Albistea entzun

LIBURU AURRERAPENA

Berriz zentauro

Etorkizun hurbilean, XXI. mendearen erdialdean, girotu du Katixa Agirrek 'Berriz zentauro' bere hirugarren nobelaren kontakizuna. Besteak beste, gizartearen eta teknologiaren garapenaz eta iraganarekiko harremanaz mintzo da egilea eleberrian.
DONNA SALAMA Tamaina handiagoan ikusi

Katixa Agirre -

2022ko irailak 3

Hiru iraultzak markatu zuten errealitate birtualaren bilakaera azken hamarkada eta erdian, ia batera eman izanagatik fundamentuz bereiztu beharrekoak: Delphi metaversoaren garapena eta zabalkundea aurrena, OFtalen asmakizuna gero —tramankulu bakar batean errealitate birtuala eta areagotua batzen zituena—, eta teknologia haptikoaren sukarra handik gutxira.

Lehenengo iraultza software librearen garaipen gisa ikusten zen: CAVA kolektibo anonimoak software librearen lizentziarekin kaleratutakoa zen Delphi, baina software teknologia deszentralizatuak babesten zuen iturri kodea. Horrek ziurtatzen zuen edozein garapen eta erabileratara zabalik zegoen mundu birtuala izango zela, baina bere integritate eta batasuna mantenduko zuela. Bertan negozioa egiten zutenen artean banatzen zen zerbitzari erraldoien kostua, eta negozioa modu askotan egin zitekeen han. Batzuk argitara ematen ziren: avatar eta token kriptografiko ororen salerosketa, mundu errealeko transakzioak, hez- kuntza eta kultur moduluen harpidetza, zenbait gelatarako premium sarbidea eta abar. Beste batzuk itzaletan gertatzen ziren, legearen altzoan egiten baziren ere: datuen trafikoa adimen artifizialak entrenatzeko eta sail ilunetan diseinatzen ziren bestelako esperimentu sozialetarako, adibidez.

Jarduera ilegala ere bai, jakina, baina hura erruz jazarria zen eta polizia okupatuta mantentzen zuen. Orokorrean toki segurua, eskuragarria eta erosoa zen Delphi. Erabiltzaile bakoitzari adaptatua. Ondorioz, mundu guztia sartzen zen Delphin eta mundu guztiak maite zuen. Errealitate birtuala bideo-jokoen eremutik ateratzeko eta haren era- bilera eguneroko bizitzara zabaltzeko ezinbestekoa suertatu zen metaverso arrakastatsuena zen Delphi. Inporta zuen bakarra, praktikan.

Bigarren iraultzak OFtal gailuaren hegemonian eta nonahikotasunean zuen isla, eta bere sortzailea, oraindik hogeita hamar urte bete gabe zituena eta izen banal samarra zuena —Lisa Tan, jainkoarren— munduko pertsonarik aberatsena bihurtu izanean. OFtalekin denen begi aurrean geratu zen agerian (literalki) teorialariek errealitate-birtualitate continuum deitzen zutena: ez garela, alegia, errealitatetik mundu birtualera igarotzen konpartimentu estanko batetik bestera pasako bagina bezala. Errealitatea eta birtualitatea banatzen dituen marra ez dela argia, eta gehienetan errealitatea deitzen dugun hori berez esperientzia nahastua dela, zeinetan birtualitatea deitzen dugun beste gauza hori deitu gabe sar daitekeen. Objektu digital eta fisikoak osagarriak izan daitezke eta elkarri eragin diezaiokete. Saloi hutsaren erdian egonda, bakar-bakarrik, altzariz, lagunez, musikaz, apaingarriz bete zenezake ingurua birtualki, eta festa handitzearekin batera errealitateak hor jarraitzen du (zure saloia, zure gorputza, zure saloian barrena mugitzen den zure gorputza) baina birtualaren pisua geroz eta handiagoa izan daiteke; prozesu sotila da, erabiltzailea trantsizioaz konturatu ere ez da egiten. Nortzuk dira nire benetako lagunak? Zein puntutaraino nago bakarrik?

