Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Cuencako neskatoa

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
La Niña de Cuenca izen bitxia dauka gaurko upategiak. Ledañan dago (Cuenca, Espainia), Jucar eta Cabriel ibaien artean, 700 metroko altuera inguruan. Lorenzo eta Valentin Lopez Orozco anaiek sortua da, 2016an. Modu ekologikoan lantzen dituzten 30-100 urte bitarteko mahastiak dituzte, lehorreko mahastiak, hartxintxar eta buztin-karezko lurretan. Muturreko klima pairatzen dute: oso euri gutxikoa ia urte guztian zehar, eta argitasun handikoa maiatza eta iraila artean, mahats aleen heltze motela bezain egokia ahalbidetuz. Bobal mahatsa da erregina.

Mahastiak familiarenak dira duela ehun urte baino gehiagotik. Ekoizpen txikiko ardoak dira, buztinezko tresketan hartzituak eta onduak. Mahasti zaharrak berreskuratzea da upategi honen erronka nagusia, alde batetik; eta tradiziozko lanketetara itzuliz, modu ekologikoan eta bertako mahatsak erabiliz aritzea, bestetik. Sorreratik dago Manchuela jatorri izenari atxikia.

Gurasoengandik jasotako mahastiak lantzen dituzte, eta haien adorea eta irmotasuna oinarri, aurrera doaz, gaur egun jasotako ikasketak alde batera utzi gabe: «Ardoa egin nahi dugu, gure lurraren eta gure lanaren ahaleginaren zaporea ezagutu nahi dugulako. Ardoa, jendea, zaporearen bitartez, inoiz egon ez den tokietara eraman nahi dugulako. Ardoa, gure arbasoekin zorretan gaudelako eta etorkizunarekin konpromiso bat dugulako, duela ehun urte gizon batek aihen bat lurperatu eta lur hauetan mahatsondoak landatuko zirela erabaki bazuen, eta gizon hura ondratu nahi badugu, modurik onena ardoa egitea delako».

Lopez Orozco anaiak dira upategiaren arima, baina ezin ahaztu Diego Morcillo Fortea, hura baita enologoa eta erabakirik garrantzitsuenak hartzen dituena.

Lau ardo egiten dituzte: beltzak bi, gorri bat eta beste zuri bat. Beltzak —Rubatos eta Ildania—, bobal mahatsez eginak dira, eta gorria —Velvet & Stone— ere bai. Orovelo zuria, berriz, Albilla de Manchuela mahatsez eginda dago.

Ildania da nabarmenduko nukeen ardoa, baina beste hirurek ere merezi dute, eta asko gainera. Bitxia bada ere, lau ardook buztinezko tresketan ontzen dituzte eta emaitza benetan bikaina da!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.