Elizaren sexu abusuei buruzko lege «aitzindaria» onartu dute Nafarroan

Arauak biktimen «aitortza» bermatuko du delitua preskribatuta dagoen kasuetan. Babes ia erabatekoa jaso du foru legeak: Navarra Sumak bakarrik bozkatu du kontra

Abusuen biktimak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Badute heldulekua. Ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak pairatu eta epaitegietan justizia lortu ezin izan dutenek aitortza eta «erreparazio morala» lortu ahalko dituzte Nafarroan, biktimen aitortzarako foru legea onartu baitute legebiltzarrean. Nafarroako Gobernuari eusten dioten hiru taldeek aurkeztu zuten lege proposamena —PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k—, baina sostengu ia erabatekoa lortu du testuak tramitazio parlamentarioan, EH Bildu eta Ezkerra ere batu baitzaizkie. Aldeko botoa eman dute denek, Navarra Sumak izan ezik. Parlamentuko areto nagusian ziren biktimek gogor kritikatu dituzte Iñaki Iriarteren hitzak; aldiz, txalo zaparrada batekin agurtu zuten legea aurrera atera izana.

Legearen xedea da «preskribatutako sexu abusu kasuei estaldura ematea» eta «oroimen kolektibora gehitzea urteetan ezkutatua izan den errealitate bat, justizia auzitegietan plantea litezkeen prozesu zigortzaile eta auzibideez gaindi». Zehazki, legeak biktima izaera aitortuko die ikastetxe erlijiosoetan abusuak pairatutakoei. Kasu bakoitza «zorrotz eta banan-banan» aztertuko dute. Horretarako, aitortzarako batzorde bat sortuko du Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak: bederatzi adituk osatutako organo bat, kide anitzekoa eta independentea. Hilean behin bilduko da batzorde hori, eta testigantza bakoitza aztertuko du, salaketa aurkeztu duenari biktima izaera aitortu edo ez erabakitzeko. Hilabete bateko epea izanen du horretarako.

Atzoko eztabaida parlamentarioan, Navarra Sumaren jokabidea txarretsi zuten sexu abusuen biktimek. Aurreko bilkura batean, Iriarte legebiltzarkideak alderatu egin zituen Eliza katolikoaren sexu abusuak eta inuiten kulturan gertatutakoak. Konparazio horren bidez, eledun eskuindarrak adierazi nahi izan zuen abusuak «fenomeno orokorra» direla eta Eliza katolikoarenak soilik ikertzea instituzio hori «kriminalizatzea» dela. Argudio horrekin haserre azaldu dira sexu abusuen biktimak, eta, protesta gisara, inuit mozorroak jantzi zituzten Navarra Sumaren txandan.

Iriartek «penaz» hartu zuen biktimen protesta: «Badakigu zer dagoen jokoan: haurrak zirela abusu lazgarriak pairatu zituzten pertsona batzuen aitortza. Baina kontrako botoa eman dugu, lege batek ezin baitu urratu berdintasun printzipioa. Ezin dugu biktima izaera erasotzailearen erlijioaren arabera aitortu».

Biktimekin konprometituta

PSNko Virginia Magdalenok abusuen auzia «ikusgai» paratzearen garrantzia nabarmendu zuen: «Elizak urrats txikiak egin ditu Espainian, baina gizarteak egia nahi du. Talde parlamentarioek erantzun bat eman behar dugu, eta hori da, hain zuzen, lege proposamen hau». Navarra Sumari egotzi zion biktimak «ilunpean» mantendu nahi izatea.

Geroa Bai taldearen izenean, Blanca Regulez parlamentariak «konpromiso osoa» adierazi zien biktimei: «Giza eskubideen urraketa pairatu duten biktimak dira eta, zio historiko edo sozialengatik, ez zaie eman biderik egia, memoria eta justizia lortzeko. Lege hau onartzea biktimek merezi duten justizia eskaintzea da, parlamentuak horretarako dituen eskuduntzen barruan, betiere».

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak nabarmendu zuen Elizaren biktima gehienek ezin izan dutela ordainik lortu, delitu gehienak preskribatuta daudelako. «Pertsona hauek bi aldiz izan dira biktimizatuak, abusatuak eta isilaraziak, eta lege hau urrats garrantzitsua da aitortza lortzeko».

Mikel Builek, Ahal Dugu-ko bozeramaileak, eskerrak eman zizkien biktimei, «ahotsa goratu eta gertatutakoa salatzeagatik». «Horri esker, biktimen aitortzarako espazio ofizial bat duen lehen erkidegoa da Nafarroa».

Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek zera nabarmendu zuen, «gehiengo parlamentario oso zabal batek» legea babestu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.