Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Pinazi pinua

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Aspaldidanik ezagutzen ditut Bodegas Bleda eta han egiten dituzten ardoak. Garai batean, Iberiar penintsulako ekialdeko ardo boteretsuak asko gozatu nituen, batez ere monastrell mahatsez egindakoak. Familiako enpresa bat da Bleda, ardogintza eta mahastizaintzan tradizio handiko leku batean kokatua: Jumillan, hain zuzen ere. 1902an, Bleda familiak ardo eta olio negozio arrakastatsua abiatu zuen, baina gaur egungo enpresaren benetako oinarria 1915ean ezarri zuten.

Antonio Bleda buru zutelarik egin zuen gora Bodegas Bledak, garai haietan aitzindari izan baitzen bai ardoak botilatzen, bai esportazio lanetan. Ordura arte, granelak eta barne merkataritza izan zen negozio bakarra, eta alboratu egin zuten.

Ez dute tradizioa ahazten, baina ez diote teknologiari uko egiten; ondorioz, XXI. mendearen hasierarekin upategia izugarri berriztatu zuten.

Upategia sortu eta ehun urtera, upategiaren egoitza Valle de Omblancasera eraman zuten, Jumillan bertan. 550 metroko altueran dago, upategiak dituen monastrell, syrah, cabernet sauvignon eta sauvignon blanc mahatsez osatutako mahastietatik gertu.

Upategiko instalazio guztiak klimatizatuta daude, eta hezetasun aldetik ere kontrolatuta daude. Horri guztiari esker, prozesu guztia kontrolpean dute. Baina upategiaren benetako altxorra mahastia da. 250 hektareako mahastia. 700 metroko altueran landatuta, eta ia guztia nekazaritza ekologikoan landua daukate.

Monastrella da upategiko erregina eta estandartea. Monastrella da lur horietara ezin hobeto egokitzen den mahatsa. Klima beroa behar du heltzeko, eta ondo gordetzen du hezetasuna. Era berean, lehorte luzeak jasateko gai ere bada. Ardo boteretsuak ematen ditu, kolore eta kontzentrazio handikoak, oso egituratuak, eta, aroma aldetik, konplexutasun handikoak.

Arestian aipatutakoez gain tempranilloa, petit verdot eta garnatxa ere lantzen dituzte beltzetan. Zurietan, berriz, airen eta macabeo ere erabiltzen dute. Upategiko markarik ezagunena Castillo de Jumilla da, beltzak, zuriak, gorriakā€¦

Nik Pino Doncel azpimarratu nahi dut gaurko honetan. Marka honekin zuri bat egiten dute, sauvignon blanc mahatsez eta hiru ardo beltz: Doce Meses, Black eta Vintage. Doce Meses monastrell eta syrah mahatsez egina da. Black monastrell, syrah eta petit verdota daramatza, eta Vintage mahats mota desberdinak nahasiz egina da, urteko ardo gaztea.

Hiruretatik Doce Meses nabarmenduko nuke, baina hirurek merezi dute gure arreta berezia... Eta, nola ez, poltsikoak ere eskertzen du garai latz hauetan. Animo!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.