ERRESISTENTZIA KUTXA (XXVII)

Arkitektoa

Gazte ekin zion argitaratzeari Aritz Gorrotxategi idazleak (Donostia, 1975), literatur lehiaketen eskutik hasieran. Eleberria, narrazioa eta poesia landu ditu batik bat, eta horien artean daude, besteak beste, Kafkaren labankada (Kutxa, 2001), Kearen truke (Alberdania, 2005), Axola ez duenean (Alberdania, 2009) eta Koldar hutsa zara (Erein, 2015) nobelak; Taxi bat Hamlet-entzat (Hiria, 2002), Zaldi hustuak (Erein, 2007), Hariaz beste (Erein, 2011) poesia lanak; eta Egurra Pinotxori (Alberdania, 2002), Zer egingo dugu orain opariekin? (Algaida, 2017) eta Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) ipuin liburuak. Lanik berriena iaz kaleratu zuen: Amua deituriko poesia lana, zeinarekin Irun Hiria lehiaketa irabazi zuen. Balea Zuria argitaletxearen sortzaileetako bat ere bada.

JON URBE / FOKU.
Aritz Gorrotxategi.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Kalea hor dago beti, ez da mugitzen. Leihoaren angelutik aho karratu bat dirudi. 8ak aldera, gehienetan beroki urdin estu batez jantzita doan emakumea iritsi da autobus geltokira. Badakit nire eraikin berean bizi dela, baina ez zer izen duen. Gona berri bat darama gaur. Eta, oker ez banago, atzo beste modu batera bildu zuen mototsa, lepo hasieratik hurbilago, haragi zuriak osatzen duen triangelua erdizka estaliz. Zorrotz erreparatu ezean, nekez antzeman daitezke aldaketak, gero eta sarriagoak azken aldian. Normalean, zerbaiti erantzuten diote. Aldaketa drastikoagoen kate-mailak izaten dira, begiekin nekez ikusten direnak.

Ondoren, Generaleko gizona dator, traje gris ilun dotorea soinean. Korapiloetan aditua denak bakarrik suma dezake gorbataren korapiloa emazteak egiten diola. Ia seguru baietz. Maletari heltzeko eta hura uzteko duen moduan antzematen da hori. Bizar egin berria ukitu, eta azal leunean berandutzen zaizkio hatzak, keinu jostariz. Buruaren ezker aldera orrazten duen ile urdintzen hasiagatik, egingo nuke urteak daramatzala Generaleko dirutzak zenbatzen. Zenbat 500eko billete pasako ziren bere eskuetatik? Apustu egin behar banu, kontularia dela esango nuke. Espaloiaren leku berean kokatzen da beti, zubira doan errepideari begira. Adiskide bat etortzen zaio bila autoan. Seguruenik, ez dio emazteari esan adiskidea emakumezkoa denik. Hemendik ez dizkiot hazpegiak ondo bereizten, baina ikusten dudan gutxia nahikoa da emakume erakargarria dela jabetzeko. Atea ireki, maleta atzeko eserlekura bota eta irribarre melenga batez laguntzen du auto barrurakoa. Ondoren, mantso abiatzen da autoa, trafikoaren tetris gero eta gizenagoan lekua hartuz.

Kalea hor dago beti, ez da mugitzen. Karratua da, nire gela bezalakoa. Ez naiz hemendik mugitzen. Gelatik, esan nahi dut. Nahita ere, ezingo nuke. Leku irekiei beldurra diet, eta ez naiz etxetik ateratzen. Adituek agorafobia esaten diote, baina ni ez nago denbora adituekin galtzeko umorez. Gaixotasunari buruzko liburuak irakurri ditut, eta jakin badakit sintomak bertsuak direla, baina ez dira guztiz berdinak. Gainera, ez dut kalea horrenbeste faltan botatzen, hemen gustura nago. Hemendik, hobe esan. Bestela ere, kalera atera eta paseatzen hasi nahiko banu ere, lanak izango nituzke nire oinen erruz. Tolestuta jaio ziren, eta denborarekin gero eta okertuago daude, xirmenduen pare. Oinez ibiltzeak oinazea eragiten dit, baina ez dut inoren errukirik behar. Nagoen lekuan ere ondo moldatzen naiz. Dagoeneko ohitu egin naiz gurpildun aulkian ibiltzen.

