Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Rondako kortijo bikaina

2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Rondan (Malaga, Andaluzia) mahastizaintzak milurteko tradizioa du, feniziarren garaitik baitator. Mende askotan eskualdeko labore nagusia izan zen, baina, beste leku askotan bezala, XIX. mende amaierako filoxerak mahastiak desgertarazi zituen. Gero XX. mendeko 80ko hamarkadan hasi ziren berriro mahatsondo landaketak. Egun, hogeita hamar bat upategi daude, eta 250 hektarea lantzen dira.

Ia hogei urte igaro dira Cortijo de los Aguilares upategia sortu zutenetik. Familia upategia da, eta mahastizaintzarako zein ardogintzarako toki ezin hobean dago, Rondako mendilerroan, Rondatik bost kilometrora. Lursailak 800 hektarea ditu; horietatik 25 mahastiz osatuta daude, eta beste guztia ehun urtetik gorako artez eta txarakaz; mahastiarentzako inguru ezin hobea.

Bederatziehun metrotik gorako altueran dago, inguru paregabean: Nieves eta Grazalema mendilerroak ditu atzean. Mikroklima berezi bat sortzen da, eta horrek mahats mota ugari landatzeko aukera ematen du.

Mahastiko ia lan guztiak eskuz egiten dira, mahats bilketa barne, eta etekinen kontrol zorrotza egiten da, mahatsaren kalitatea ahalik eta handiena izan dadin.

Euri ugariek (800/900 mm) eta egunaren eta gauaren arteko tenperatura aldeak azidotasuna mantentzea dakar, alde batetik; eta, bestetik, aleen heltze motela eta, beraz, egokia.

Zoru buztintsuak eta kareharri ugaridunak euriaren hezetasuna gordetzen du, eta, udaren laztasunaren aurrean, landarean erresistentzia hobetu egiten du.

Mahats propioekin baino ez dute lanik egiten,eta aspalditik dute ziurtagiri ekologikoa. Mahats bilketa kutxa txikietan egiten da, eta beti goizez. Lehen 24 orduetan hozkailuetan egoten da mahatsa, sulfito adizioa ahalik eta gehien murrizteko eta balizko oxidazioetatik babesteko.

Hartzidura porlanezko eta altzairuzko deposituetan egiten da, eta mahats mota bakoitza aparte hartzitzen da; ardoztatzea grabitatez egiten da, mahatsa galkatu gabe.

Hainbat mahats mota landatzen dituzte: pinot noir, petit verdot, tenpranilloa, garnatxa, syrah, cabernet sauvignon, merlot eta graciano. Lau partzelatan daude landatuta; 1999 eta 2014 artean landatu ziren.

Ardoak upeletan ontzen dira, eta, 2015 geroztik, buztinezko tresketan ontzen ere hasiak dira, pardo berriak egiteko asmoz.

Bost ardo beltz egiten dituzte, eta gorri bat. Batzuk monobarietalak dira, eta beste batzuk nahasteak.

Tadeo Tinaja petit verdot mahatsez egina da, eta bikaina omen da.

Besteetatik Tadeo, beltza, nabarmenduko nuke, petit verdot mahatsez egindakoa, ekoizpen txikikoa (8.000 botila). Espeziatua eta minerala, egitura bikainduna. Tanino eta azidotasunaren arteko orekak dotorezia eta freskotasun bikainak ematen dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.