Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Espero ez genuen alaba

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Jose Antonio Lopezek sortu zuen Compañia de Vinos Trico. Hark esaten duen moduan, «aurretik beste upategi batzuetan eta beste kide batzuekin izandako esperientzia guztiak laburbiltzeko asmoarekin sortu nuen proiektu hau, bakarkako ibilbide bati ekiterakoan indarra bermatzeko, lurraren benetako isla izango diren ardoak egiteko, inongo kontzesiorik gabe».

Inguruari oso lotuta dagoen proiektu bat da, eta osagai guztiak helburu baten zerbitzura jarrita daude: albariñoaren benetako izaera erakutsi, mahatsaren benetakotasuna azpimarratuz.

Salvaterra de Miñon (Pontevedra, Galizia) dago upategia, eta mahastiak, berriz, Salvaterra, Valeixe, As Neves eta Arbosen; denak ere Rias Baixasko Condado eskualdean.

Jose Antonio Lopez, besteak beste, Lusco eta Fefiñanes upategietan aritu da, Trico bere proiektu pertsonala martxan jarri aurretik. Trico hitza Galiziako zenbait lekutan erabiltzen da, ia espero ez direnean, berandu, heltzen diren seme-alabak izendatzeko; beraz, metafora aproposa dela esango nuke, izen egokia upategiari jartzeko.

2007an merkaturatu zen Trico, lehenengo albariñoz eginiko ardoa. Ohiko albariñoak baino zahartzeko gaitasun eta potentzial handiagoarekin. Uztaldi honetan, gainera, oso nabarmen geratu zen partzela jakin batzuek eskaintzen zuten indarra eta berezitasuna, geroago mahasti jakin batzuetako ardoak egiteko; urteak igaroz joan ahala, upategiak merkatuan jarriko zituenak.

Compañia de Vinos Trico esperientzia pertsonalekin oso lotuta dagoenez, botiletako etiketek ere proiektu guztian sumatzen den espiritua islatzen dute. Etiketa bakoitzak familia eta tokiarekin zerikusia duen istorio bat islatzen du, garai baten isla, alegia. Etiketetako marrazki guztiak Jose Antonioren amaren eskola koaderno batetik ateratakoak dira.

Baina ardoei begiratuko diegu... eguraldiak eta lurrak baldintza bereziak, bikainak, eskaintzen dituztenean, mahastiak ere izaera berezia erakusten du. Hori gertatu zen 2010ean, adibidez. Depositu jakin batek ohikoa baino gradu gehiago eskaintzen zuela eta ezaugarri bereziak zituela ikusita, depositu hori beste inongo ardoarekin nahasi gabe botilaratzea erabaki zuten, toki jakin batek eskaintzen zuen berezitasuna azpimarratuz. Horrela sortu zen Nicolas ardoa. Konplexua, bolumen handikoa, heldua, galanta... eta natura hain eskuzabal agertzen den bakoitzean, Nicolas ardoa egingo zutela erabaki zuten.

Hurrengo urtean, 2011n, Tabla de Sumar sortu zuten, ardo sinpleagoa, errazagoa, urtean zehar edateko; ez gordetzeko aurrekoa bezala.

Gero Claudia ere agertu zen, dotoreagoa, finagoa, ez Nicolas bezain boteretsua, baina lurrintsua eta bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.