Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Tempranilloa Borgoinako erara

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Paco Casas 1996an heldu zen Duero aldera, Bordelen enologia ikasketak egin ondoren. Casasek ospe handia du ardogintzaren munduan. Duero aldean, Toron, Ruedan eta Valdeorrasen —Luar do Sil, horixe da bere azken proiektua—, besteak beste, egin ditu ardoak enologo bikain horrek.

Pago de los Capellanes da, inongo zalantzarik gabe, Duero aldeko azken urteotako upategirik garrantzitsu eta bikainenetarikoa, eta han aritu da, eta aritzen da Paco lanean, ardo bikainak egiten; besteak beste, El Nogal eta El Picon. Valdeorrasen, Luar do Sil markapean, godello mahatsez eginiko hiru ardo fin eta dotore egiten ditu.

Orain, proiektu pertsonal batekin datorkigu, baina, Casas. «Bolumen txikiko proiektua da,detaile guztiak zaintzen ditut, eta nire idealak eta helburuak oso zehaztuta mantentzen ditut». Honela definitzen du Paco Casasek bere proiektua: tempranilloaren ezaugarriak mantentzea eta Borgoinako ardoen dotorezia lortzea. Horixe da Casasen helburua; ez da helburu makala, ordea.

Eta lortzen duela esango nuke. Lehen ardoa Altos del Terral T1 da, eta bikaina da: sudurrean boteretsua eta oso aromatikoa; eta ahoan egituratua, baina borobila, eta sotiltasun bikain batez inguratua. Upelak ardoan duen eragina nabarmena da, eta emaitza bikaina erakusten du. Upel frantziarrak denak ere, nahiz lau upel egile desberdinenak izan. Baina horien guztien gainetik mahatsa dago, eta mahatsa bikaina da, ezinbestekoa ardo bikain bat lortzeko.

Ardoztatze lanak ere oso zainduak dira: hartzidura alkoholikoa konoetan, malolaktikoa upeletan, battonage ezinbesteko lanarekin, eta hamabost hilabetez upeletan ontzen egiten duten ibilbidearekin. Lurra eta mahatsa ondo ezagutzea ezinbestekoa omen da Paco Casasentzat, harengandik onena atera nahi baldin bada. «Enologian, gaur egungo abantaila teknologikoak gure aitona-amonen tradizioak zeukan onenarekiko errespetuz uztartzen saiatzen naiz, eta sekretua oreka bilatzean dago. Ardo handi bat egiteko, lurra zapaldu behar da».

2016ko uztaldiko mahats bilketatik aurrera, Paco Casasek hartu zuen proiektuaren ardura guztia: bera da burua eta gidaria.

Ez ditu Pago de los Capellanes eta Luar do Sileko lanak utzi, baina buru-belarri jarri ditu zentzumen guztiak Altos de Terral proiektu pertsonalean, eta martxoaren 30ean izango dugu aukera paregabea haren ardoak ezagutzeko, Durangon ospatuko den Durango Ardo Saltsan ardo eta delikatesen ferian; han aurkeztuko baititu lehen aldiz, Bizkaian, proiektu honetako ardo bikain bezain dotoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.