gogoz egongo dira haurrak? Eta irakasleak?». Goizean goiz gure autoak laino itxia zeharkatu du Lartzabaletik Sohütarako bidean, irrealtasuna areagotuz. Urduri gaude, hegoaldetik datozen berriek kezkaturik, hozkailuak hutsik espero baikaituzte, maite dugun jendearen gorputzak besarkatzeko gogoz baikaude. Eta, hala ere, gorputzaldi honekin, antzerkia egitera goaz. Xiberoan normaltasun osoa, «hau ez da hiria, hemen ez da kutsatzeko arrisku bera, sakabanatuak bizi gara». Eta egin dugu emanaldia txikienekin, erdikoekin, eta bagoaz helduengana. Aktoreok elkar begiratu dugu, nekatuak gaude, eta triste. Hala ere, jantzi ditugu pertsonaiak, luzez oholtzara igoko garen azken aldia dela jakinik. «Titanic-eko musikaria sentitzen naiz une honetan», dio I.-k. M.-k jarraitu egin dio txantxa «bai horixe, ontzia hondoratzen ari da, eta gu hemen, dantzan eta jokoan». Azkena bota dut nik, mingostasuna umorera filtratu zaidalarik «agian hauxe da une honetan Euskal Herrian bertan behera geratu ez den emanaldi bakarra». Isilunea. Ondoren barre eztanda «Ei, pasa egin zara!».

Ostiral arratsaldea da Xiberoan. Azken emanaldia amaitu baino hamar minutu lehenago begiratu ditut lagunak pertsonaiaren azaletik: izerditan dira, umorea jaulkitzen, adi eta gogotsu dauden haurrei gure lanetik zor diegun onena ematen. Beste etorkizun bat irudikatzen laguntzen diguten istorioak zaintzen. Aktoreoi begira, segurtasun batek zeharkatu dit kuraia: itxaropena ez da existitzen, itxaropena fabrikatu egiten da. Neure buruari zin egin diot, datorrena datorrela, une honetara bueltatzen ahaleginduko naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.