Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Harrien artean

2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ortega Ezquerroren historia Quintin Ortegarekin hasten da, XIX. mende amaieran, 1986an, orduantxe landatu baitzituen lehen mahastiak. Ordura arte Quintinen lana upelak egitea zen, eta, lan horrekin jarraitu bazuen ere, beste urrats bat eman zuen mahastiok landatuz, eta geroxeago eraikin bat egokituz ardoak egin eta ontzeko.

Gaur egun Carmelo Ortegak, Quintinen birbilobak, darama upategiaren gidaritza.

«Lurra, harriak eta errespetua». Ortega Ezquerroren planteamendua autoktonora itzultzea litzateke; ardoaren muina, esentzia, ardoaren funtsa berreskuratzeko bidaia. Horixe da, beharbada, upategi hori definitzen duena.

Baina nola? Lurra, mahats biltzea, ardogintza eta ontzea, lau eremu horietan oinarritzen dituzte bira edo itzulera horren nondik norakoak.

Lurrei dagokienez, elkorrak, harriak (bertokoek esaten duten moduan, «desegokiak ogitarako») eta landare zaharrak dituzte, antzinako eran landuak. Simaurra baino ez daramate ongarri moduan, baita tratamendu klasikoa ere (sufrea eta sulfatoa). Ortega Ezquerroren helburua zera da: «Lurrak ematen duena eskaintzea».

Mahatsa eskuz biltzen da, eta horrek landarea oso modu berezian zaintzea dakar. Mahats bilketa berdean (mahatsa heldu aurretik) egiten da, baliabideak eta aukeraketa optimizatzeko, eta bikain dagoen mahatsa baino sar ez dadin upategian.

Eta harrigarriena paraje horietan beratze karboniko metodoaren erabiltzea da, ez baita ohikoa inguru horietan. Zuri eta gorri gazteetan aromaren indartzea eta zaintza berezia; eta ardoztatze eta beratze luzeak eta oso zainduak, ondutako erreserba zein ardo berezien kasuan.

Tudelilla herria Errioxa sor-markaren babesean dago; Errioxa beherean (Espainia) dago, hain zuzen ere, itsasotik 545 metrora.

Tudelillako lurzoruak oso interesgarriak dira mahastizaintzarako; materia organiko gutxikoak dira, eta buztina eta kareharria nagusitzen dira. Batez ere, tamaina ertaineko eta txikiko errekarri ugarirekin. Horrek ematen die ardoei izaera berezia eta bakana, Tudelillako «herri ardoak».

Tudelillan ezaugarri horiek guztiak betetzen dituen lurrak La Pedriza du izena, eta pentsa daiteke izen hori harrien ugaritasun horrek ematen diola. 700 bat hektareako parajea da La Pedriza, eta bertan daude ehun urtetik gorako mahasti asko; izugarrizko kalitatea duten mahatsak jasotzen dituzte bertan, besteak beste Ortega Ezquerroren mahastietakoak.

Zazpi ardo egiten dituzte upategian. Bost Ortega Ezquerro izenarekin: horietako hiru gazte: Beltza (beratze karbonikoa), zuria eta gorria; eta «klasiko» bi: ondutakoa eta erreserba kontraetikarekin.

Beste bi Don Quintin Ortega izenarekin merkaturatzen dituzte, upategiko ardorik berezienak. Denak dira bikainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.