Albistea entzun

Jaurlaritzak gaitzetsi egin du gerra «gatazkak ebazteko bide gisa erabiltzea»

Turtziozen egin dute asteroko bilera, Agirre lehendakariaren gobernua han ezarri zenetik 85 urtera. Frankisten altxamendu militarra eta diktadura arbuiatu dituzte
Jaurlaritzako kideak, atzo, Turtziozen.
Jaurlaritzako kideak, atzo, Turtziozen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko ekainak 29

Eusko Jaurlaritzak Turtziozen (Bizkaia) egin du Gobernu Kontseiluaren aste honetako bilera; hala, gomutan hartu nahi izan du Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen gobernua ere han ezarri zela duela 85 urte, armada faxistak Bilbo hartu ostean. Urteurren horren harira, Jaurlaritzak adierazpen bat onartu du «legez eratutako Errepublikaren erregimenaren aurkako altxamendu militarra» gaitzesteko eta «gatazkak ebazteko baliabide gisa indarra erabiltzea» arbuiatzeko.

Gerra garaiko Jaurlaritzak 1937ko ekainaren 16an egin zuen azken bilkura Bilbon. Hiru egun geroago, armada faxista Bilbon sartu zen, eta Jaurlaritzako kideek ihes egin behar izan zuten handik, milaka eta milaka herritarrekin batera. Behin-behinean, Jaurlaritza Turtziozen egokitu zen, Bizkaiak Espainiarekin duen mugatik oso gertu, eta La Puente jauregia hartu zuen egoitzatzat. Laster Hego Euskal Herriko lurralde osoa frankistek okupaturik egongo zela jakinda, Agirrek adierazpen bat egin zuen ekainaren 30ean: «Lurraldea konkistatuko dute; Euskal Herriaren arima, ordea, ez. Gure gurasoen lurra berreskuratzeko itzuliko gara».

Gertaera historiko horiek gogoratzeko, Jaurlaritzak Turtziozen egin du asteroko bilera, La Puente jauregian, duela 85 urte Agirreren gobernuaren egoitza izandakoan. Eta, bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, faxisten altxamendua gaitzetsi eta gatazka armatuen inguruko bere jarrera finkatzeko.

Elkarrizketaren alde

Adierazpenean, Jaurlaritzak «gerra oro» gaitzetsi du, eta, horrekin batera, «horren azalpenik berriena, Errusiaren Ukrainako inbasioa». Halaber, «indarkeriarik eza, elkarrizketa, multilateralismoa eta giza eskubideen defentsa» eskatu ditu nazioarteko harremanen oinarrizko printzipio gisa.

Frankismoaren kontra aritu ziren gudari eta milizianoei omenaldia egin die Jaurlaritzak adierazpenean, eta, horrekin batera, bakearen, askatasunaren, demokraziaren, autogobernuaren, gizarte justiziaren, errespetuaren eta elkarrizketaren balioak berretsi ditu bere jardueraren printzipio gisa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Etxeratek joan den astean Donostian egindako protesta. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Beste sei euskal preso jarri dituzte hirugarren graduan azken hilabetean

Berria

Guztira, 23 presori eman diete hirugarren gradua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik.

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala

2021eko Ospa! eguna, Altsasun. ©Maialen Andres / FOKU

Ospa Eguna irailaren 3an egingo dute Altsasun

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako polizia indarrak herritik joan daitezela eskatuko dute Altsasun, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean.

Blboko agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Gotzon Hermosilla

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...