Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Miter arruntaren bikaintasuna

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ablitasen, Nafarroan, Pago de Cirsus upategia dago, Bolandin lursailean. Ablitasen proiektu bikaina abiatu ondoren, Alejandro Gomez Sigalak eta haren emazte Letizia Mangionek Bodegas Irache erosi zuten, hori ere Nafarroan, Aiegin hain zuzen ere.

2014an Alejandro Gomez Sigalak, Letizia Mangionek eta haien seme Alejandro Albertok Bodegas Zifar erosi zuten, Duero erriberako lurretan. Pago de Cirsusen bezala, ardo berritzaileak bezain dotoreak egitea zen haien erronka.

Nondik datorkio izena upategiari?

Caballero Zifar da gazteleraz idatzitako lehen zaldun-eleberria, 1300. ingurukoa. Zifar da protagonista eleberri hartan, eta hortik hartu dute upategiaren izena.

Enologoa Jean Marc Sauboua da, Bordelekoa. Frantzian, Italian, Espainian, Australian, Zeelanda Berrian, Txilen... lan egindakoa da eta, neurri batean, ardoak egiterakoan, ikuspegi globala du; esango nuke oso antzeko profila duten ardoak egiten dituela han eta hemen, betiere dotoreak eta modernoak. Zifar upategian, ardogintza alorrean, Becquer Prieto du alboan, hura baita upategiko zuzendari teknikoa.

Nekazaritzaz, berriz, Juan Antonio Leza arduratzen da, ingeniaria eta enologoa, estrategian aditua eta nekazaritzaren zeharkako ikuspegia erakusten duena. Zifarren mahastiak bereziak eta bakanak dira, eta Lezarena da horren «errua», parte handi batean.

Upategia Peñafielen dago (Valladolid, Espainia), hiribilduko eraikin enblematikoenetariko batean, mudejar estilokoa. Upategi modernoa da, eta teknologia aldetik punta-puntakoa.

Ontze nabea lurpean dago, hezetasuna zein tenperatura egonkorrak mantenduz. Bostehun bat upel dituzte, gehienak frantziarrak eta gutxi batzuk amerikar jatorrikoak, 250 eta 500 litro bitarteko edukierakoak.

Beste proiektu askotan bezala, arrakastaren oinarria mahastietan dago: batzuk Pesquera de Dueron eta beste batzuk Quintanilla de Arriban. Mahasti ugari zaharrak dira, eta gainera, lurrak ezaugarri bikainak eskaintzen ditu ardo bikainak egiteko: alde batetik, eskaintzen duten fruta zoragarriagatik; eta bestetik, ematen duen azidotasuna ezinbestekoa delako zahartzeko asmoarekin egiten diren ardoetan.

Senda de los Olivos, Caballero Zifar eta Pago de las Sabinas dira upategiak merkaturatzen dituen markak. Caballero Zifar zuria albillo mahatsez egina dago, eta beste guztiak beltzak dira, denak ehuneko ehunean tempranillo mahatsez egindakoak.

Albillo mahatsez eginiko Caballero Zifar bikaina da, baina denetatik bat azpimarratzekotan, Pago de las Sabinas azpimarratuko nuke, beltza, ehuneko ehunean tempranillo mahatsez egina; altuerak eta lurrak bikaintasuna ematen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.