KRITIKA. Antzerkia

Kreonte biluzik

Agus Perez.
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
'Antigona'

Testua eta zuzendaritza: David Gaitan. Musika: Alvaro Rodriguez Barroso. Eszenografia eta jantziak: Diego Ramos. Argiak: Fran Cordero. Antzezleak: Irene Arcos, Fernando Cayo, Elias Gonzalez, Jorge Mayor, Isabel Moreno, Clara Sanchis. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abuztuak 27.

Oso era diskurtsiboan hasi da guztia, tonu eta manera kementsuegiak zituen ekintzaile batek tribuna batetik hitz egin duenean. Bere hitzaldian foro demokratiko moduko bat proposatu dio Tebaseko erregeari, berak adituen eta inplikatuen arrazoibideak entzun ditzan. Ordurako, baina, Kreontek Antigonaren harrikatzea iragarria du, eta hala ere, debatea onartzen du demokrata plantak egitearren.

Jakina denez, Sofoklesek duela bi milurteko eta erdi idatzitako tragedian Antigonak Kreonteren legeari egiten dio aurre bere neba Polinizesen gorpua ehorzteagatik, eta muin hori mantendu da David Gaitanen bertsio gaurkotuan. Antza denez, Gaitanek (Mexiko Hiria, 1984) aurreko gobernuaren aroan Mexikon 43 ikasle unibertsitario desagerrarazi zituztenean plazaratu zuen bere antzezlana haien familiek ere gorpuak aurkitu eta lur-emate duina eman nahian zebiltzala, baina ikusi dugun bertsioan ez da horren inguruko aipamenik egin.

Dena den, oso era garaikidean tratatu da gaia, eta testua gehienbat zentratu da Antigonaren etika kontuetan, ekintzailearen interes politikoan eta, batez ere, tiranoaren psikologia konplexuan. Esan bezala, hasiera diskurtsiboa izan du emanaldiak, eta haren ostean beste tarte luze bat hartu du Eteokles eta Polinizesen arteko soinu-grabazio batek, nongarbi esan dezagun ez baitugu ia ezer ulertu, hain zen eskasa bien deklamazioa.

Gauzak horrela, hasia naiz pentsatzen ohiko produktu handinahi batean harrapatuta nengoela, baina Kreontek onartutako eztabaida hasi denean beste kutsu bat hartu du denak, agertokiaren eta eszenen dinamismoari esker eta Kreonteren nortasunari emandako ezaugarrien kontura. Izan ere, pertsonaia ziniko handia marraztu du egileak, umorezko ateraldiak nonahi dituena eta bere proiektuak aurrera eramateko determinazioa gizatasun amultsuaren azalarekin mozorrotzen dituena. Horrek guztiak atsegina eta jostagarria egin du bere pertsonaia une batetik aurrera galtzontzillotan ibili da, harekin izandako solasaldiek lagunarteko kutsu dibertigarria hartu dute eta esan daiteke Fernando Cayo luxuzko interpretea izan dela esker oneko rol horretarako.

Ez, ordea, beste antzezle guztiak, eskastasunaren mugan ibili direlako haietariko gehienak sendotasunari, ahoskerari eta ahots-proiekzioari begira, batez ere Irene Arcos Antigonaren rolean eta Isabel Moreno haren ahizpa Ismenerenean. Aldiz, guardiarena egiten zuenak Elias Gonzalez sorpresa polita eman digu bere amaiera aldeko bakarrizketa luzean, baina, esan bezala, Antigonaren makaltasun agerikoak sano kamustu du lan aurreratu eta interesgarri honen distira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.