Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Troka eta amildegi artean

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hemen berriz ere, udako oporrak amaituta. Opor bereziak, egoera berezi honetan. Azken urteotan Espainiako hegoaldeko ardoak ekarri badizkizuet ere, gaurkoan ez. Gaurkoan Galiziara joango gara, Ribeira Sacrara hain zuzen, hango Dominio do Bibei upategia eta haien ardoak pixka bat ezagutzeko. Dominio do Bibei du izena upategiak, eta Ribeira Sacrako bikainenetariko bat da, bikainena ez bada. Hainbat ardo egiten badituzte ere, beltzak zein zuriak, Lapola zuria eta Lapena ardoetan jarriko dut fokua.

Ribeira Sacra jatorri izena Miño eta Sil ibaien erriberen artean dago, Lugo probintziaren hegoaldean eta Ourense probintziaren iparraldean.

Ribeira Sacra izena VIII. eta XII. mendetan sortutako monje tradiziotik dator, monasterio eta baseliza ugari baitzeuden inguruan garai hartan.

Gaur egun jatorri izen hori bost azpizonatan banatuta dago: Amandi, Chantada, Ribeira do Miño, Ribeira do Sil eta Quiroga-Bibei. Beltzetan hauek lantzen dituzte: mencia nagusi moduan, merenzao, brancellao, garnatxa, tenpranillo, caiño beltza, souson eta mouraton; eta zurietan, berriz, albariño, godello, treixadura, loureira, torrontes eta doña blanca.

Inguru horretako mahastiek erakusten duten paisaia izugarria da; mahastiak amildegi eta troka sakonetan landatuta daude, Miño eta Sil ibaien ubideen aldamenean. Han, mahats bilketa arriskutsua bilakatu daiteke: polea eta itsasontzien laguntzarekin jasotzen dute mahatsa.

Dominio do Bibei proiektu gaztea da, 2002an sortu baitzuten upategia. Ekoizpen txikiko upategia da, eta familia filosofiaduna.

Ardogintzan lan bikaina egiten badute ere, ez da txikiagoa mahastizaintzan egiten ari direna, galdutako edo galzorian dauden mahats motak berreskuratzen ari baitira. Adolfo Dominguez arropa disenatzailearen anaia da ugazaba, baina arima Rene Barbierrek eta Sara Perezek jartzen dute, haiek baitira mahastiak zaindu eta ardoak egiten dituztenak.

Mahastiak 200 eta 700 metro arteko altueran daude, eta eguzkiarekiko orientazio desberdinetan. Mahasti gazteak badaude, baina ehun urte dituztenak ere bai.

Ardogintzan upel zaharrak—erabilitakoak— dituzte gogoko, ardoaren izaera —mahatsarena, alegia— zurak aldatu ez dezan.

Ardoaren ontzeak bi fase ditu: lehenengoa 600 litroko upeletan eta 1.200 eta 2.400 litroko austriar fudreetan egiten da. Bigarren fasea, berriz, porlanezko deposituetan egiten da, ardoa egonkortzeko.

Lapola eta Lapena. Lehena bikaina bada ere, bigarrenak harrapatu dit bihotza. Godelloz egindakoa da, dotorea, bakana, delikatua bezain boteretsua, bikaina eta bakana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.