Koronabirusa

Orain arteko positibo kopururik handiena zenbatu dute Nafarroan

Egun bakarrean 907 kasu detektatu dituzte Hegoaldean, eta Nafarroari dagozkio ia erdiak: 449. Inoiz baino lagun gehiago daude foru erkidegoko ZIUetan birusagatik erietxeraturik

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenetik aitzina, etenik gabe ari da goraka kutsatuen kurba Hego Euskal Herrian. 907 kasu atzeman zituzten herenegun, aurreko egunean baino 53 gehiago. Gipuzkoan izan ezik, Hegoaldeko lurralde guztietan ugaritu dira kasuak. Dena dela, bereziki kezkagarria da Nafarroako joera. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta, hain justu, hari dagozkio Hegoaldeko kasuen ia erdiak.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 449 kasu zenbatu zituzten herenegun. 3.208 PCR egin zituzten guztira, eta %14k eman dute positibo. Adierazle horri dagokionez, azken hiru asteetako daturik makurrena da herenegun egindako probetakoa. Ordea, ehuneko hori ez da askorik urruntzen astelehenetik aurrera erregistratutakoetatik. Ordutik, asteartean salbu, tasa egunero izan da %10 baino handiagoa. Horiek horrela, oraindik ere urrun dago Nafarroako Gobernuak helburutzat zehaztutako tasa: %5.

Nafarroan 100.000 biztanleko 652ri atzeman diete birusa hamalau egunean. Hegoaldeko gainerako herrialdeetan, berriz, batek ere ez du gainditu 300eko langa.

Kutsaldia eteteko mugak

Nafarroako Gobernuak neurri murriztaile gehiago ezarri ditu gaurtik Erriberako zenbait herritan, azkenaldian nabarmen ugaritu baitira kasuak. Neurriek sei herriri eraginen zietela iragarri zuen ostegunean, baina beste herri bat gehitu du zerrendara: Fustiñana. Hala, Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon, Cintruenigo eta Fustiñana daude neurriekin mugatuta. Cadreitan da handiena intzidentzia: 100.000 biztanleko 2.698 biztanleri atzeman diete birusa hamalau egunean. Gainera, indarrean segitzen dute izurritea gelditzeko neurri bereziek Azkoienen, Funesen eta Faltzesen. Azken bi horietan, mugak arindu egin dira, datuak hobetu baitira.

Nafarroan erregistratutako intzidentzia tasak oso handiak dira herrialdeko beste eremu batzuetan ere, ekialdean eta ipar-mendebaldean, kasurako. Dena den, aintzat hartu behar da askoz jende gutxiago bizi dela herri horietan, eta tasan errazago izan daitezkeela gorabeherak, aurkitutako kutsatuak gutxiago izan arren.

Hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian 199 zenbatu ditu Osakidetzak, bezperan baino lau gehiago. Gipuzkoan 191 izan dira, aurreko egunean baino bat gutxiago. 61 positibo erregistratu dituzte Araban, bezperan baino hiru gehiago.

Beteago daude ospitaleak

Azken datuen arabera, 64 pertsona eraman zituzten ospitalera herenegun gaitzagatik Hegoaldean, bezperan baino hamar gehiago. Oraintxe bertan, birusarekin eri diren 496 lagun daude ospitaleetan. Berriz ere, Nafarroakoak dira erdiak baino gehiago: 259.

ZIUetan ere gora egin du gaixo kopuruak. 82 lagun daude Hegoaldean, bezperan baino zortzi gehiago. Nafarroakoak dira 30. ZIUetako gaixo kopurua bigarren olatuko handiena da Nafarroan, hain zuzen. Gobernuak jakinarazi du herenegun lau pertsona zendu zirela koronabirusarengatik, gizonak denak ( 58, 76, 80 eta 97 urte). Gainera, zahar etxeetako lau egoiliar zendu dira COVID-19aren ondorioz azken orduetan: hiru Gipuzkoan eta bat Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.