Mobilizazioak Euskal Herrian

Tsunamiaren olatua, Bidasoaraino

Biriatuko muga kolapsatu dute ehunka herritarrek, autoz. Tsunami Demokratikoak egin du deia: «Katalunia eta Euskal Herriarentzako eskaintza demokratikoaren garaia da». Hamazazpi kilometrorainoko ilarak sortu dira

Tsunamiaren olatua, Bidasoaraino.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta - Jon O. Urain
Biriatu-Donostia-Oiartzun
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Buruzagi independentista katalanen aurkako zigor epaiari erantzuteko sortutako Tsunami Demokratikoaren zipriztinak Euskal Herrira heldu ziren atzo arratsaldean. Ipar Kataluniaren eta Kataluniako printzerriaren arteko Jonquerako muga mozteko mobilizazioaren bigarren egunean, Kataluniatik Euskal Herrira luzatu zuen deia Tsunami Demokratikoak, goizeko hamaiketan, katalanez eta euskaraz: 18:00etatik aurrera, Biriatuko ordainlekua kolapsatzeko eskatu zuen, Barraskilo operazioaren bidez; alegia, auto multzo bat orduko 60ko kilometrora joanda, auto ilara sortzeko.

«Bi nazioak aspalditik gabiltza gure eskubide demokratikoen alde lanean eta horrek estatuarekin talka egitera eraman gaitu, azaldu zuen zabaldutako oharrean: «Katalunia eta Euskal Herriarentzako eskaintza demokratikoaren garaia da». Tsunamiaren arabera, «arazoa ez da Katalunia edo Euskal Herria», Espainiako Estatua baizik, «ez delako gai bizi duen lurralde auziari irtenbide demokratikoa emateko».

Koordinaziorako, hitzordu ugari jarri zituzten Euskal Herriko zenbait puntutan: gipuzkoarren topagunea Garberako merkataritza zentroko aparkalekua izan zen, 17:30ean, eta Bilbotik, Gasteiztik eta Ondarroatik (Bizkaia) ere abiatu ziren taldeak, 16:00etan. Ipar Euskal Herrian, berriz, Urruñan jarri zuten elkargunea, Gipuzkoarako noranzkoan ere errepidea blokeatzeko.

Garberako aparkalekuan, garaiz elkartu zen Tsunamiaren deiarekin bat egin zuen jendea. Obretan dago merkataritza zentroa, handitze lanetan, eta gasolindegi ondoan dagoen aparkalekuan apenas zegoen autorik arratsaldeko bostetan. Hogei minutuan, ordea, bete egin zen gune hori, Behobiarako bidea hartzeko prest zeuden auto gidariekin. Hala erakusten zuten batutako autoen apaindurek: Kataluniako bandera independentistak, ikurrinak, euskal presoen etxeratzearen aldeko banderak eta herri indigenaren aldekoak zera- matzaten askok, Boliviak egunotan bizi duen egoera gogoan.

Horietako bat zen Joxean Artola. Taldetxoa osatuta joan ziren Garberara aurrena, eta Oiartzungo ordainlekurantz gero, «Kataluniarekin egiten ari direna» salatzeko: «Prozesua hasi zenetik urtero joaten naiz, Diadan ere bai, lagunak dauzkat, identifikatuta sentitzen naiz». Halere, «bereziki euskal herritarren eskubideen alde» erabaki zuen taldeak errepideko deialdiarekin bat egitea, «Espainiako Estatuari bere lekuan jartzeko gauzak». Antzera mintzatu zen Juanmi Galatas: katalanei elkartasuna adierazteko eta «geure burua aldarrikatzeko» asmoz hartu zuen autoa: «Hemen antzeko arazoak dauzkagu, eta ea, haien itzalean besterik ez bada, esnatzen hasten garen». Izan ere, uste du Euskal Herrian «lotan» dagoela gizartea, eta espero du Tsunami Demokratikoak euskal herritarrak «zipriztintzea».

Ilarak, Astigarragaraino

Auto multzoa 17:45 inguruan abiatu zen Garberatik: 500dik gora gutxienez. Ordurako, sortuak ziren buxadurak: arratsaldeko lauretarako, sei kilometroko ilarak zeuden Biriatun, Baionarako noranzkoan. Izan ere, herenegun, Frantziako Estatutik zirkulatzeko debekua zuten kamioiek, eta atzo pilatu ziren gehiago; goizean ez zen aparteko arazorik izan AP-8an eta A-63an, baina bai, ordea, arratsaldeko lehen orduetan. Oraindik protestara joatekoak ziren ibilgailuak falta ziren, eta, 18:00etatik aurrera, erabat kolapsatu zen Biriatu eta Oiartzun arteko bidea. Luzatuz joan zen ilara, 20:00 aldera hamazazpi bat kilometroko luzera hartzeraino. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugatik ia Astigarragaraino heldu ziren ordu horretan. Sare sozialetan ere oihartzuna izan zuen deialdiak, eta #EuskalTsunamia traola Espainiako Estatuko joera izan zen Twitterren.

Tsunamiak deialdia egin eta ibilgailuak protestara joan bitartean, Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak manifestazio eta adierazpen eskubideak aitortu zituen, baina erantsita «lurralde osoan aske mugitzeko eskubidea ere» bermatu beharra zegoela. Guardia Zibila aurrez saiatu zen oztopoak jartzen: kontrolak ezarri zituen Durangon eta Donostiako ospitaletako biribilgunean. Buxadura arintzen saiatzeko, Ertzaintzak Behobiako irteeratik aterarazi zituen autoak, Lapurdiko mugara ailegatu ez zitezen, eta Frantziako Poliziak ere autobiderako sarbideak itxi zituen; areago, errepidetik gertu zeuden gutxienez sei oinezko identifikatu zituen. Horrela, autobidean sortutako eragozpenak inguruko bigarren mailako errepideetara zabaldu ziren iluntzerako. N-121 errepidean, hiru bat kilometroko ilarak sortu ziren, Beratik Irunerako bidean.

Urruñatik Irunera, arinago

Protestara joandako zenbait herritarrek Ertzaintzaren jokabidea kritikatu zuten, eta, Andoni Rojo EH Bilduko Espainiako Kongresurako hautagaiak, esaterako, salatu zuen ertzain batek atzerako ispilua apurtu ziola, kolpe bat emanda. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu zuenez, Ertzaintzak identifikatu egin zituen «zirkulazioa eragozten» ari ziren gidarietako batzuk.

Lapurditik Gipuzkoarako norabidean, berriz, zirkulazioa arinagoa izan zen. Aitzitik, Sakanatik joandako hiru autok bidea moztea erabaki zuten, eta autobide erdian geratu ziren. Ordu erdiz izan zuten bidea trabatuta. Horrela, Biriatuko ordainleku inguruetan, kamioi ilarak ziren nagusi. Hain justu, kamioilariak izan ziren deialdiaren ondorioek kalteak eraginiko langileak. Hiru sindikatuak Euskadi Irratian esan zuen ulertzen dituela mobilizazioak eta protestarako eskubidea defendatzen duela, sektoreari kalte egiten badiote ere.

 


Argazki bilduma

Tsunami Demokratiakoak amaitutzat eman du hiru eguneko mobilizazio jarraitua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.