Sexu-indarkeria delituei buruzko kontsultak bikoiztu egin dira urtebetean

Jaurlaritzaren Satevi zerbitzuak 1.427 andre artatu ditu ekainera arte: gehienetan, erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia da. Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen

Sexu erasoen aurkako arreta gunea, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistak, edozein forma hartzen duelarik ere, ez du etenik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sexu indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzuak, Satevik, jakinarazi du ia bikoiztu egin direla sexu askatasunaren aurkako delituekin lotutako kontsultak, iazko datuekin alderatuta. Guztira, 1.427 deiri erantzun diete urtarriletik ekainera bitartean, eta horietatik 37 izan dira sexu askatasunaren aurkako delituen ingurukoak. Iazko epe berean, hogei dei jaso zituzten arreta zerbitzuan bortxa mota horri lotuta.

Fenomenoa ez da unean unekoa edo bakana, igoera jarraitua izan baita hilabetetik hilabetera: hala, sexu askatasunaren aurkako delituen biktima izandako zazpi emakume artatu zituzten 2021eko lehen hiruhilekoan; hamahiru urte hartako apiriletik ekainera; hamabost izan ziren 2022ko urtarriletik martxora bitartean, eta 22, berriz, aurtengo ekainera arte.

Joera horrekin kezkatuta azaldu dira Satevi zerbitzuko arduradunak, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela sentsibilizazio kanpainei eustea, «eraso mota horiei buruz hitz egin dadin eta biktimengan eta gizartean kontzientzia handiagoa izateko». Zerbitzuko kideek gaineratu dute halako kanpainak funtsezkoak direla «biktimek edo haien hurbileko pertsonek informazioa, orientazioa, laguntza emozionala eta prozesuan laguntzeko eska dezaten».

Sexu askatasunaren aurkako delituetan emakumeak erasotzailearekin duen harremanari dagokionez, gertaera horien berri eman duten emakume gehienek erasotzailea ezagutzen zuten: «Ikaskideek edo lanekoek, lagunek, nagusiek edo profesionalek eraso egin zieten; hala nola, erregistratutako adibide bat aipatzearren, ginekologoak». Biktimarekin inongo loturarik edo harremanik ez zuten gizonezkoen erasoak ere erregistratu ditu Satevik, baina, datuek erakusten dutenez, askoz bakanagoak dira.

Sateviren arabera, deiak «unean unekoak» izan ohi dira; hau da, biktimek dei bakarra egiten dute beren egoera azaltzeko, eta gutxitan egiten dute dei bat baino gehiago. Eskaera esplizitua duten deiak izaten dira, laguntza emozional eta psikologikoa edo salaketa jartzeko moduari buruzko informazioa lortzeko.

Bikote barruan gehienetan

Satevik, etxeko indarkeriaren edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzuak, emakumeen aurkako edozein indarkeria motarekin lotutako deiak jasotzen ditu. 2022ko lehen bi hiruhilekoetan, 1.427 kontsultari erantzun die guztira. Ia %90 bikotearen edo bikotekide ohiaren indarkeriarekin lotuta zeuden; gainerako kontsultek, berriz, lotura dute familia barruko indarkeria matxistako eta sexu askatasunaren aurkako delituekin.

Eusko Jaurlaritzak kasu horietarako prestatutako 900 84 01 11 telefono linea berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da, eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan. Egunean 24 orduz dago erabilgarri, urteko 365 egunetan, eta profesionalek ematen dute arreta; batez ere, psikologoek, hezitzaileek eta gizarte langileek. Bestalde, zerbitzua egokituta dago entzuteko edo hitz egiteko ezintasuna dutenei arreta emateko.

Bi atxilotu Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen igandean. Alde batetik, 26 urteko gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohiari eraso egiteagatik; emakumeak salatu zuenez, kalean hasi zitzaion irainka, eta, etxera iritsita, eraso egin zion. 36 urteko gizon bat ere atxiki zuten, emakume batek haren kontra jarria zuen urruntze agindua urratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.