Leihoak erdizka itxita daude, eta apenas sartzen den argirik. Ilunpea atsegin dut. Hala ere, tarteka, ezin dut saihestu leihoak ireki eta kalera so egitea. Ilunpetik argira. Edo alderantziz, nola begiratzen den. Leihoa irekitzean, kaleko haize freskoa sartzen da tabako kez betetako nire egongelan. Atzo German etorri zitzaidan bisitan ardo botila batekin. Gure gurasoak elkarrekin etorri ziren hiri honetara ontzi berean, orain urte asko. Gu ere ontzian gentozen, baina ez zait bidaiaren arrastorik geratzen buruan. Oker ez banago, lau urte izango nituen, eta German jaio berria zen artean. Gure aitak etxeak egiten zituen, arkitektoa zen. Eta Germanenak, berriz, zubiak. Nire zubi bakarra leiho hau da, baina ezin naiz kristalaz harago joan. Gela honetan ainguratuta nago, hemendik egiten dut lan. Izan ere, ni ere arkitektoa naiz, baina, bizitzaren paradoxak, etxeak diseinatu ordez, leku itxiak diseinatzen ditut, kartzelak, gotorlekuak. Barrutik inor ez ateratzeko. Zergatik ez? Norbaitek egin behar du lan hori, eta nik badakit zerbait leku itxiei eta mugiezintasunari buruz. Neurri batean, neu ere kartzela moduko batean bizi naizela esan daiteke. Gai naiz presoak ulertzeko.

Bitxiki, argia eta espazioa zabaltzea da arkitekturaren helburua. Leiho handien ilusioa, eguzkiaren hurbiltasuna... Argia ilunpetik ikus daiteke; argiaren baitan, ezin da argia berezi. Gainera, batzuetan badira harresiak baino iragangaitzagoak diren muga edo itxiturak. Harresiak ez dira giza harremanak oztopatzen dituzten zailtasun bakarrak. Batzuetan, harresirik gabe ere, pertsonak ez dira elkarrengana hurbiltzen, ez dute elkarren berririk izan nahi. Edo iruzurrean dabiltza, edo ezikusiarena egiten. Asko idatzi da inkomunikazioaz, gizarteak ezartzen duen norabideaz... Ez pentsa, hala ere, neure burua zuritzen hasteko asmotan nabilenik. Ez naiz kalera ateratzen, baina ausartuko nintzateke esatera asko ikasi dudala giza izaerari buruz. Nonbaitetik ihesi etorritakoek, deserrotuek, ondo baino hobeto dakite hori.

Kalea hor dago beti, ez da mugitzen. Neu ere ez. 8etako emakumea ohi baino goizago jaitsi da autobusetik. Etxe atarian geratu da tarte luze batez, mugikorrari begira, urduri. Handik gutxira, kamoi handi bat agertu da, eta zamalanetako gunean aparkatu du. Bizpahiru morroi jaitsi dira barrutik. Emakumeak jarraibide batzuk eman dizkie. Morroiak etxebizitzan sartu dira hurrena, eta kaxak eta altzariak jaisteari lotu zaizkio. Zarata entzun dezaket hemendik, gero eta gertuago. Zertarako uka, barre garailea marraztu zait aurpegian. Esan dizuet ba, aldaketa txikiak aldaketa drastikoagoen kate-mailak izaten dira. Une batez neure burua irudikatu dut gurpildun aulkian etxeko aterantz zuzentzen. Atea irekita utzi, eta leiho aldera itzuliko nintzateke. Ez nieke alferrikako traba edo nekerik sortu nahi. Haiek etortzean, prest egongo nintzateke. Bi morroi nahikoa dira ni eskaileretan behera jaisteko. Emakumeak esango lieke ez dagoela igogailurik. Mesede bat eskatuko nieke: ibilbidean zehar kostaldera desbideratzeko, une batez txikitako usainak berritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.