Albistea entzun

Independentzia eskatu dute Frantziaren besta egun nazionalean

Jende andana bildu da Donibane Lohizunen egin duten protestan. Askotariko aldarrikapenak oihukatu dituzte, eta pintura bota dute higiezin agentzien kontra
Donibane Lohizuneko hondartza bazterreko pasealekutik igaro da manifestazioa.
Donibane Lohizuneko hondartza bazterreko pasealekutik igaro da manifestazioa. PATXI BELTZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko uztailak 15 - Donibane Lohizune

Kateak hautsiz, herria defendatu. Independentzia! lelopean, dozenaka jendek protesta egin dute Donibane Lohizunen (Lapurdi), Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Hondartza bazterreko pasealekuan eta hiri erdiko karriketan ibili dira, askotariko aldarrikapenak oihukatuz, eta zenbait higiezin agentziaren kontra ere egin dute. Antolatzaileek ez dute adierazpenik egin.

Frantziako Errepublikaren egun nazionala da uztailaren 14a, 1789ko iraultzan gertatu zen Bastillaren hartzearen eguna. Ipar Euskal Herrian, protestak antolatu izan dituzte urteetan ezkerreko abertzaleek; iaztik, U14 kolektiboak hartu du bere gain mobilizazioa antolatzea, «borroka egun» izendatuta. Iazko mobilizazioa istilu batzuekin bukatu zen, Jean François Hirigoien auzapeza herriko etxeko hesian eskegita zegoen pankarta kentzen entseatu zenean. Bultzaka aritu zen manifestari batzuekin, eta irain keinu bat eginez lekutu zen azkenean. Handik aste batzuetara, lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak, auzapezari eraso egitea leporatuta; baina kargurik gabe aske utzi zituzten azkenean.

Horiek horrela, ikusmina zegoen aurtengo manifestazioari begira. 17:00etarako deitua zuen protesta U14 kolektiboak. Uda giro betean, jendetza zegoen, atzo arratsaldean, Luis XIV.aren plazako ostatuetako terrazetan. Inguruan, uniformedun polizia andana plazako sarrerak zaintzen: manifestaziora joateko itxura zutenak miatu zituzten, baita kazetariak ere. Pixkanaka, jendea biltzen hasi zen plazan, eta, momentu batean, pankarta atera eta manifestazioan abiatu ziren «uztailak 14 borroka eguna» oihuen artean.

Manifestariak hondartza bazterreko pasealekuan sartu ziren lehenik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak oihukatzen zituztela. Manifestazioa pasatu ahala, harrituta begiratu zieten hondartzako turista askok: batzuk telefonoarekin grabatzen, beste batzuk amorratuak; eta izan ziren begirunez hartu zituztenak ere. Manifestazioak aurrera egin ahala, burua estalia zuten manifestari batzuek independentziaren aldeko pankarta bat atera zuten hondartza bazterrean, bengala batzuk piztuta.

Hondartza bazterretik urrundu, eta hiri erdiko karriketan barna abiatu ziren ondoren. Momentu horretan, pinturaz betetako arrautzak bota zituzten zenbait higiezin agentziaren kontra; horietako batzuk turismorako etxebizitzak alokatzera berezituak dira. «Euskal Herria ez da salgai» oihuekin babestu zuten ekintza protestan parte hartzen ari zirenek.

Herriko etxearen aitzinera iritsi zirenean, iaz bezala, manifestariek pankarta bat eskegi zuten hango hesietan. Frantziako poliziaren batzuk zeuden bertan, prest, baina ez zuten esku hartu, eta auzapeza ere ez zen agertu. Eusko gudariak kantatu ondotik, manifestariak inguruko karriketatik sakabanatu ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. ©Fernando Villar / EFE

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Paulo Ostolaza

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

Iruñeko zezen plaza, uztailaren 14ko arratsean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Aske utzi dituzte Mutilzarra peñaren salaketaren harira Iruñean atxilotuak

Uxue Rey Gorraiz

Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, uztailaren 14an Iruñeko zezen plazan izandako istiluekin lotuta. Aske dira, baina epaileak deklaratzera deituko ditu. Gorroto delitua egozten diete. Mutilzarraren arabera, hainbat pertsonak eraso egin zieten peñako zenbait kideri.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Torturak erabat baldintzatu du ihes egiteko erabakia»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1960tik gaur egun arte arrazoi politikoengatik ihesean bizi izan diren euskal herritarren historiak bildu dituzte Doraik eta Pratek 'Bestaldean' liburuan. Nabarmendu dute askotarikoak direla bildutako bizipenak.
Foro Sozialaren agerraldi bat, uztailean. ©Monika del Valle / Foku

Foro Sozialak «etsigarritzat» jo du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena

Iosu Alberdi

Kritikatu du aurreproiektuak biktimen «birbiktimizazioan» sakontzen duela. Moncloari eskatu dio inbestidurako blokearekin akordioak lortzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...