Monopolioaren aurkako lege guztiak gaindituz eta etengabe fintzen zen diseinu elegante bati esker lortua zuen Lisa Tan txinatar k-errefuxiatuak bere gailuak mundu osora zabaltzea, antzeko asmakuntzak plazaratzen saiatu zirenak marjinalitatera bidaliz.

Hirugarren iraultzaren fruituak —ukipen birtualaren iraultzarenak— askoz modu demokratikoagoan ari ziren banatzen —azken urteetako iraultza fiskalak zerikusia zuen horretan, noski—, eta gar haptikoaren suan apalki aberastutakoak ziren esate baterako, eta beste hainbat bezala munduan, Nikola eta Paula.

Dena hain azkar eta ausaz gertatu zenez, Paulak langile prekarioaren tikak mantentzen zituen oraindik, hogeita hamar urte luzeen inertzia nonbait. Inork ezingo luke esan aberatsa zenik, are barregarria zen nola Nikok urrez- ko etorkizuna ikusten zuen aurretik, dirutza eta arrakasta ekarriko zizkiena, orain zeukatena hitzaurre aspergarri bat baino ez balitz bezala, eta nola Paulak diru-sarreren tontorra igarotzat ikusten zuen jadanik. Sentimendu horrek irabazitakoa ondo administratzera behartzen zuen eta ez zuen dispendiorik egiten edo aurreikusten. Pozik zegoen hortaz lau urte lehenago egindako inbertsioarekin, terraza handia zuen duplex hura, familia ugariaren beharrizanak asetzera nobleki bideratua eta hamar urteko hipotekarekin ordainduta izango zuena. Edozein kasutan, saiatzen zen diruan asko ez pentsatzen, eta fantasia bakarrari heltzen zion tarteka: epe ertainean enpresaren bere zatia saldu eta lan egiteari uztearena. Beste aldera pasa. Izan ere, gauza jakina zen Errenta Unibertsalarekin bakarrik bizi zirenak zirela Delphiko erabiltzaile sutsuenak.

Nikolari horrelakorik aitortu dionean bromatan hartu du berak: kateatuta zaude, bihotza, nahita ere ezingo zenuke lan eder hau utzi, badakizu zergatik? Bizitza, orain, hemen gertatzen delako, eta zuk sarbide zuzena duzulako bizitza horren diseinuan. Benetan esan nahi zuena zen, pentsatzen zuen Paulak aldarte mesfidatiarekin esnatzen bazen, ezin ziola horrelakorik egin, alegia, ezin zuela Nikola abandonatu beragatik egindako GUZTIAREN ostean, eta enpresa horren patua eta biona lotuta egongo zela betiko. Txis-pun.

Fundazio batek babesten zuen zientziari dedikatutako telebista programa batean erredaktore zebilen Paula Nikorekin topo egin zuenean. Ez zen garai bereziki argitsua: sei hilabeteko ordezkapen bat baino ez zen hura, hamaikagarren kontratu laburra kazetaritza, komunikazio digital eta azkar zahartzen ari zen telebistaren munduan, eta, okerragoa zena, bikiez haurdun zegoela jakin zuen bertan lanean hasi eta egun gutxitara. Ozta-ozta amaitu ahalko zuen ordezkapena bikiak heldu bitartean. Hori, aurreratzen ez baziren, ohiko gorabehera haurdunaldi bikoitzetan, irakurri zuenez. Hala ere, lana ez zegoen gaizki, eta gauza aski interesgarriak ikasi zituen hilabete haietan, inteligentzia artifizialaz eta bizitza laurehun urtez luzatzeko aurrerapenez, besteak beste.

'Berriz zentauro'

Egilea: Katixa Agirre.
Argitaletxea: Elkar.
Generoa: Eleberria.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte-liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du «Berpiztu» lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak hartu du parte argitalpenaren aurkezpenean

 ©Joanes Etxebarria

Jean-Louis Davant: «Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...